Manu Quijerak (Iruñea, 1996) bere ibilbideko jardunaldirik onena osatu berri du. Xabalina jaurtitzaile iruindarrak sekula baino urrutiago bota du lantza, eta Nafarroako errekor berria ezarri du hala: 83 metro eta 28 zentimetro. La Nucian (Alacant, Herrialde Katalanak) lortu du marka hori, Ohorezko Mailako txapelketan.
Quijerak berak esan duenez, haren «ibilbideko boladarik onena» da. Txapelketan egindako lana aztertuta ondorioztatu du hori: «Izugarri gustura nago. Oso erregular aritu naiz lehiaketa osoan, eta ia hiru metro hobetu dut nire markarik onena; Nafarroako errekorra ere ezarri dut».
Horri gehitu dio azken bi urteetan marka horretara ailegatu ezinda aritu dela: «Lanean segitzeko indarra ematen du emaitza horrek». Ez alferrik, bere ibilbideko hiru markarik onenak eskuratu baititu La Nucian: errekorraz gain, 82,38 eta 81,32 metroko bi jaurtialdi egin zituen joan den igandean.
Nahiz eta azpimarratu duen «oinak lurrean» dituela segitu nahi duela, jada ezarri ditu epe laburrerako helburuak. Madrilgo topaketan ariko da etzi, eta Espainiako Txapelketa jokatuko du gero, hilaren 25ean eta 26an. Proba horien atarian, Quijerak dio «munduko sailkapenerako proba oso garrantzitsuak» direla bi horiek.
Izan ere, Quijerak Eugeneko (AEB) Munduko Txapelketa du begiz jota, eta horretarako puntuagarriak izango dira datozen bi lehiaketak: «Hilaren 27an amaituko da Munduko Txapelketarako sailkatzeko epea, eta lehiaketa horietan puntu asko bil daitezke. Gutxieneko markara gerturatuz gero, litekeena da han aritzeko sailkatzea».
Hargatik, «final gisa» hartuko ditu Madrilgo topaketa eta Espainiako Txapelketa. «Hustu» egingo dela aurreratu du, eta, bestela, ikasteko balioko diola uste du: «Aurreko asteburukoaren tankerako markak egiten baditut, baliteke sailkatzea».
Halaber, Quijerak badu Municheko (Alemania) Europako Txapelketarako sailkatzeko xedea. Horretarako marka «lehen baino gertuago» nabari du iruindarrak: 84 metroko jaurtiketa egin behar du horretarako. 72 zentimetrora du. Horren gertu, eta horren urrun: «Aurrekoan bezala arituz gero, baliteke gertatzea, zergatik ez. Edo ez: entrenamendu batzuetan, 80 eta 81 metroan ere aritzen naiz». Odei Jainagak ezarria duen markaz galdetzea «ur handitan» sartzea iruditzen zaio; Eibarko (Gipuzkoa) atletak 84,80 metro jaurti zuen iaz.
«Teknika eta indarra»
Quijerak aurrerako urratsa egin du sasoi honetan. Lanaren bidetik ailegatu zaio horretarako aukera. Haren esanetan, bi izan dira hobetzeko modua eman dioten aldagaiak: «Batetik,jakin dut azken urteetan falta nuen gaitasun teknikoa lortzen; azken hilabeteetan egonkortu dut hori: konfiantza ekarri dit lehiarako, eta erregularragoa izaten asmatu dut».
Bestetik, «indarra» jo du hobekuntzarako gako gisa: «Hori izan da bestea. Alderdi fisikoa hobetu dut azken urteetan, eta, pisuak jasotzean-eta, inoiz baino hobeto nago. Bi arlo horiek batu dira: fisikoki hobeto nago, eta hobeto jaurtitzen dut».
Aurrerapauso hori emaitzetan islatu du Quijerak, eta, era berean, kirolarekiko grina eta ilusioa piztu zaizkio. Ondo neurtua du datozen hilabeteetarako bide orria: Oregon, Munich. Horretarako, datozen bi asteburuetan asmatu behar du.
Urrun ikusten ditu oraindik bi urte barru Parisen jokatuko diren Olinpiar Jokoak: «Begi zeharka begiratu dakieke, baina urrutitik. Aurten, bi txapelketa garrantzitsu horiek daude [Europakoa eta mundukoa], eta 2024koa, iristen bada, iritsiko da. Gogoan dut, baina oraindik falta da horretarako». Urrun iristeko, xabalina urrunago jaurtitzea du lehen lananafarrak.
Urrunago jaurtita, urrunago iritsi
Manu Quijerak ezarri du Nafarroako errekor berria xabalinan: 83 metro eta 28 zentimetro. Bere ibilbideko «boladarik onenean» dago, eta datozen bi asteetan du arreta: Eugeneko Munduko Txapelketa du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu