Floren Nazabalek zortzigarrenez irabaz dezake gaur Urrezko Aizkora, Donostiako Trinitate plazan (19:30). Hori saihesten saiatuko dira Joxemari Olasagasti —irabazle izan zen 1990ean, 1999an eta 2007an—, Iñaki Azurmendi Gipuzkoako txapelduna; Joseba Otaegi, Unai Otañoren ordez ariko den Euskadiko finalista; eta Aitzol Atutxa, Bizkaiko txapeldun gaztea.
2004an irabazi zuen lehen Urrezko Aizkora Nazabalek. Ordutik zazpi irabazi ditu, eta soilik Olasagastik 2007an eta Lopez Azpilikuetak 2010ean lortu zuten etxarriarra gainditzea. Begiz joa du Aste Nagusian urtero egiten den proba, eta errekorra beste urtebetez irabazita handitu nahi du. Urruti gelditzen dira Arrospidek eskuratutako bost garaipenak. Txapeldunak urrezko kopaz gain diru saria ere eskuratuko du. Hori mamitsuagoa izango da Donato Larretxearen errekorra hausten bada —27.17—.
Donostiako Aste Nagusia baliatuta, hamaika ikusmiratzaile erakartzen ditu Trinitate plazak. Aizkolaritza zaleak eta turistak bilduko ditu La Flamenca guneak, ikuskizuna bermatuta egongo den aizkora saioan. Gehiagorako gogoz gelditzen direnek etzi ere herri kirolaz gozatzeko parada izango dute Trinitate plazan, Igeldoko Harria lehiaketa jokatuko baita.
Urrezko Aizkora zortzigarrenez irabazteko aukera du gaur Nazabalek
Joxemari Olasagasti, Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi eta Aitzol Atutxa izango ditu aurkari, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu