Urrezko belaunaldia. Horrela esaten diote 2018an Errusiako Munduko Kopan hirugarren postua eskuratu zuen Belgikako jokalari multzoari. Herrialdean inoiz egon den jokalari multzorik hoberena osatzen dute Kevin de Bruynek, Eden Hazardek, Romelu Lukakuk, Thibaut Courtoisek eta Jan Vertonghenek, besteak beste. Errusian lortutakoaz geroztik, itxaropen handia zegoen jokalari horiengan Belgikan. Iaz Eurokopan ere nahiko txapelketa ona egin zuten: final-laurdenetan joan ziren kalera, Italia txapeldunaren aurka galdu ostean. Belgikako zaleentzat, Qatarko Munduko Kopa da selekzioak garaikurren bat eskuratzeko duen azken aukera.
Gauzak, baina, zail jarri zaizkio Roberto Martinezen taldeari. Final-zortzirenetara sailkatu nahi badu, ezinbestean irabazi beharko dio gaur Kroaziari. Hil ala biziko neurketa izango da Belgikarentzat, eta parean ez du aurkari erraza izango. Kroazia egungo txapeldunordea da, eta oraindik ez du galdu Munduko Kopan. Kanadari aise gailendu zitzaion (4-1), eta Marokoren aurka berdindu egin zuen (0-0). Gainera, nahikoa dute berdintzea final-zortzirenetarako sailkatzeko. Luka Modric kapitain handiak azken Munduko Kopa du, eta hark eta haren selekziokideek agur ona izan nahi dute. Gauzak horrela, Belgika izango da arriskurik gehien hartu beharko duen taldea.
Errusian lortutako hirugarren lekua izan zen Belgikako selekzioak Munduko Txapelketa batean inoiz izan duen emaitzarik onena. 1986an laugarren geratu zen, Enzo Scifo, Jan Ceulemans, Eric Gerets eta Jean-Marie Pfaff jokalariek osatutako belaunaldiarekin. Errusiako Munduko Kopan egon ziren zenbait jokalari garrantzitsu falta ditu Qatarkoan; esaterako, Vincent Kompany, Marouane Fellaini eta Mousa Dembele. Hala eta guztiz ere, Belgika FIFAko rankingean bigarren postuan dago, Brasilen atzetik. Horrek erakusten du zer-nolako selekzioa den.
Azken txapelketa garrantzitsuetan izandako lorpenek itxaropena piztu dute herrialdean. Baina gehiegizko esperantza izatea kalterako izan daiteke, kontrako efektua eraginez. Hain justu, hori berretsi zuen Martinezek, Marokoren aurka 0-2 galdu ostean. Hautatzaileak nabarmendu zuen Belgikaren arazorik handiena zela jokalariengan jarritako «gehiegizko itxaropena», eta hori berdegunean duten «gozamen faltan» islatzen zela. Bestela esanda, urrezko belaunaldia bezalako deiturek ez diotela mesederik egiten jokalariei, eta gehiegizko presioa dute horregatik.
Belgikari ez zitzaion a priori ligaxka zaila egokitu, baina zaildu egin zaio final-zortzirenetako sailkatzea. Lehen partidan etxeko lanak egin zituen, Kanadari 1-0 irabazita. Bigarren jardunaldian, ordea, huts egin zuen Marokoren aurka. Taldeak neurketa kaxkarra jokatu zuen; Belgika ideiarik gabe zegoen berdegunean, bereziki taldeko izarretako bi direnak, De Bruyne eta Hazard. Horrelako neurketetan aurpegia ematera behartuta dauden jokalariak dira, eta Marokoren aurka ez ziren kasik agertu. Hori gutxi ez, eta Courtoisek Marokoren aurka lehenengo golean egin zuen akatsa garesti ordaindu zuten.
Aldagelan, eztabaida
Emaitza kaskarrek eragiten dute askotan aldagelako giroa berotzea, eta, hain justu, Belgikako selekzioan, Munduko Kopa hasi baino lehen ere, nahiko bero zegoen giroa. De Bruynek, The Guardian egunkarian txapelketa aurretik egindako elkarrizketa batean, adierazi zuen Belgikak ez zuela aukerarik Munduko Kopa irabazteko, «zaharregiak» zirelako.
Hein handi batean, De Bruynek dioena datuek berresten dute. Esaterako, atzeko lerroa osatzen duten Toby Alderweireldek eta Vertonghenek 33 eta 35 urte dituzte, hurrenez hurren. Horiez gain, taldeko izar gehienek 30 urteen langa pasatzen dute: De Bruynek 31 urte ditu, Courtoisek 34, Lukakuk 33, eta Hazardek 31.
Hori horrela izanik ere, Martinezi ez zitzaizkion batere gustatu Manchester Cityko izarraren hitzak. Horren harira, Marokoren aurkako partida galdu ostean adierazi zuen jokalariak «aske» direla haien ikuspuntua azaltzeko, baina horrelakoek ez dietela «partidarik irabazten» lagunduko.
Marokoren aurkako partidak askorako eman zuen, eta tirabirak egon ziren jokalarien artean, zenbait hedabideren arabera. L'Equipe egunkariaren arabera, Hazardek eta De Bruynek eztabaida bizia izan zuten Marokoren aurkako norgehiagokaren ondotik. Hala ere, hori argitzeko asmoz, bi jokalariek prentsaurrekoa egin zuten joan den asteartean, Frantziako egunkariak esandakoa ukatzeko eta azpimarratzeko taldea «batuta eta prest» dagoela Kroaziaren aurkako partida irabazteko. «Haserre geunden, galdu egin genuelako. Une zaila zen. Baina ez zen liskarrik egon gure artean», esan zuen Hazardek.
Aldi berean, Martinez hautatzaileak azaldu zuen «tentsioa» badagoela aldagelan baina «normaltzat»hartu behar direla horrelakoak. Baina hark ere ukatu egin zuen argitaratutakoa. «Hori idatzi duena aparta da istorioak asmatzen. Ez zen halakorik gertatu. Badirudi jendeak nahiago duela gauza txarrei erreparatu, Belgikak inoiz izan duen belaunaldi onenaz gozatu baino. Tamalgarria da».
Qatarko Munduko Kopa
Urrezko belaunaldiak azken aukera dauka
Belgikak hil ala biziko partida jokatuko du gaur Kroaziaren aurka (16:00). Irabazi ezean, Munduko Kopatik kanpo gera daiteke. Herrialdean inoiz egon den jokalari multzo hoberena osatzen dute De Bruynek, Hazardek, Courtoisek, Lukakuk...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu