Urrutiago jaurti nahi dute

Lau euskal atletak parte hartuko dute gaur eta bihar Jaurtiketen Europako Kopan, Portugalen. Xabalinan, Manu Quijerak 80 metrotik gorako jaurtiketa egitea du asmo, eta Arantza Morenok, berriz, erregulartasunez aritzea.

Arantza Moreno
Arantza Moreno xabalina jauritzen. JULIAN PEREZ / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko martxoaren 9a
05:05
Entzun

Leirian (Portugal) izango dute mailu, disko eta xabalina jaurtitzaileek denboraldiko lehen nazioarteko topaketa garrantzitsuetako bat: Jaurtiketen Europako Kopa. Denera, lau euskal atleta ariko dira; pisu jaurtiketan, Carlos Tobalina (FC Bartzelona); diskoan, June Kintana (Pamplona Atletico); eta xabalinan, Manu Quijera (Pamplona Atletico) eta Arantza Moreno (Pamplona Atletico).

Espainiako neguko jaurtiketen txapelketa irabazita joan da Leiriara Manu Quijera (Iruñea, 1998). Iaz, hirugarren postuan amaitu zuen Europako Kopa, baina aurten postu hori berriz lortzea «zailagoa» izango dela uste du. «Aurreko urtean maila dezentez okerragoa izan zela iruditzen zait. Aldiz, aurten Europako xabalina jaurtitzaile onenek parte hartuko dute. Txapelketaz gozatu nahi dut, eta 80 metrotik gorako jaurtiketa bat egin nahi nuke. Hori lortuz gero aurreneko zortzi sailkatuen artean egon naitekeela uste dut».

Hiru aste atzera, 78,65 metroko jaurtiketarekin lortu zuen urrea, Espainiako Neguko Txapelketan, Jaenen (Espainia). «Oro har, ondo sentitu nintzen. Egia da abduktorea asko kargatu ohi dudala, eta hori dela-eta azken pausoa ez nuela behar bezainbesteko konfiantzaz eman. Gustura geratu nintzen, baina gehiago jaurti nezakeela iruditzen zait». Izan ere, urteko lehen proban, Nafarroako neguko jaurtiketen txapelketan, 80 metroko langa gainditzear izan zen; 79,96 metrora jaurti zuen xabalina, lehenengo ahaleginean. «Markak ezustean harrapatu ninduen. Banekien jaurtiketa ona zela, baina ez nuen espero hain urrun jaurtiko nuenik lehen aukeran. Poz handia sentitu nuen. Ondoren, egia da marka hobetzen ahalegindu nintzela eta bost jaurtiketa baliogabe egin nituela». 

«Europako xabalina jaurtitzaile onenek parte hartuko dute aurten. Txapelketaz gozatu nahi dut, eta 80 metrotik gorako jaurtiketa bat egin nahi nuke. Hori lortuz gero aurreneko zortzi sailkatuen artean egon naitekeela uste dut». 

MANU QUIJERAXabalina jaurtitzailea

Une batez munduko sailkapeneko lehen postuan egotea «anekdota hutsa» izan zela dio atleta nafarrak, baina egindako markak «indar handia» eman dio aurrera begira. «Bilakaera handia izan dezakedala erakusten du. Sekula ez dut hain urrun jaurti urteko lehen txapelketan. Ezin dut pentsatu txapelketa guztietan 80 metrotik gorako jaurtiketak egingo ditudala, baina badakit bide onetik noala». Ekainean Erroman egingo den Europako Aire Zabaleko Txapelketa eta Espainiako Txapelketa dauzka begiz jota, Parisko Olinpiar Jokoak ahaztu gabe. Quijerak 2022ko uztailean egin zuen bere inoizko markarik onena, 83,28 metroko jaurtiketarekin, eta Olinpiar Jokoetarako gutxieneko marka 85,5 metrokoa da. «Munduko 32 onenen artean egonda ere joateko aukera dago. Iaz ezin izan nituen egin puntuagarriak ziren bi proba, eta hala ere 32 onenen zerrendan sartzetik gertu geratu nintzen. Horrez gain, Espainiako Federazioak 82 metro jaurtitzea eskatzen digu Jokoetarako hautagarria izateko. Nire plangintza ez dago jokoetara bideratuta soilik, eta, beraz, horrek orain ez nau hainbeste kezkatzen. Espainiako eta Europako txapelketan egon behar dut nire sasoirik onenean, eta gero gerokoak».

Manu Quijera jaurtiketa bat egiten. JESUS DIGES / EFE
Manu Quijera, jaurtiketa bat egiten. JESUS DIGES / EFE
Erregulartasunaren bila

Arantza Morenok (Ermua, Bizkaia, 1995), berriz, bestelako helburuak ditu. «Nire denboraldiko markarik onena egin eta erregularragoa izatea dira txapelketa honetarako helburu nagusiak». Arlo pertsonalean, azken denboraldiak ez dira errazak izan jaurtitzaile bizkaitarrarentzat, eta horrek eragina izan du bere kirol ibilbidean eta emaitzetan. «Asko kostatzen ari zait tentsioari eta arretari eustea. Fisikoki ongi sentitzen naiz, baina entrenamendu eta jaurtiketetan ez dut aurkitzen hain beharrezkoa den erregulartasun hori».

«Ez dut orain arte egindakoarekin konformatu nahi. Kopatik kanpo utziko nindutela uste nuen, eta orain aukera hau aprobetxatu behar dut. Ea txapelketa honek balio didan udako sasoirako indarra hartzeko». 

ARANTZA MORENOXabalina jaurtitzailea

Jaenen, 51,93 metroko jaurtiketarekin, brontzea lortu zuen Morenok. «Zapore gazi-gozoarekin amaitu nuen lehiaketa. Beti da pozgarria domina bat lortzea, baina azkeneko bederatzi txapelketak irabaziak nituen. Zailtasunak zailtasun, sentitzen nuen hau zela nire txapelketa, baina ez nuen lortu nire onena ematea». Aurrez, Nafarroako txapelketan, jaurtiketa hobea egin zuen: 55,23 metro. Hala, bere betiko marka onenetik urrun zegoela —59,69 metro— ikusita, ez zuen espero Leiriako Europako Koparako hautatua izatea. «Ez dut orain arte egindakoarekin konformatu nahi. Kanpoan utziko nindutela uste nuen, eta orain aukera hau aprobetxatu egin behar dut. Iaz, Leirian egindako txapelketarekin oso gustura amaitu nuen, eta ea aurtengoak balio didan udako sasoirako indarra hartzeko». Quijeraren antzera, Espainiako eta Europako txapelketak izango dira Morenoren denboraldiko bi erronka nagusiak. «Txapelketa honen ostean geldialdi bat izango dugu, eta apirilean hasiko gara berriro atletismo ligarekin eta txapelketekin. Erronka handia da Europako txapelketarako sailkatzea, baina ahaleginduko naiz Erroman egoten». Gainontzean, June Kintanak 55 metroko jaurtiketa hobetzea du helburu, eta, Carlos Tobalinari dagokionez, sasoi honetan 19,99 metroko bi jaurtiketa egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.