Urrutikoetxea eta Beroiz aurkari gogorra dira gaur ligaxkako lehen sailkatuentzat

Olaizola II.ak sukarra izan du aurreko egunetan, baina gaur Bilbon ariko da, Aretxabaletarekin

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Olaizola II.ak eta Aretxabaletak azterketa gogorra dute gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, Nitro). Ligaxkako lehen sailkatuek Urrutikoetxea eta Beroizen aurka jokatuko dute lehen jardunaldiko bigarren partidan. Olaizola II.a, sukarrak jota, ez zen pilota aukeraketara joan, baina hiru egun geroago ez du arazorik izango jokatzeko. Are gehiago, eurak izango dira faborito.

Urrutikoetxea eta Beroiz ez dira ageri txapela irabazteko ustezko faboritoen artean, baina jokaturiko bi partidetan erakutsi dute lan egiteko beldurrik ez dutela. Lehen partidan 22-20 galdu zuten Xala-Zubietaren aurka, eta iragan astelehenean 22-19 irabazi zieten Titin eta Merinori. Bi partidak ordubetetik gorakoak izan ziren. Bikoteak defentsa izugarria du, eta haien partidak beti gogortzen dira. Astelehenean, Merinok amore eman zuen azken txanpan, eta gaur Aretxabaleta izango da euren jo puntua.

Markinako atzelariak, halere, itxura txukuna eman du aurretik jokaturiko bi partidetan. Aurrenekoan ondo egin zion aurre Albisuri (22-21), eta iragan astean eroso jokatu zuen Ladis Galarzaren aurka (22-9). Olaizola II.arekin jokatzeak gauzak errazten ditu, baina oraingoz inork ezin du esan bera hautatu izana hanka sartzea izan zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.