Urrun dago iazkoa

Julen Retegik gaur ekingo dio buruz burukoari, eta, egungo txapeldunordea den arren, ez du sumatzen presio berezirik.

Irujo, Retegi Bi eta Olaizola II.arekin hitz egiten, buruz buruko txapelketaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Gutxi aldatu zaio bizitza Julen Retegiri azken urtean. «Txapeldunordearen etiketak ez dit ezer aldatu. Egia esan, ez dut presio berezirik sumatzen horregatik», aitortu zuen herenegun Retegik (Iruñea, 1985). Lasaitasun handiz bizi du egoera, txapeldunorde izan arren ez delako ageri txapela irabazteko faborito handi gisa. Horren eredu, esaterako, enpresak urte bakarrerako kontratua egin diola, edota, hasteko, apustuak aurka izango dituela. «Binakakotik kanporatu nindutenetik partida bakarra jokatu dut, eta horrek ere eragiten du. Egia esan, ez dakit jokoz nola nagoen. Beste guztia, berriz, entrenamenduak eta prestaketa fisikoa oso ondo joan da».

Gaur ekingo dioberriro buruz burukoari, Donostian, iazko finala galdu zuen pilotaleku berean. Orduan, Juan Martinez de Irujo izan zen haren aurkaria, eta gaur Oinatz Bengoetxea izango du parean. Irabazleak Mikel Urrutikoetxea edo Jon Jaunarena izango du aurkari finalerdietan, eta koadroko adar horretatik irits daiteke ezustekoa. Retegi berriz? «Iazkoa berdintzeko moduan ikusten dut neure burua. Horretarako, baina, zorte pixka bat ere beharko dut, iaz Ezkurdiaren aurka izan nuena. Dena den, nire helburua lehen partida irabaztea da, hurrengo urtean berriz ere hemen egon ahal izateko».

Berriz parte hartzeak pilota profesionalean beste urtebetez jarraitzea ziurtatu beharko lioke, eta ez da gutxi, asko kostatu baitzitzaion kontratua berritzea. Txapelketa hasi baino astebete lehenago lotu zuen, eta laburra: urte baterako. Retegik jendaurrean esana zuen luzeagoa espero zuela.Negoziazioek, dena den, ez dute eraginik izan haren prestaketan. «Baikorra nintzen; uste nuen akordio bat lortuko genuela, eta hala izan da. Ni enpresan banengo bezala entrenatu naiz».

Ezohiko txapeldunordea da Retegi, eta berak ere onartu du ezin izan duela lortutakoa zukutu. Udan bi torneo jokatu zituen, sanferminetakoa eta Bilbokoa, eta neguan binakako txapelketan aritu zen hasieratik. Hala ere,Ezkurdiak eta Altuna III.ak aurrea hartu diote partida nagusietan.

Arrakastaren bidea ezagutzen du Retegik, eta iaz eginiko prestaketaren antzekoa egin du aurten. Estiloari dagokionez ere, ez du iraultzarik egingo. Manomanistapetoa da, erresto eta zango bizikoa. Hor du fedea jarria. «Egia da ondo errestatzen ez baduzu botera jartzea ia zeure buruaz beste egitea dela. Baina ondo erantzunez gero, aurkariak ezin du miraririk egin hiru t'erditik». Bada, gaur ondo ibili beharko du; Bengoetxearekin, bestela, jai du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.