Urrutia: «Remiroren ordezkariak esan du hark ez duela berritu nahi kontratua»

Athleticeko presidenteak jakinarazi duenez, Unai Simoni kontratua hobetuko diote, eta Iker Muniainekin hasi dira negoziatzen

haritz gallastegi
Bilbo
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Ramiroren ordezkariak esan digu hark ez duela kontratua berritu gura. Uko egin dio negoziatzeari». Josu Urrutiak atzo Alex Remiroz esandakoa da. Amaitu da atezain nafarraren auzia. Athleticen debutatu aurretik utziko du klub zuri-gorria. Remiroren eta Ibaiganeren artekoa ez da izan hartu-eman askoko negoziazioa. Klubak kontratua luzatzeko eskaintza egin zion, eta ezezkoa jaso zuen jokalariaren partetik. Gerora, atezainak ez du inolako eskaririk egin. Burua beste talde batean dauka. Athleticek atezain on bat galduko du, baina dohain handiko beste bat hobeto lotzear dago. Izan ere, Unai Simonen kontratua luzatzeko eta hobetzeko lanean ari da. «Bigarren Mailako kontratua dauka, maila horretan ariko zela uste baikenuen. Haren kirol egoera aldatu egin da, eta haren kontratua egoera berrira egokituko dugu».

Atezainen egoera ez da jarraitzaileen artean interesa sortzen duen gai bakarra. Iker Muniainen etorkizuna ere zeresana ematen ari da. Bi aldeak hasi dira negoziatzen sasoi honen amaieran bukatuko den kontratua luzatzeko. Ez dirudi arazorik egongo denik. Bestalde, Urrutiak aipatu zuen Peru Nolaskoainen kontratua berritzeko negoziazioak jokalari gazteak Realaren eskaintza jaso aurretik hasi zirela. Horren harira, argitu zuen talde txuri-urdinak ez duela jo Ibaigainera.

Taldearen ibilbideaz eta Realaren aurkako derbiaz ere mintzatu zen: «Taldearekin baikor naiz. Hasieran gaude, eta oraindik taldea osatzen ari da. Baina ideiak garbi ditu, eta aurrerapausoak ematen ari da». Derbia, berriz, «gaitza» izango dela uste du. «Derbietan ez dago faborito argirik. Bi taldeak osatzen ari dira».

Kutxa, zuloa dagoenerako

Athleticek 76 milioiko irabazia aurkeztuko die bazkide konpromisarioei hilaren 22an egingo den batzarrean. Kepa Arrizabalaga salduta lortutako dirua da. Egun, Athleticek ez dauka diru faltarik, baina epe labur edo ertainean arazoak izan ditzake aurrekontuari aurre egiteko. Hurrengo urteetako aurrekontuetan amortizatu beharko dira Iñigo Martinez eta Yuri Berchiche fitxatzeak, jokalari garrantzitsuenen soldata igoerak eta Lezamako obrak. Kopuru handiak izango dira, eta telebistako diru sarrerak zein Europan jokatzea bermatu ezin direnez, klubak diru kutxa bat sortzea erabaki du, izan daitezkeen galerei aurre egiteko: «Anbizio handikoak gara kirol arloan, baina zuhurrak arlo ekonomikoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.