Argitu da nork jasoko duen datorren urtarrilaren 20an Donostiako Urrezko Danborra: Realeko futbol eta hockey taldeak jasoko dute, aurreko denboraldian lortutako kirol lorpenei esker, hiriaren izena zabaltzen lagundu zutelako. Futbol taldearen kasuan, historiako lehen titulua lortu zuen: Espainiako Kopa. Maiatzaren 11n izan zen, Granadan. Txuri-urdiñek 2-1 hartu zuten mendean Atletico Madril ahaltsua, galtzen hasi eta gero. Kiana Palaciosek eta Nahikarik Garciak sartu zituzten Realaren golak. Hurrengo egunean harrera beroa egin zieten txapeldunei, eta handik gutxira ere Gipuzkoa osotik ibili ziren titulua eskaintzen.
Hockey taldeak ere nabarmentzeko moduko denboraldia egin zuen. Izan ere, Duela bi sasoi liga irabazi eta gero, Txapeldunen Ligan parte hartzea lortu zuen, eta apirilean lauko finala jokatu zuen. Bertan txapeldunorde izan zen. Finalean 7-0 galdu zuen Amsterdam kontra.
Realeko futbol eta hockey taldeek Stop kaleratzeak elkarteko Rosa Garciaren lekua hartuko dute. Aurreko sasoian harentzat izan zen garaikurra, etxe kaleratzeen aurkako egiten ari den lanaren aitorpen gisa. Ohi bezala, Urrezko Danborra emateko ekitaldia urtarrilaren 20an izango da, eguerdian, Donostiako udaletxeko batzar aretoan.