Lan zail eta gogorra da atezainena. Goratuak izateko, meritu handiak egin behar dituzte, baina egurra hutsegite ñimiñoenarekin jasotzen dute. Gainera, defentsen jardunak erabat baldintzatzen ditu: atzean lerro oso hauskorra izanda, zaila da atepean distira egitea. Horixe da, hain zuzen ere, sasoi honetan Osasunako atezainei gertatzen ari zaiena. Orain arte atera egin dizkieten jaurtiketen %55 inguru gelditu dituzte soilik. Horrek, ordea, harreman zuzena dauka atzelarien ezinarekin. Izan ere, erremateen %72 area barrutik egiten dizkiote Iruñeko taldeari, eta, usu, salduta egon dira atezain gorritxoak.
Oso zaila da egoera horretatik onik ateratzea. Eta zer esanik ez distira egitea. Hori soilik atezain iaioenen esku dago. Nauzet Perez, Mario Fernandez eta Salvatore Sirigu atezain onak dira, baina, sasoi honetan bederen, ez dute beren kabuz puntuak irabazteko gaitasunik erakutsi. Horretarako gai diren atezainak izan ditu Osasunak, eta ez horren aspaldi. Esaterako, gaur Sadarrera Vila-realekin etorriko den Andres Fernandez (Murtzia, Espainia, 1986). Espainiako atezainak 2011tik 2014ra zaindu zuen Iruñeko taldearen atea, eta itzal luzea utzi zuen bertan. Ez ziren gutxi izan haren alimaleko dohainei esker Osasunak poltsikoratu zituen puntuak.
Atezain espainiarrak Teneriferen haztegian hasi zuen bere kirol ibilbidea, eta, behin hemezortzi urte beteta, Mallorca B-ra joan zen. Gauzak hala, 2007-2008ko denboraldian Osasunak fitxatu zuen, bigarren taldea indartzeko asmoz. Denboraldi horretan bertan, debuta egin zuen gorritxoen lehen taldearekin, ligan, Almeriaren kontra, epaileak Elia atezaina egotzi ostean. Jose Angel Ziganda Kuko-k berriro ere haztegiko taldera jaitsi zuen, baina, aurrera begira, partida hark konfiantza eman zion. Hortik aurrera, funtsezko bihurtu zen nafarren bigarren taldean, eta, hala, Lehen Mailan beste aukera bat izateko emaitzak pilatuz joan zen.
2011ko abuztuaren 28an iritsi zitzaion; ligako lehen jardunaldian, hain zuzen. Osasuna Atletico Madrilen aurka ari zen jokatzen, Vicente Calderonen, eta Asier Riesgo zegoen atezain. Haatik, 44. minutuan debarrak zelaia minez utzi behar izan zuen, eta Jose Luis Mendilibarrek aukera eman zion Andresi. Atezain espainiarrari kasualitatez iritsi zitzaion aukera, baina, lanerako gaitasunari eta dohain paregabeei esker, postuari eutsi zion. 2011-2012ko denboraldian, ligako lehia guzti-guztiak jokatu zituen, eta joko paregabea erakutsi. Eta hori hasiera besterik ez zen izan.
Goraldia 2012-2013ko sasoian iritsi zitzaion. Hain gogoangarriak izan ziren haren erakustaldiak, ezen gorritxorik onena izan baitzen denboraldi hartan, Kike Solarekin batera. Haren ibilia ez zen oharkabean pasatu futbol munduarentzat, eta, 2013ko neguko merkatuan, atezain gorritxoa fitxatzear izan zen Real Madril —azkenean Diego Lopezen alde egin zuen apustu—. 2013-2014ko denboraldia ere ederki hasi zuen, eta egurrean aritu zen otsailera bitarte, baina, hortik aurrera, behera egin zuen nabarmen, taldearen gisa berean. Denboraldi amaieran Bigarren Mailara jaitsi zen Osasuna, eta hortxe banatu ziren talde gorritxoaren eta atezainaren bideak, Portok 2,5 milioiren truke fitxatu baitzuen.
Egonkortu ezinik gero
Geroztik, batetik bestera ibili da, eta inon ez du lortu Osasunan zuen jarraitutasunik. Porton ez zion abagunerik eman Julen Lopetegik, eta, hartara, itzalpean eman zuen denboraldi osoa. Iragan sasoian Granadara joan zen, utzita, eta bertan sentipen onak berreskuratu zituen, ligan denera 37 lehia jokatuta. Haatik, denboraldi honetan, berriro ere, sarriagotan izan da aulkian atepean baino. Vila-realera utzita etorri zen udako merkatuan, eta orain arte aurretik izan du Sergio Asenjo.
Aitzitik, iragan asteburuan Asenjok lesio larria izan zuen, eta Fran Escribak abagunea eman zion atezain gorritxo ohiari. Iraganean Osasunan egindakoa berriro egingo duen? Hori bere eskuetan dago. Urrezko izandako horietan.
Urrezko esku haiek
Aspaldiko ezagun bat izango du bisitan gaur Osasunak: Andres Fernandez atezaina. Vila-realeko jokalariak oso oroitzapen ona utzi zuen Iruñean emandako urteetan. Bere geldituekin, puntu franko eman zizkien gorritxoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu