Duela hamabost egun, Javier Urrizak min hartu zuen iskioan eta eskumuturrean. Ordutik, Iruñeko aurrelaria makina bat aldiz joan da masaje emailearengana, buruz buruzko final handira puntu-puntuan heltzeko eta Endika Barrenetxea VI.a mendean hartzeko. Bada, nafarrak garaiezina dela berretsi du. Hernaniko (Gipuzkoa) atzelariak nafarra bigarren zatiko hastapenean estu hartu badu ere, Urrizak eskarmentua izan du makulu, eta 30-27 nagusitu zaio, bor-borka ego den Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Zortzigarrenez jantzi du buruz buruko txapela, 11 final jarraian jokatuta. Zenbaki potoloak eta historikoak. Gerturago du Koteto Ezkurraren marka: 11 txapel ditu irabaziak banakakoan.
Esperotako dema izan da: partida estua eta gogorra. Bi erremontistek ondo baino hobeto zekiten sakeak eta xehetasun apurrak erabakigarriak izango zirela txapela irabazteko. Barrenetxea VI.a elastiko gorriarekin aritu da, iaz Urrizari garaitu baitzion buruz buruko finalean. Hain zuzen, hernaniarrak atera du lehen sakea, baina nafarrak ederki erantzun dio motzean, eta hura izan da lehen tantoa egin duena.
Hortik aurrera, parekotasun handia egon da bien artean. Batek jotzen zuenean, besteak berehala erantzuten zuen. Pilotakada askoko kintze ikusgarriak ere egin izan dituzte, ikusleen gozagarrirako; hala nola, horma-bikoz, erremontera bidaliz edota dejadaz, doi-doi. Bizi-bizi zihoan finala, harik eta bederatzinako berdinketan demaren erritmoa apaldu den arte. Barrenetxea IV.a eta Urriza nekea nozitzen joan dira, apurka-apurka.
15-14, Urriza aurretik
11nako berdinketaren ostean, ordea, hernaniarrak sakez hiru kintze segidan egin ditu, baita tarte esanguratsua atera ere. Halere, Urrizak buru hotz mantenduta aurkariaren joaldiari eutsi, eta hura izan da hamabosgarren tantora heldu den lehena (15-14). Etenaldi luzearen ondoren, Barrenetxea IV.ak lo harrapatu du iruindarra, eta hori baliatu du lau tanto erreskadan egiteko: 19-15. Gipuzkoarra eroso zebilen kantxan, konfiantzarekin; Urriza, aldiz, ernegatuta zegoen.
Hutsegiteak, ostera, garesti ordaintzen dira gisa horretako final batean, eta Barrenetxea IV.ak bidean galdu du lau tantoren aldeko abantaila, hemeretzina jartzeraino. Orduan, Urriza hauspotu egin da. Lehia osoan hamabost alditan egon da finala berdinduta, azkena 24. tantoan. Hortik aurrera, tentsioak nabarmen egin du gora.
Horiek horrela, kontzentrazioak balio bikoitza zeukan, eta hutsegite bakoitza are garestiago ordaintzeko arriskua zuten bi erremontistek. Nafarrak atzeko zuloa eta hernaniarraren ezintasuna probestu ditu tartea irekitzeko, eta lau tantoko abantailarekin heldu da azken kintzera. Barrenetxea IV.ak, etsi-etsian jokatu du, baita arriskatu ere. Hain zuzen, bi tanto egin ditu erreskada, 27-29 jartzeraino. Urriza, ordea, ez da kikildu, eta garaipenak ez dio ihes egin. Zoriontsu mintzatu da: «Atzetik nengoenean kontzentrazioa mantentzea izan da gakoa, eta azken zatian asmatzea. Ezin dut sinetsi». 40 urte ditu jada, eta ikusteke dago datorren urtean buruz burukoan aritzen den. «Ez dut horrelako erabaki garrantzitsu bat ez dut bero-beroan hartu nahi. Litekeena da hau azkena izatea, baina hotzean hartu beharreko erabakia izango da».
Barrenetxea IV.a, berriz, galdu arren, «pozik» geratu da egindako lanarekin. «Joko ona egin dugu. Biok oso ongi aritu gara, eta batek horrela irabazten dizunean, aurkaria zoriontzea besterik ez da geratzen. Gustura nago, dena eman dut eta lan ona egin dut».