Urrezkoaren distira nahi dute

Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako finalak jokatuko dituzte etzi Azpeitian (Gipuzkoa). Lau bikote ariko dira gizonezkoen maila nagusian, urtarriletik gaurdainoko bidea osatu eta gero.

Hodei Ezpeleta Azpeitiko Izarraitzen ariko da, publikoaren aurrean berriz ere. Irudian, 2019ko gazte mailakoan. BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Urtarrilean hasitako bideari ahalik eta akaberarik onena ematea. Horixe izango da Urrezko Aizkolarien Binakako gizonezkoen mailako finalean ariko diren lau bikoteen xedea. Eskuernagan (Araba) hasitako lehia Azpeitian (Gipuzkoa) amaituko da etzi (12:00, ETB1). Txapelketan parte hartu duten hamar bikoteetatik bakarrak dastatuko du loria.

Urrezko aizkoraren distira nahi dute lau bikoteek: Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez Paolla, Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia, Ugaitz Mugertza-Julen Gabirondo, eta Hodei Ezpeleta Bihurri-Jokin Urretabizkaia Basozabal. Azken hori ez da ariko egun erabakigarrian, min hartu baitu; Ibai Soroak ordeztuko du.

Ezpeleta eta Urretabizkaia elkarrekin aritu dira txapelketa osoan, eta haren azken orduko hutsuneak hankaz gora jarri du orain artean prestatutakoa. Hori bai, eibartarrak uste du Soroaren parte hartzea ere badela ondo aritzeko bermea: «Biak dira aizkolari oso onak. Badakit Soroak nola mozten duen, eta ondo egiten du. Pena izan da Basozabalena; espero dut azkar osatzea».

Hori bai, «herenegungo kontua» denez, prestaketan eragina izan du donostiarraren lesioak: «[Soroa eta ni] Elkarrekin aritu gabe joango gara finalera, baina ez dut uste arazorik izango dugunik».

Bistan da, Ezpeletak badu bere lanarekiko konfiantza. «Gogo handiz» ariko direla esan du; lan handia eginda ailegatuko da, eta txapelketan hobera egin du, gainera. Gisa berera helduko dira baita Etxeberria eta Mindegia ere. Lehenak azaldu duenez, aurreneko egunean «elkarrekiko sobera hartu gabe» aritu ziren.

Ordutik egindako prestaketakmesede egin diela adierazi du Zigakoak (Nafarroa): «Sasoi onean iristen gara. Mindegia Arizkunen bizi da orain, elkarren ondoan; beraz, batzuetan bere etxean eta bestetan nirean entrenatu gara. Hagitz ongi joan da».

Dena den, kontrarioen maila ezagututa, Etxeberriak argi du gailentzeko hautagaiak beste batzuk direla. Hargatik edo, ez dute helburu jakinik ezarri postuei dagokienez. Aizkolari nafarrak esan du txapelketa hasi aurretik sinatuko luketela finalean aritze hutsa: «Eta jada finalean gaude. Iduri du lau bikoteen artean beharbada gu izango garela ahulenak, baina behin honaino ailegatuz gero, ahalik eta lanik onena egin nahi dugu».

Lau bikoteek lan mardulak egin beharko dituzte. Hamabost enbor ebakitzeko ofizioa dute etzi, bost eratan banatuta. Lehenik, bi 45 ontzako moztuko dituzte; gero, kana-erdiko bat —54 ontzako enborra— zutika; horren ostean, bi 60 ontzako; gero, 45 ontzako bi: bat zutika eta bestea etzanda; eta amaitzeko, lan-erdira ariko dira aizkolariak: bina kana-erdiko, 60 ontzako eta 45eko moztuko dituzte, hurrenkera horretan.

Jardun horietako prestaketa «ona» eginda iritsiko dira Ezpeletaren eta Etxeberriaren bikoteak. Eibartarrak azpimarratu du zutikako lanean jarri dutela puntua, eta arlo fisikoari ere erreparatu dio: «Lehendabiziko lanak, abiadurakoak, lehertzeko modukoak dira, eta gihar aldetik gastatzen dute, batez ere. Amaierara besoetatik fresko heltzen saiatu beharko dugu».

Gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere jokatuko dute finala, baina oso bestelakoa izan da haien txapelketa. Jardunaldi bakarrean, hiru bikote aritu ziren lehian: Nerea Sorondo-Nerea Arruti, Irati Astondoa-Laiene Pikabea eta Maika Ariztegi-Claudia Muñoz. Lehen bi bikoteek gainditu zuten kanporaketa, eta elkarren aurka ariko dira finalean. Bikote bakoitzak bost enbor ebakiko ditu.

Harri jasotzen, 11 andrazko

Harri jasotzeko finalak ere jokatuko dituzte Azpeitian. Deigarria egin da emakumeen txapelketan parte hartu dutenen kopurua: 11 lagun aritu dira, eta haietako seik parte hartuko dute finalean, hiru mailatan banatuta. Maila nagusian, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe lehiatuko dira, 63 kiloko harriekin.

Berrien mailan, berriz, Lur Errekondo eta Lierni Osa saiatuko dira txapela irabazten, 50 kiloko harriak erabilita. Pisu berberarekin ariko dira gazte mailakoak: Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez. Gizonezkoen mailan, hiru hautagai izango ditu finalak: Xabat Olaizola, Mikel Lopetegi Urra, eta Beñat Telleria. 100 kiloko harriak jasoko dituzte haiek.

Harri jasotzaile guztiek molde bereko lanabesak erabiliko dituzte: zilindro zaharra, kubikoa eta bola. Harri bakoitzarekin bina minutuko txandak egingo dituzte. Amaieran pisu gehien jasotzen duenarentzat izango da txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.