San Joan festetan murgilduta dago Hernani (Gipuzkoa), baina, atzo iluntzean, erremontezaleek ez zuten hutsik egin, eta ia bete egin zuten Galarreta pilotalekua. Jokoan zegoen aurtengo Sagardoaren Txapelketako garaikurra. Bi bikoteek partida oso lehiatu jokatu zuten, baina, tarte txikiarekin izan bazen ere, Javier Urrizak eta Ibai Martirenak (Aburuza sagardotegia) bi setak irabazi zituzten.
Iaz ere finalean izan ziren, baina, orduan, Segurolak eta Juaneneak osatutako bikoteak jantzi zuen txapela. Bigarren aukeran, aldiz, ez dute hutsik egin, eta 15-13 irabazi zituzten bi setak. Josetxo Ezkurrak —Ezkurra II.a— eta Xabier Azpirozek (Alorrenea sagardotegia) lan ona egin zuten, baina ez zen nahikoa izan. Bi aurrelarien arteko lehia sekulakoa izan zen. Urrizak hamasei tanto egin zituen; are eta gehiago Ezkurrak, hemezortzi. Huts egindakoetan egon zen aldea: Urrizak tanto bakarra galdu zuen, eta Ezkurrak, lau. Atzean, Azpirozek bost akats egin zituen, eta Martirenak bi baino ez.
Urrizari eman zioten jokalaririk onenaren saria. 13-13 berdindu zuten bi setetan. Une horietan atera zuren bere onena Iruñeko aurrelariak, eta horrek eman zien garaipenerako giltza iazko txapeldunordeei. Gainera, txapel hori irabazita Urrizak denboraldia borobildu du. Gabonetan, atzo aurkari izandako Azpirozekin batera, binakako txapelketa irabazi zuen.