Argentinan, futbola kirol bat baino gehiago da. Bizitzeko modu bat da, eta egunerokoan bizi ditugun arazoak ahazteko modu bat». Malena Cavo eta Shula Gavilan Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak eta Federico Gallo Ordizia errugbi taldeko teknikaria gertutik erreparatzen ari zaizkio euren selekzioa Qatarren egiten ari den bideari. Zale argentinarren moduan, pasioz hitz egiten dute. «Handia litzateke igandean Argentinak Kopa altxatzea, bai herrialdearengatik, baita Messirengatik ere. Hain jokalari handia izanda, merezi du Munduko Kopa irabaztea, eta azken aukera du horretarako», dio Gallok.
Antzera mintzatu dira Cavo eta Gavilan. Taldekideak ere «argentinar» bihurtu dituztela nabarmendu du Cavok. Haien etxean elkartu dira ia partida guztiak ikusteko. «Elastikoak-eta uzten dizkiegu, eta denak aritzen gara animatzen». Hauxe gehitu du Gavilanek, irribarrez: «Emma Boada konbentzitzea izan da errazena. Messiren zalea da; beraz, hasieratik nahi zuen Argentinak irabaztea. Alicerekin [Silva] eta Marianerekin [Fernandes] kontua bestelakoa izan da. Badakizu, brasildarrak dira...».
Donostiako taberna batean ikusi zuten finalerdia. «Argentinarrez beteta zegoen, eta ederra izan zen partidaz sorterriko jendearekin batera gozatzea. Gu ere harritu egin ginen hainbeste jende ikusita. Lagunek eta senideek esaten digute Argentinan eromen hutsa izaten ari dela». Biek garbi dute zein diren bi unerik berezienak: ereserkia abesten denekoa, eta zaleek Munduko Kopan argentinarrek birala egin duten Muchachos kantua kantatzen dutenekoa. «Hunkigarria da oso. Biok jokatu dugu selekzioarekin, eta badakigu zer den hori. Igandeko partidan sentituko dutena izugarria izango da».
40.000 argentinar daude egun hauetan Qatarren. «Askok pentsatuko dute ero puntu bat dugula. Agian, horrela da. Baina ezin ditugu gauzak beste modu batera bizi. Momentua bizitzea gustatzen zaigu, eta batez ere, gauza onez disfrutatzea. Txarrak nahi gabe ere etortzen dira», dio Gavilanek. Cavo aitona-amonengatik poztuko da, batez ere, Argentinak irabazten badu. «Ia ez dira ateratzen etxetik, baina, aurrekoan, irten egin ziren Argentinak irabazi zuela ospatzera. Zoriontsu dira».
Cavok eta Gavilanek justu-justu ikusi ahal izango dute. Izan ere, 20:15ean Espainiako Superkopako finala jokatuko dute Malagaren kontra. «Selekzioaren elastikoa maletan eramango dugu, eta hotelean ikusiko finala, taldekideekin. Selekzioak ez ezik guk ere irabazten badugu, izugarrizko ospakizuna egin beharko dugu».
Entrenatzaile begiekin
Gallo ere «oso pozik» dago Argentina finalean dagoelako. «Munduko Kopa hau oso berezia izan da. Taldearentzat eta herrialdearentzat, bultzada handia izan zen Brasili Maracanan irabazitako azken Amerikako Kopa. Nire belaunaldi ingurukoek orduan ikusi genuen lehen aldiz Argentina garaikur bat irabazten. Horrek emandako indarra funtsezkoa izan da Munduko Kopa honetan». Nabarmendu du Messi, bere belaunaldiaren erreferentea, garaikurra altxatzen ikustea «zirkulu bat ixtea» litzatekeela. «Aitak eta haren belaunaldikoek ikusi zituzten beren erreferenteak txapeldun gisa: Maradona, Kempes... Eta guri hori falta zaigu».
Munduko Kopa hasi zen egunetik, Argentinako bandera bat dauka jarrita balkoian. Igandean hamabi bat lagun elkartuko dira finala ikustera. «Orain arte, zazpi edo zortzi izan gara, baina igandean gehiago bilduko garela uste dut. Ezusterik ezean, bazkaltzera elkartuko gara, finaleko gauzak komentatu, eta giro onean partida ikusteko. Berezia izango da». Gallo Boca Juniors taldearen jarraitzailea da, eta haren aurkari historikoaren, River Plateren, zaleren bat egongo da harekin. «Baina, selekzioak jokatzen duenean, denak bat gara».
Zale baten begietatik ez ezik, entrenatzaile baten begietatik ere ikusten ari da Gallo Munduko Kopa. Lionel Scaloni hautatzailearen lana nabarmendu du: «Selekzioa oso ataka zailean hartu zuen, eta sekulako lana egiten ari da. Taldea oso batuta eta konfiantzaz egotea lortu du. Gainera, oso bizkarrezur sendoa osatu du: Martinez atezaina, Romero eta Otamendi erdiko atzelariak, Enzo Fernandez erdilaria, eta Messi eta Julian Alvarez aurrelariak. Horiek bete-betean daude, eta ia beti jokatu dute. Bizkarrezur indartsu bat izatea funtsezkoa da halako txapelketa bat irabazteko». Beste gako bat ere eman du. «Behetik gora doan selekzio batek irabazi ohi du, eta hori pasatzen ari zaio Argentinari. Saudi Arabiaren kontra galdu eta gero, Mexikoren aurkakoa final baten parekoa izan zen, eta, behin hori irabazita, konfiantza handia hartu zuen, nahiz eta Herbehereen kontra ere asko sufritu zuen».
Ez da ausartu iganderako pronostikorik egiten. «Zorte txarra ematen du».
Qatarko Munduko Kopa
Urrutitik, baina bultzaka
Malena Cavo eta Shula Gavilan Bera Berako jokalari argentinarrek eta Federico Gallo Ordiziako entrenatzaileak ilusioz biziko dute igandeko finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu