Garaipen zerrenda bikaina zuen, baina atzotik, oraindik eta palmares ikusgarriagoa du Iñigo Peñak. Zumaiako (Gipuzkoa) piraguistak urrezko domina irabazi zuen Munduko Txapelketan, Duisburgen (Alemania). Peña eta Pedro Vazquez espainiarra K2 ontziko 1.000 metrokoan gailendu ziren.
Sufritu egin zuten irabazteko. Lehia oso estua izan zuten Bence Bajda eta Tamas Szantoi-Szabo hungariarrekin. Gutxigatik, baina aurretik izan zituzten metro askoan, baina Peñak eta Vazquezek bikain kudeatu zituzten indarrak, azken txanpara indartsu iristeko. Horri esker gailendu ziren. Alemania izan zen hirugarren.
Pozarren zegoen Peña. «Oso pozik gaude. Estropada ikusgarria egin dugu. Bagenekien zer egin, eta biribil atera zaigu dena; zaila da halako estropada bat egitea, hasi eta buka dena erraz ateratzen den horietakoa. Nagusi izan gara, eta gozatu egin dugu. Azkenean, bai, esan dezakegu: munduko txapeldunak gara».
Barrutik atera zitzaion Peñari azkenean hitza. Lehen aldiz izan baita munduko txapeldun. Hiru domina zituen: 2018an, zilarrezko eta brontzezko bana, K2 eta K4 ontzietako 1.000 metroan; eta 2019an, zilarrezkoa berriro, K2ko 1.000 metrokoan. Europako Txapelketan ere badu palmares luzea: urre bat, bi zilar eta hiru brontze. Baina atzokoa du haren lorpenik handiena. Pena bakarra da ez dela olinpiar proba.
Atzo irabazita, gainera, bezperako arantza atera zuen: zortzigarren izan zen K1eko 500 metrokoan. Dena den, oraindik beste domina bat irabaz dezake: K2 mistoko 500 metro finala jokatuko du gaur, Barbara Pardo katalanarekin (12:38). Atzo lehenak izan ziren euren finalerdian.
Begoña Lazkano pasaitarrak ere domina bat irabaz dezake gaur, K2ko 500 metroko finalean ariko baita Laia Pelachs katalanarekin (12:08). Olinpiar Jokoetarako postu bat dago jokoan. Higinio Rivero bilbotarra, berriz, atzo aritu zen V2 ontziko 200 metroko finalean, eta seigarren izan zen. Parisko Jokoetan arituko da.
Urrezko palakadak
Iñigo Peña piraguista zumaiarra munduko txapeldun izan da K2 ontziko 1.000 metrokoan. Pedro Vazquez espainiarra izan du bikotekide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu