Urriza 30. Uterga 20

Urriza itzuli da agintera

Iruindarrak nagusitasunez irabazi du finala, eta hirugarrenez jantzi du buruz buruko txapela.Utergak, txukun, 14-12ra arte eutsi dio orekari

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iraupena. Partidarena: 56.17.; jokoarena 8.40.

Pilotakadak. 163.

Saketik. Urriza 4: Uterga 2.

Markagailua. 1-2, 4-2, 6-3, 10-4, 11-9, 12-10 ,13-11, 14-12, 19-13, 24-14, 26-16, 29-19 eta 30-20

Bestelakoak. Sarrera ona Galarreta pilotalekuan; jendetza bildu zen lehen pisuan eta kantxako harmailan. Apustuak alde handiz irten ziren Urrizaren alde: 100-30i

Javi Urriza agintera itzuli da Galarretan. Iazko buruz buruko finala galdu eta zortzi hilabetez jokatu gabe egon ondoren, Iruñeko tiranoa bueltan da. Tiranoa deitzea esajeratua izan daitekeela pentsa dezake norbaitek, baina, buruz buru behintzat, bere aginteak egun ez du mehatxurik koadroan. Atzo hirugarrenez irabazi zuen buruz buruko erremonte Kutxabank txapelketa, eta Xanti Utergak finalean ondo jokatu zuen arren, nagusitasun handiz gailendu zitzaion.

Urriza erremontean jokatzeko makina da. Agian ez du lege zaharreko erremontisten eskumutur magikorik, baina arlo fisiko eta indarrari dagokionez, saskia eskuan lotuta eramateko genetikoki espresuki diseinatua dirudi: 1,92 metro luze, zango arinak, hauspoa... Atzoko finalean, gainera, egun handietako Urriza agertu zen, eta menpean eduki zuen Uterga. Zuzen sakatu zuen, eta piloteoan gehiago izan zen. Defentsan ere sufritzen jakin zuen, eta tantoak gogortu zirenean bere ahala nagusitu zen.

Utergak hogei tanto egin zituen, baina berak onartu zuen bezala, lasai joan zen etxera. Finalerdietan 30-13 galdu zuen Urrizaren aurka, kaskar arituta, eta atzo ere alde handiz galdu zuen, baina irudi oso ezberdina emanda. Izan ere, final entretenigarria izan zen, eta oreka gutxi egon arren, Utergak ez zuen amore eman. Doneztebekoak txukun jokatu, eta Urriza bere onena ematera behartu zuen. Hasieran estu hartu zuen, ondo sakatu etaarriskatuz, eta bi aldiz gerturatu zen bi tantora (13-11 eta 14-12).

Alde fisikoa

Urrizak atzo bezala jokatzen duenean, baina, oso zaila da hari itzala egitea, eta hori belauna oraindik ere erabat sendatu ez duela kontuan hartuta. Minarekin oroitu zen Urriza finalaren ondoren: «Azken zortzi hilabeteetan pasatakoen ondoren, txapel honek zapore oso gozoa du. Oraindik min pixka bat dut, baina ziur garaipen honek berrindartze lanean lagunduko didala».

Bada, sasoiko ez badago, non du muga? Izan ere, partida erdialdeko orekaren ondoren txapeldunak tartea ireki zuen (24-14). Bi finalistak piloteo eta korrikaldien zama nabaritzen hasi ziren, eta Urriza gailenduz joan zen. Aldea ez zen hainbeste hanka edo hauspo kontua izan, besokoa baizik. Urrizak Utergak baino kolpe bortitzagoa du, eta Doneztebekoa ezinean aritu zen. Meritu handiko piloteo batzuk jokatu zituen, baina gehienak Urrizaren alde erori ziren. Azken txanpan Uterga berriz ere arriskatzen hasi zen, eta emaitza atondu zuen. Bere tanto kopurua 2 zifrarekin hastea lortu zuen, ondo merezita, hortik beherakoa ez litzateke bidezkoa.

Urrizak, orain, txapeldunen sailkapen historikoan Matxin II.a harrapatzea du helburu. Intxauspe, Mujika, Zeberio eta Urrutia, bina txapelekin, atzean utzi ditu. Matxinek lau irabazi zituen. Urrizak, aldiz, hiru ditu, eta 34 urte egiteke. Egun duen maila ikusita, eta lesioek errespetatzen badute, beste bizpahiru urte txapelerako hautagai izateko moduan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.