Alergiaren bat dutenek urteko hainbat sasoitan nola, futbol taldeek urtarril eta otsail aldean izan ohi dute zailtasun gehien arnasa lasai hartzeko. Bai, behintzat, hiruzpalau egunean behin jokatzen ari direnek. Eta Athletic ez da salbuespena. Emaitzek ez ezik, horixe erakusten du Ernesto Valverderen taldearen jokoak ere. Iazko urtea distiratsu amaitu ondotik, komeriak dituzte aurten, urtarrileko aldapa malkartsua egiten ari baitzaie. 2025a hasiz geroztik, hiru porrot bildu ditu, berdinketa bat eta bi garaipen; horietako bat penaltietan, talde askoz apalago baten aurka: Logroñes. Krisi hitza aipatzea ez litzateke bidezkoa inondik ere, baina olatua ezin hartuz dabiltza zuri-gorriak. Egutegiaren zamak eragindako neke fisiko eta psikologikoaz gain, hainbat arrazoi topa daitezke taldearen txakalaldia azaltzeko.
Oihan Sancet falta
Ezbairik gabe, Oihan Sancet min hartuta egoteak nabarmen kalte egin dio Athletici. Iazko azaroan min hartuta egon zen bi astez, baina denbora gehiago beharko du oraingo lesioa sendatzeko, eskuin hankako orkatilan izan duena. Abenduaren 21ean min hartu zuen Sadarren, eta joan den igandean itzuli zen lehiara, San Mamesen, Leganesen aurka. Ordu laurden besterik ez zuen jokatu. Nafarrak hilabete pasa egin du zelaitik kanpo. Bada, Valverderen taldeak sufritu egin du tarte luze horretan, eta bi txapelketatan ibilbide motza izan du: Espainiako Kopan eta Superkopan. Sancet gabe, sormen jokoan arazoak izan dituzte zuri-gorriek, eta golari begira ere bai. Izan ere, nahiz eta taldekideek baino gutxiago jokatu duen, Sancet da taldeko golegile nagusia: zortzi sartu ditu guztira. Gola egiteko bi pase ere eman ditu.
Haren lekua betetzeko asmoz, hiru jokalariren aldeko apustua egin du Valverdek punta erdiaren lanetarako: Unai Gomez, Berenguer eta Nico Williams. Hiruretako inork ez du behar bezala erantzun. Taldeari patxada eta inspirazioa falta izan zaizkio zelaiaren hiru laurdenetatik aurrera, eta buruhausteak izan ditu entrenatzaileak. Hots, lasaitua hartuko du Sanceten itzultzean. Bat itzuli eta bestea joan, ordea: Iñigo Ruiz de Galarreta. Hilabete inguru egingo du lehiatik at.
Sendotasunik ez atzean
Azken partidetan gol ugari sartu dizkiote Athletici, eta horixe da, hain zuzen, beherakadaren beste arrazoietako bat. Sasoi honetan inork ez zizkion hiru gol sartuak, harik eta Osasuna San Mamesera iritsi zen arte, Kopako final-zortzirenetan. Zuri-gorriek 2-3 galdu zuten, eta agerian geratu ziren atzeko lerroan izan zituzten arazoak. Istripu hura ez zen bere horretan geratu, astebete geroago 4-1 galdu baitzuen Athleticek Besiktasen zelaian. Europa ligako lehen porrota mingarria izan zen, aurkariak lau gol sartzea ez baita inoren gustukoa. Ligari dagokionez, gol gutxien sartzen dieten taldeetan laugarrena da Valverderena: hemezortzi sartu dizkiete 21 jardunalditan. Soilik Atletico Madrilek, Realak eta Getafek hartu dituzte gutxiago. Hots, datu on horiei eusteko, Athleticek aldatu egin beharko du azken partidetako joera.
Hutsegite indibidualen ondorio izan dira aurkarien gol gehienak. Aitor Paredes azaldu da argazki batean baino gehiagotan, eta tokia galdu du hasierako hamaikakoan. Atezainek ere sufritu dute, batez ere Julen Agirrezabalak. Hark jokatu ditu Kopako eta Europa ligako partidak. Lezaman oso garbi dute goi mailako atezaina dela, baina ez dago boladarik onenean. Gainera, Unai Simon bere onera itzultzen ari da. Ikusi beharko da aurrerantzean zein izango den Valverderen apustua lehiaketa bakoitzean.
Inspiraziorik ez erasoan
Bi areetan ari da kamuts talde zuri-gorria. Atzean ez ezik, erasoan ere inspirazioa falta dute jokalariek. Leganesen aurka agerian geratu ziren iraganeko mamuak. Athleticek 29 erremate egin zituen guztira, hamasei korner izan zituen alde, eta ez zuen gaitasunik izan golik sartzeko. Nico Williams eta Gorka Guruzeta joan den sasoiko mailatik urrun daude oso. Williams anaietan gazteenak uda zaila izan zuen hainbat zurrumurru zirela eta, eta ordukora iritsi ezinik dabil. Saiatu ez delako damurik ez du, baina badirudi aurkariek neurria hartua diotela. Guruzeta, berriz, konfiantza galduta dago. Hamalau gol sartu zituen iragan sasoian, eta bost daramatza orain. Haren premia badu taldeak.
Ordezkoen ekarpena, apala
Ordezko jokalarien ekarpena oso apala izan da orain arte. Solik Andoni Gorosabelek eta Adama Boirok erantzun dute bete-betean. Zelai erdian, Mikel Vesgaren ordua iritsi da. Erasoan, berriz, hainbat ordezkori ez die zukurik atera Valverdek: Nico Serrano eta Alvaro Djalo dira markatuenak. Baliteke lehena utzita irtetea datozen egunetan, eta bigarrena prest dago berriro jokatzeko, min hartuta egon baita. Hura fitxatzeko hamabost milioi euro ordaindu zituen Athleticek, baina ez du fruiturik jaso, oraingoz.
Besteak beste, Europa ligako lehen fase luzea bihar amaituko du Athleticek, etxean, Victoria Pilsenen aurka, eta berdinduz gero zuzenean sailkatuko litzateke lehen zortzien artean. Horrek zera ekarriko luke: martxora arte burua soilik ligan izatea, hiruzpalau egunez lehiatu beharrik gabe. Freskotasuna berreskuratzeko, horixe litzateke modurik onena.