Made Urieta. Araskiko entrenatzailea

«Urria izan arren, dagoeneko final txiki bat daukagu»

Araskik oraindik ez du partidarik irabazi ligan. Made Urietarenek aurkari zuzen bat jasoko dute etzi Mendizorrotzan: Ensino. «Gure lanean sinetsi beharra daukagu», berretsi du teknikariak.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
inigo lasa fresneda
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ez du amestutako liga hasiera izan Kutxabank Araskik. Jokatu dituen lau partidak galdu ditu. Baina gasteiztarrak «buru-belarri» ari dira lanean egoera lehenbailehen iraultzeko. Made Urietateknikariak (Amurrio, Araba, 1981) nabarmendu du taldeak «konpromiso handia» duela.

Hasiera gogorra izaten ari da. Zer moduz zaude?

Bagabiltza. Gogorra izaten ari da, baina indartsu gaude. Horrelako egoera batean, taldea altxatzeko, oso garrantzitsua da teknikari multzoa indartsu egotea.

Loa galarazten al dizu ez irabazteak?

Igande gauean, partida ostean, ez nuen lorik egin gau osoan. Irabazten dugunean ere kosta egiten zait; pentsa gauzak ondo ez doazenean, eta galtzen baduzu...

Zer falta zaio taldeari?

Portzentaje oso baxuak izaten ari gara arlo gehienetan, baita jokalari bakoitzari erreparatuz ere. Talde txikia izanda, eta hainbeste huts eginda, oso zaila da partidak irabaztea. Azken bi neurketetan 53 puntu lortu ditugu, eta jardunaldiro-jardunaldiro 70 puntu inguruan dabilen talde bat izan beharra daukagu.

Neurketa gehienetan haize kontran borrokan aritu da taldea. Hori ere ez da kudeatzen erraza izango, ezta?

Zalantzarik gabe. Puntu asko sartzen ditugun tarte gozo horiek ez gara nahi bezainbeste luzatzen ari partidetan; kontrara, aurkariek partzial handiak lortzen dituzte. Mentalki, pauso bat eman behar dugu aurrera, sendoago egoteko. Jakin behar dugu neurketa bakoitza lehia handi bat izango dela.

Zure ustez, psikologia arloko zerbait izan daiteke? Denboraldiaurrean ere taldeak ez zuen irabazi, eta aurreko liga amaiera ere ez zen oso ona izan...

Ez dut uste aurreko sasoikoarekin zerikusirik duenik. Hori bai, egia da denboraldiaurrea ez dela ona izan emaitzei dagokienez. Baina kontuan hartu behar da aurkariak bikain aritu zirela. Euroligako eta Eurokopako talde askoren kontra aritu ginen. Ez irabaztea psikologikoki gogorra da; batez ere konfiantzan eragiten du. Baina taldea oso ondo ari da lanean, eta beren onena ematen ari dira jokalariak.

Bederatzi jokalari dituzue. Talde txikia dela uste duzu, ala nahikoa da?

Egia da lesioekin-eta gogorra egiten dela bederatzi jokalari besterik ez duzunean, eta guk, zoritxarrez, min hartuta dagoen jendea dugu. Txell Alarconek ligako aurreneko neurketa bakarrik jokatu ahal izan zuen, eta beste batzuek arazoak dituzte. Gogorra da, baina horrekin jokatu beharra dugu. Aitzakiarik gabe. Lehen mailako bederatzi jokalari ditugu, eta horiei harrobikoak gehitu behar zaizkie. Asko ari dira laguntzen.

Jokalari garrantzitsu batzuek utzi zuten taldea udan; besteak beste, azken bi denboraldietan puntu asko sartu zituen Tanaya Atkinsonek. Asko ari al zarete nabaritzen haren falta?

Egun txar batean hamabi puntu sartzen zituen jokalaria zen Tanaya. Asko nabaritzen da erasoan hain ekarpen handia egiten zuen pieza bat galtzea, saskiratzeko zailtasunak izaten ari garen liga hasiera batean. Baina saskiratzaile onak diren jok alariak ditugu, jokalari osoak, eta horri eutsi beharra diogu. Talde eta denboraldi bakoitza mundu bat dira. Talde honek aurreko sasoian beste emaitza batzuk erdietsiko zituen, sasoi bakoitza ezberdina baita.

Zure ustez, Araskik sailkapeneko zein tokitan merezi du egotea?

Txapelketa berak bakoitza bere lekuan jartzen du. Hor behean gaude, orain arteko lau partidak galtzea merezi izan dugulako. Taldeak konpromiso handia du. Goizak libre dituzten egun askotan, entrenatzeko eskatzen ari dira jokalariak. Esfortzu aldetik ezin zaie ezer gehiago eskatu.

Zortzigarren denboraldia duzu aulkian, nola bizi duzu taldearen egoera?

Ni nahi dudan tokian nago, gustatzen zaidana egiten ari naiz. Uste dut zorionekoa naizela. Nire pasioa saskibaloia da, eta horretaz bizitzeko aukera dut. Garai gogorra izaten ari da, baina hemendik ere ikasi beharra dago: autokritika egin eta indartsuak izan.

Datozen bi asteetan bi aurkari zuzenen aurka arituko zarete: Ensino eta Celta. Bi talde horiek ere ez dute partidarik irabazi. Bolada txarra eteteko abagune aparta duzue.

Denboraldi honetan ez dugu norgehiagoka errazik izango, eta, aste honetan, Ensinoren aurka final bat dugu. Urria da, baina dagoeneko final txiki bat daukagu. Etxean indartsu egotea da helburua. Lau partida galtzeak ez du esan nahi hau ere galdu egin behar dugunik. Baina irabaztear egoteak ere ez du esan nahi asteburu honetan irabaztea lortuko dugunik. Gure lanean sinetsi beharra dugu.

Irabaztea beti da garrantzitsua, baina lehen garaipena Mendizorrotzan eskuratzea are garrantzitsuagoa da zuentzat, ezta?

Gure zaleek garaipen bat merezi dute, taldea irribarre batekin ikustea. 2.000 zale baino gehiago sartu ditugu etxean jokatu ditugun bi neurketetan, eta hori izugarria da. Itzultzea, eta posible bada, jende gehiago ekarri behar dugu, Mendizorrotza betetzeko.

Garaipen beharrean zaudeten bi talde izanik, urduri ibiliko zaretela espero al duzu?

Litekeena da alor psikologikoa garrantzitsua izatea. Detaile txikiengatik galdu ditugu lehia batzuk, eta inportantea izango da horiek zaintzea. Horretan ari gara lanean, gauza txiki horiek fintzen eta hobetzen. Taldea borroka honetarako prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.