Urrezko ubera utzita, badoaz

Azken pedalkadak emanda, Annemiek van Vleutenek, Greg van Avermaetek, Thibaut Pinotek eta Rohan Dennisek erretiroa hartzeko tenorea dute. Peter Sagan, berriz, soilik mendian lehiatuko da aurrerantzean. Denek ere garaipen handiz betetako ibilbidea osatu dute, eta arrastoa utzi dute.

Greg van Avermaetek 2015 eta 2017 bitartean jo zuen goia. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Aro aldaketa betean dago txirrindularitza. Gazteak indarrean dabiltza, eta, anartean, garaipenez garaipen ibilitako beteranoak albo batera ari dira egiten. Denboraldi hau bukatzean, bost txirrindulari handik esango dute agur: Annemiek van Vleutenek (Vleuten, Herbehereak, 1982), Peter Saganek (Zilina, Eslovakia, 1990), Greg van Avermaetek (Lokeren, Flandria, 1985), Rohan Dennisek (Adelaide, Australia, 1990) eta Thibaut Pinotek (Melisey, Frantzia, 1990). Lehen lauek urrez koloreztatu dituzte beren ibilbideak; Van Vleuten, Sagan eta Dennis munduko txapeldun izan dira, eta Van Avermaet, berriz, txapeldun olinpiko. Pinotek ere, zorigaitzak zorigaitz, garaipen bilduma ederra osatu du. Bestalde, badirudi Mark Cavendishek (Douglas, Man Uhartea, 1985) atzera egin eta erretiroa atzeratuko duela.

ANNEMIEK VAN VLEUTEN
Ziklista errepikaezina

Munduko ziklistarik onenetako bat da oraindik ere Van Vleuten (Movistar); besteak beste, Espainiako Vuelta eta Italiako Giroa irabazi ditu aurten. Alabaina, 41 urte bete ditu, eta aski dela esan dio buruak. Gorputz eta arima, txirrindularitzari emana bizi izan da hamasei denboraldiz. Estilo oldarkorra izan du bizikleta gainean, eta oso zorrotza izan da prestakuntza aldetik. Ordainetan, 104 garaipen lortu ditu profesional gisa. Eskalatzaile bezala nabarmendu da, eta hiru itzuli handietan utzi du lorratza: lau aldiz irabazi du Giroa, hirutan Vuelta, eta behin Tourra. Iaz, hiruretan lortu zuen garaipena. Hura da sasoi bakarrean koroa hirukoitza osatu duen ziklista bakarra.

Hori gutxi ez, eta errepideko Munduko Txapelketa ere irabazi zuen iragan sasoian; nola, eta ukondoa apurtuta. 2019an ere bere egin zuen ortzadar maillota, helmugatik 103 kilometrora jotako eraso baten ondoren. Erlojuaren aurka ere bi aldiz izan da munduko txapeldun, eta birritan irabazi ditu, halaber, Flandriako Tourra, Lieja-Bastogne-Lieja, Strade Bianche eta Omloop Het Nieuwsblad. Giroan zakuratu du etapa gehien: hamasei guztira. Euskal Herrian, Donostiako Klasiko bat eta Emakumeen Birako lau etapa irabazi ditu, besteak beste. Iraila hasieran zintzilikatu zuen bizikleta.

PETER SAGAN
Bukatu da ikuskizuna

Zaleentzat gozagarria da egungo gazteak klasikoetan lehiatzen ikustea. Bada, haien aitzindaritzat jo daiteke Sagan (Total Energies), korritzeko izan duen modu ikusgarriarengatik. Txirrindularitzaren mugak gainditu dituen ikono bat izan da. Nahi izan duena egin du bizikleta gainean, eta izaeraz jostaria izan da, baita irabazlea ere. Bestela, ez zituzkeen 121 garaipen lortuko. Horietatik hiru Munduko Txapelketak dira; hirurak jarraian irabazi zituen, 2015 eta 2017 bitartean. Tourrean, berriz, hamabi etapa pilatu ditu, eta zazpi aldiz jantzi du erregularrenari dagokion maillot berdea. Eslovakiako Txapelketan ere zazpi bider nagusitu da. Horiek horrela, luzaroan ezkutuan eduki izan ditu bere taldearen elastikoaren koloreak.

Behin irabazi ditu harbideetako monumentuak, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix. Beste klasiko handi batzuk ere ageri dira Saganen bilduman, hala nola Gent-Wevelgem eta E3 Harelbeke. Milan-Sanremon ezin izan da nagusitu, garaipenetik oso hurbil izan den arren. Arantza hori geldituko zaio. Tourrean ez ezik, Vueltan eta Giroan ere irabazi ditu etapak: lau batean, eta bi bestean. Suitzako Itzulian, berriz, hemezortzi bide jaso ditu besoak. Aurrerantzean, mendiko bizikletan ariko da buru-belarri.

THIBAUT PINOT
Heroi tragikoa

Pinotek (Groupama) itxaropen handiak piztu zituen 2012ko Tourrean. Artean 22 urte besterik ez zuen, eta Bernard Hinaulten lekukoa hartu eta frantziarrek Tourrean zuten zorra kita zezakeela iruditu zitzaien askori. Geroztik beste bederatzi Tour lehiatu ditu Pinotek, eta behin baino ez da igo podiumera: hirugarren izan zen 2014an. Lau alditan ezin izan du lasterketa bukatu ere egin. Giroan, berriz, laugarren izan da gehien jota. Gainezka egin dio presioak, eta ezbeharrei atxikita ibili izan da maiz. Horregatik, estimu berezia izan diote zale askok. Sen fina izan du ehiztari bezala: bina etapa irabazi ditu Tourrean eta Vueltan, bat Giroan. Egun bateko probetan, 2018ko Lombardiako Giroan lortu zuen garaipenik handiena. Ezin izan du Tourrik irabazi, ezta World Tour mailako itzulirik ere, baina ibilbide miresgarria osatu du, halere. Larunbatean lehiatuko da azkenekoz, Lombardian.

GREG VAN AVERMAET
Klasikozale amorratua

Klasikoetan Saganen nemesia izan zen Van Avermaet (Ag2r). Ez da eslovakiarra bezain mediatikoa izan, ezta horren irabazlea ere 42 garaipen lortu ditu, baina harbideetan parez pare begiratu dio. Flandriarrak 2015 eta 2017 bitartean jo zuen goia, BMC taldearen koloreekin, eta garaipen itzelak lortu zituen tarte horretan. Distiratsuena, Rioko Olinpiar Jokoetan lorturiko urrezko domina da, 2017an irabazitako Paris-Roubaix ahaztu gabe. Urte hartan Omloop Het Nieuwsblad, E3 Harelbeke eta Gent-Wevelgem ere irabazi zituen. Bi aldiz nagusitu da Montrealgo Sari Nagusian, eta itzuli handietan, berriz, hiru etapa zorroratu ditu: bi Tourrean eta bat Vueltan. Tarteka, sailkapen nagusietan ere egin du tokia; adibidez, Tirreno-Adriatikoa irabazi zuen 2016an. Igande honetan Paris-Tours lehiatu, eta bizikleta ganbaran gordeko du.

ROHAN DENNIS
Erlojua beti puntuan

Fabian Cancellarak eta Tony Martinek behera egin ondoren, eta Filippo Ganna iritsi aurretik, Dennis (Jumbo-Visma) izan da munduko espezialistarik onena erlojuaren aurka. 32 garaipen ditu profesional modura, eta horietatik 21 erlojupekoetan. Bi aldiz izan da munduko txapeldun diziplina horretan, 2018an eta 2019an. Gainera, hiru itzuli handietan irabazi ditu bakarkako saioak. Itzuliak lehiatzen hasi nahi izan zuen, eta irabazi ditu batzuk; garrantzitsuena, 2015eko Down Under itzulia. Baina, hobeki jardun du luxuzko langile moduan, Ineos taldean lehenik, eta Jumbo-Visman gero. Luzaro oroituko da Stelvion gora 2020ko Giroan egin zuen erakustaldia, Tao Geogheganentzat lanean. Duela hilabete esan zuen agur.

Mark Cavendishek (Astana) ere sasoi honen akabuan hartu behar zuen erretiroa, baina Tourrean erori izanak hankaz gora jarri dizkio planak. Lasterketa horren historian etapa gehien irabazi duen txirrindularia izan nahi du, eta atzo berritu zuen kontratua. Imanol Ervitik (Movistar) oraindik ez du argitu ekinean jarraituko duen, baina, ziurrenik, erretiroa hartuko du, baita Luis Leon Sanchezek (Astana) ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.