Olinpiar Jokoak izanik kirol lehiaketarik garrantzitsuena, neurgailu egokia da herrialde bakoitza kirolean zer den erakusteko. Bigarren ageri dira kirolari errusiarrak olinpismoaren historian lorturiko domina kopuruaren zerrendan. Zientoka dituzte: udako kiroletan, 1.627 (urrezkoak 610), eta negukoetan, 387 (142 urrezko). Lorpen horiek guztiak hainbat izenekin lortuak dira, garaian garaiko egoera politikoa gorabehera, eta dopinaren inguruko auziak tarteko azkenaldian.
Sobietar Batasunaren garaian lortu zituen garaipen gehien: 395 urrezko domina udako bederatzi Jokoetan, 1952tik 1988ra (1984an ez zen izan, boikota egin zutelako herrialde sozialistek). Negukoetan, 78 erdietsi zituen bederatzi Jokoetan. Errusiako Inperioaren garaian eta Errusiako Federazioa denetik lorturikoak batuta, 195 urrezko dauzka udakoetan, eta 64 negukoetan.
Urrezko domina gehien gimnastikan lortu zituen (73); atletismoa ez dago oso aparte (65), ezta borroka ere (62); atzerago datoz halterofilia (39), piraguismoa (29) eta beste hainbat kirol: eskrima (18), tiroa (17) eta arrauna (12), besteak beste. Neguko Jokoetan, iraupen eskian (25) eta abiadura patinajean (24) egin zuten argi Sobietar Batasuneko kirolariek.
Errusia denetik, eta izendapen guztiak kontuan hartuta, borrokan nabarmendu da (41 urrezko domina), baita gimnastikan (34) eta atletismoan ere (28). Neguko kiroletan, berriz, patinaje artistikoan eta iraupen eskian ditu gehien (18).
Olinpismotik kanpo eta taldeko kirolaren barruan, badituzte selekzio mitikoak. Saskibaloian, adibidez, nabarmentzekoa da emakumezkoen selekzioaren garaipen sorta Europako Txapelketan: 24 aldiz izan da txapeldun, Sobietar Batasunaren eta Errusiaren garaipenak kontuan hartuta. Kluben mailan ere, Europako Kopa edo Txapeldunen Liga 32 aldiz daukate irabazita: 20 Sobiet Batasunak eta 12 Errusiak.
Eskubaloian, Europako Kopa zena 22 bider irabazi zuten Sobietar Batasuneko taldeek. Boleibolean ere emaitza bikainak dauzka: 25 aldiz irabazi zuen Europako Txapelketa, eta 37tan izan zen txapeldun Europako Kopan. Errusiak sei aldiz irabazi du kontinenteko selekzioen lehia, eta klubetan, 13 titulu dituzte kluben arteko txapelketa nagusian.
Kirolari oso ezagunak
Sobietar Batasunarekin lehiatu ziren kirolarien artean, bada bat bereziki loriatsua olinpismoan: Larisa Latinina gimnasta. Ukrainarra orain, bederatzi urrezko domina irabazi zituen 1956tik 1964ra, hiru Jokotan, baita bost zilarrezko eta lau brontzezko ere.
Kirol berean, Nikolai Andrianovek zazpi urrezko domina irabazi zituen 1972tik 1980ra bitartean. Boris Xajlinek ere beste horrenbeste urrezko domina zintzilikatu zituen, gimnastikan horrek ere. Parean dute Viktor Xukarin gimnasta ere. Neguko kiroletan, Lidia Skoblikobak sei urrezko domina jantzi zituen.
Errusia denetik, Liubov Jegorova iraupen luzeko eskiatzailea ageri da puntan: sei urrezko dominaren jabe da. Lidia Skoblikova patinatzaileak ere sei dauzka. Beste horrenbeste batu zituen Vitali Xerbo gimnastak, denak Bartzelonako Olinpiar Jokoetan, eta EUNen izenean. Jelena Isinbaieva pertika jauzilaria bi aldiz izan zen olinpiar txapeldun, eta hamar aldiz jantzi zuen urrezko domina Europako eta Munduko txapelketetan. Errekorraren jabe da oraindik mundu mailan aire librean (5,06 metro). Maria Lasitskene altuera jauzilaria behin izan da olinpiar txapeldun (2021), bostetan irabazi du Munduko Txapelketa, eta hirutan Europakoa.
Urrezko historia
Errusia herrialde indartsua da kirolean. Sobietar Batasunaren garaian ere halaxe izan zen. Sekulakoa da historian lortu duen garaipen sorta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu