Lehia, ikuskizuna eta aitortza uztartuko ditu aurten Sagardoaren Txapelketak: lehia, Oriamendi 2010 enpresako erremontista onenak ariko direlako nor baino nor gehiago; ikuskizuna, bosgarren urtez jarraian, txapelketa Erremontari ETB1eko saioaren barruan jokatuko dutelako; eta, aitortza, Javier Urrizak azken txapelketa izango duelako ekainaren 28an erretiroa hartu aurretik, eta, hori baliatuta, hari gorazarre egingo diotelako. Astelehenean hasiko da lehia, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian, eta, toki berean jokatuko dute finala, ekainaren 16an.
Bost bikotek jokatuko dute txapelketa, iaz baino bat gutxiagok. Oriamendiko arduradunaren arabera, horrek maila igoko du, baita lehia areagotu ere. Ohi bezala, bikote bakoitza sagardotegi baten izenean ariko da: Urrizak eta Iban Larrañagak Petritegi sagardotegiaren izena eramango dute; Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak, Oialume Zarrena; Imanol Ansak eta Aritz Zubirik, Aburuzarena; Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Bereziartuarena; eta, Beñat Segurolak eta Xabier Azpirozek, Alorrenearena.
Iaz bezala, bikote bakoitzak kapitain bat izango du: Aritz Altadill izango da Urrizarena eta Larrañagarena; Iñaki Lekuona, Aldaberena eta Barrenetxea IV.arena; Patri Espinar, Ezkurra II.arena eta Juanenearena; Igor Arruti, Segurolarena eta Azpirozena; eta, Gorka Izagirre, Ansa II.arena eta Zubirirena. Txirrindulari ohia lehen aldiz arituko da kapitain. Beste laurak prestatzaileak dira, eta iaz ere aritu ziren kapitain lanetan. Erremontista guztiek mikrofono eta pultsometro bana eramango dute soinean.
Bada beste berrikuntza bat ere: aldatu egin dute lehiaketa sistema. Lehenbizi, bost jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Hurrengo bost astelehenetan ariko dira: apirilaren 28an, eta maiatzaren 5ean, 12an, 19an eta 26an. Iaz, lehen lau sailkatuak aritu ziren finalerdietan. Aurten, ordea, lehen bikote sailkatua zuzenean sailkatuko da finalerako; bigarrena finalerdian ariko da; hirugarrenak eta laugarrenak kanporaketa jokatuko dute; eta, azken sailkatua lehiatik kanpo geratuko da. Kanporaketa ekainaren 3an jokatuko dute, eta, partida horren irabazlea finalerdirako sailkatuko da. Finalerdia ekainaren 9an jokatuko dute, eta, finala, 16an. 18:00etan hasiko dira partida guztiak, eta ETB1ek 22:30ean emango ditu.
Set formatuan jokatuko dituzte partida guztiak: lehen bi setak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarren seta beharko balitz, hori zortzi tantora izango da. Emaitzen arabera lortuko dituzte puntuak bikoteek, sailkapenerako: setetan 2-0 irabazten duen bikoteak lau puntu lortuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; 2-1 galtzen duenak, bat; 2-0 galtzen duenak, batere ez; eta bi setak kontuan hartuta hamabost tanto lortzen ez dituenari puntu bat kenduko zaio.
Lehiari dagokionez, eta partidei bizitasun handiagoa emateko, sakea ateratzeko denbora muga bat izango dute bikoteek tantoa egiten dutenetik: 30 segundo. Sakea tarte horretan ateratzen ez duenak epailearen abisua jasoko du. Lehenbizikoan, hitzez esango die 30 segundo horiek gainditu dituztela, eta txartel urdina aterako die. Bigarren abisuan, sakea galduko dute, eta bikote aurkariak izango du horretarako aukera. Hori gertatuz gero, araua betetzen ez duen bikoteari txartel horia aterako dio. Bestalde, hirugarren abisua jasotzen badute, tantoa kenduko diete, eta txartel gorria erakutsi. Aurkariek hogei segundo izango dituzte sakea errestatzeko prestatzeko. Epailearen aurrean jokabide desegokia izanez gero, epaileak txartelak erabiltzeko aukera izango du. Bestalde, jokalari batek min hartzen badu, edo ondoezik badago, epaileek denbora gelditu ahal izango dute.
Urriza, sasoi betean
Urrizak bereari eutsi nahi dio: gorenean dagoela hartu nahi du erretiroa, hemezortzi urteko kirol ibilbide luze eta oparoa egin ondoren. Aukera aproposa du, txapelketa kutuna baitu Sagardoarena, are gehiago Erremontari saioaren barruan jokatzen denetik. Izan ere, lau ekitaldietatik hiru irabazi ditu, eta, bestean txapeldunorde izan da: 2021ean, Ibon Zalduarekin jantzi zuen txapela; 2022an, Zubirirekin, eta, iaz, Ibai Martirenarekin. Urtebete lehenago, berriz, finala jokatu zuen Martirenarekin. 75. txapelketa du, eta 31. txapela irabaztea du helburu.
Urriza gozatzen ari da haren kirol ibilbideko azken partidetan. Sei jokatu ditu erretiroaren eguna iragarri zuenetik, eta, bat ez beste guztiak irabazi ditu. Azkenekoak utzi dio aho zaporerik gozoena, jaioterrian jokatu baitzuen duela hiru aste, Labriten, eta, hori baliatuta, omenaldi hunkigarria egin zioten. Gutxienez, beste bost partida jokatuko ditu. Baliteke zortzi izatea. Sekulakoa litzateke azken partidara txapel bat jantzita iristea. Horretan saiatuko da bete-betean.
Oriamendik, halaber, Erremontari Herriz Herri egitasmoa aurkeztu du. Ekitaldi horretan, enpresako erremontistek Euskal Herriko hainbat herritan jokatuko dituzte partidak. Herri horietako biztanleek Erremontari saiorako sarrera bat jaso ahal izango dute doan Galarretako leihatilan nortasun agiria erakutsita. Lehen saiorako, herri hauetako biztanleek jaso dezakete gonbidapena: Hernanikoek, Aizarnazabalgoek, Andoaingoek, Lasarte-Oriakoek (Gipuzkoa) eta Lekunberrikoek (Nafarroa).