Urriza eta Azpiroz binakako txapeldun

Pronostikoei eutsiz, faboritoek 2-0 menderatu dituzte Ansa eta Martirena, emozio eta joko handiko final batean. Urte luzez ez da halako betekadarik izan Galarreta pilotalekuan, jendea sartu ezinda geratu baita.

Azpiroz eta Urriza
Azpiroz eta Urriza txapela buruan dutela. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2023ko abenduaren 30a
22:00
Entzun

Gabonetan ohiko izaten dira betekadak, mahaiaren inguruan batez ere, baina Galarretan bildutako pilotazaleak ere bapo aseta geratu dira. Ederki beteta, alegia, 53. binakako erremonte finalaren harira. Aspaldiko urteetan ez bezalako itxura hartu du pilotalekuak, harmailek gainezka egin baitute. Hots, jende dezentek geratu behar izan du kanpoan, sartu ezinda, antolatzaileen harrigarri. Ikusmin handia piztu du Ansa-Martirena eta Urriza-Azpiroz bikoteen arteko finalak, eta zaleek bezala, pilotariek ere bikain erantzun dute. Erritmo biziko lehia jokatu dute, emozio handikoa eta joko distiratsuz osatua, eta faboritoek jantzi dute txapela: Urrizak eta Azpirozek. Alde txikiagatik izan arren, haien alde atera da dirua, eta pronostikoek ez dute hutsik egin. Lehen bi setak irabazi ondoren, Nafarroarako bidea hartu du txapelek (15-13 eta 15-14). Garaileek badute zer ospatua.

Finalaren atarian, arnasten zen zerbait berezia Galarretaren kanpoaldean. Apenas zegoen leku hutsik autoa uzteko, eta frontoira sartzeko ilarak ere inoiz ez bezalakoak ziren, erremontearen urrezko aroko garaietan bezala. Ziurrenik horregatik, hotz samar ekin diete finalari lau pilotariek, tentsioa zutelako pilatua gorputzean. Kosta egin zaie partidan sartzea, baina izerdia bota ahala, tanto ederrak eskaintzen hasi dira. Bi bikoteek izan dute helburu bera hasieratik, beste bikoteko aurrelaria saihestea. Besteak beste, esanguratsua izan da bi atzelariek zabaletik atera zituztela sakeak, aurkariaren errestoaren beldur. Gutxitan gertatu ohi da hori erremontean. Orekaz josirik joan da lehenengo seta, berdinketa ugari izan baitira: 3na, 5na, 7na eta 8na. 

Ordea, lehen mailan eskarmentu gutxien duen pilotaria nabarmendu  da gerora gehien: Martirena. Beldur denak uxaturik, kantxan gozatzen ari zela suma zitekeen, eta harenak izan dira tantorik onenak. Ezbairik gabe, hark atera ditu babak eltzetik. Sakez hiru tanto egin ditu, eta 10-8koa eta 11-8koa ere nafar atzelariak lortu zituen, bata atzean eta bestea horma bikoz. Gorriek ordura arteko alderik handiena zuten esku artean (13-10), eta bazirudien setak ez ziela ihes egingo. Baina orduan agertu da Urriza. Unerik zailenetan agertu ohi dira txapeldun handiak, eta aurrelari beteranoak ere halaxe egin du. Jokoan sartu, agintea hartu eta 13-15 nagusitu dira bera eta Azpiroz. 

Bigarren setari begira, aldarte ezberdinean kantxaratu dira bi bikoteak, eta ederki antzeman da hori. Psikologikoki kolpeari buelta eman ezinda ageri ziren Ansa eta Martirena, eta txanponaren beste aldean Urriza eta Azpiroz. Ondorioz, animoz eta jokoz hobeto zeuden urdinak, eta azkar lortu dute aldea: 9-3 aurretik ziren. Gozatzen ziharduen Urrizak, eta era guztietako tantoak eskaini ditu. Kolorerik ez zuela zirudien finalak, baina ez. Ansa ez zegoen barkatzeko. Pauso bat aurrera eman, agintea hartu eta bazterrak astintzeari ekin dio. Alde guztietatik sartu da jokoan, eta min egitea lortu du. Beste abiadura batean ibili du pilota, eta erasoan aparteko distira erakutsi du. Pixkanaka murriztuz joan da aldea, eta aurrea ere hartu dute urnietarrak eta Martirenak: 14 eta 13. Tanto bakar bat behar zuten azken seta behartzeko, baina ezin izan dute helburua lortu. Urrizak defentsan sendotasun handia erakutsi du, eta, horri esker, txapela faboritoen burura joan da.

Urrizak, zortzigarrena

Garaipen horrekin, binaka zortzigarren txapela eskuratu du Urrizak. Hamar final ditu jokatuak, eta soilik bi galduak: 2009an eta 2013an. Gainerako final guztietan txapeldun izan da Urriza binaka, eta, 42 urte izan arren, oraindik sasoi betean dagoela begien bistan geratu da. Azpirozek, berriz, estreinakoz jantzi du txapela. Bigarren Mailako finalak ere emozio izugarria izan du, Goikoetxeak eta Aiestaranek 2-1 menderatu baitituzte Irazu eta Apezetxea. Azken tantoak erabaki du finala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.