Urriza eragozteko eta sartzeko bideen bila

Matxin III.a-Barrenetxea IV.ak pilota biziak aukeratu dituzte, urdinen aurrelaria jokotik at uzteko. Urriza-Larrañagak, berriz, aurrelariari protagonismoa eman nahi diote pilota motelekin. Bihar da finala

Finaleko laukotea, atzo, aukeratutako materialarekin, Galarretan. ORIAMENDI.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Erremonteko Binakako Txapelketan elkarren aurka ariko diren bikoteek estrategia guztiz ezberdinak erabiliko dituzte. Hala jakinarazi zuten atzo Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa) egin zuten material aukeraketan. Matxin III.a-Barrenetxea VI.ak pilota biziak aukeratu zituzten, joko garaia eta bizkorra nagusitzeko. Urriza-Larrañagak, berriz, pilota motelagoen alde egin zuten, bikote gorriaren guztiz kontrako helburuarekin, jokoa azpitik garatu dadin gehiago. Guztia prest dute, beraz, bihar txapeldun zein izanen den erabakitzeko. Galarretan jokatuko dute finala, 15:45tik aitzinera (ETB1).

Gorriek argi adierazi dute arerioen artean zein geldiarazi nahi duten bereziki: Javier Urriza txapeldun handi iruindarra. «Protagonismoa kendu nahi diogu, eta jokoaren zama Larrañagari eman nahi diogu», azaldu zuen atzo Xuban Oiarzabal Matxin III.ak, pilota biziak zergatik aukeratu zituzten azaltzerakoan. Gibelera eta goitik, gorrien estrategia. Matxinbentako aurrelariak binakako bigarren finala izanen du biharkoa, 2015ean Ionekin batera jokatu zuenaren ondoren —Ezkurra-Endikaren aurka galdu zuten—.

Urdinek, ordea, pilota aitzineko koadroetan ahalik eta gehien mantentzeko asmoa dute. «Barrenetxeak min egitea eragotzi nahi dugu, eta Urrizak protagonismoa izatea lortu», azaldu zuen Iban Larrañaga atzelariak. «Barrenetxea bizia da, eta partida hautsi dezake. Urriza jokoan asko sartuko den final bat interesatzen zaigu. Nik lan gehiago ditut goiko [jokoaren] jarrera hartzeko, eta azpiko jarrera gehiago lantzeko pilota motelagoa komeni zaigu». Azkoitiarrak lehenbiziko finala izanen du.

Iraileko errebantxa

Barrenetxeak eta Urrizak, berriz, iraileko banakako finaleko errebantxa dute jokoan. Hernaniarrak 30 eta 27 irabazi zion iruindarrari, partida gogoangarri batean. Finalerdietako ligaxka ikusita, Matxin III.a-Barrenetxea IV.aren jokoak Urriza-Larrañagarenak baino zalantza gehiago sortu ditu, sendotasun gutxiago erakutsi baitute. Hala ere, ez dago faborito argirik.

Barrenetxeak, haren bikotekideak bezala, behin jokatu du binakako finala. 2012an izan zen, eta, hain zuzen, bihar areriotzat duen Urrizarekin irabazi zuen. Hura izan zen, gainera, iruindarrak irabazi zuen binakako azken txapela —bertze hirurak 2007, 2008 eta 2010ean irabazi zituen—. «Lau pilotariek erakartzen dugu jendea frontoira, eta, Urriza aurrean edukita, argi dago jokoan sartzea eragotzi behar diogula», adierazi zuen atzo Barrenetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.