Josu Urrutia Athleticeko presidenteak atzo adierazi zuen oraindik ez dutela erabaki Kuko Zigandak karguan segituko duen datorren denboraldian. «Iritsiko da garaia, eta erabakia hartuko beharko dugu. Baina denbora bat itxarongo dugu, eta hartzen dugunean jakinaraziko dugu. Orain, taldeari eta entrenatzaileari lagundu behar diegu, Europarako sailkatzeko ditugun aukera apurrak baliatzeko».
Dena den, Urrutiak argi esan zuen: «Kontratuak ez dira ezeren berme futbolean. Hori edozeinek daki», eta beraien egitekoa zein den gogorarazi zuen: «Athletici une bakoitzean onena eskaintzea da gure eginkizuna».
Onartu zuen Europa ligatik kanpo geratu ostean zaleen artean ezinegona sumatu zuela: «Halakoetan zaleek beren haserrea azaltzen dute. Baina, gero, hotzean hausnartzeko gai dira, eta konturatzen dira taldeak azken urteetan lortu duena. Edozein lekutan sinatuko genuke hurrengo zazpi sasoiak azken zazpiak bezalakoak izatea».
Presidenteak badaki taldeak oso zail duela denboraldi honetan Europarako sailkatzea: «Borroka estua da, eta puntu aldea handi xamarra. Baina nire betebeharra baikor izatea da. Izan ere, ez da lehen aldia futbolean espero ez diren gauzak gero gertatu egiten direla».
Spartak Moskuren eta Olympique Marseillaren aurkako partidetan izandako istiluengatik ez dutela zigorrik jaso jakinarazi zuen Urrutiak. Bi gai, ordea, argitu gabe utzi zituen: ez zuen zehaztu hauteskundeetara aurkeztuko den, ezta Enric Saboriti kontratua berrituko dioten ere. Izan ere, ekainaren 30ean amaitzen zaio kontratua.
Urrutia: «Kontratuak ez dira berme futbolean»
Athleticeko presidenteak esan du oraindik ez dutela erabaki Zigandak segituko duen edo ez. Azken sasoietako emaitzak goraipatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu