Ibilbide ikusgarria du Naiomi Matthewsek (Getxo, Bizkaia, 1997). Garaipen zerrenda oparoa du, eta hura osatzen segitzeko gogoz dago. Beste urrats bat egin berri du: urrezko bi domina irabazi ditu 53 kilo arteko grappling eta gi grappling diziplinetako Munduko Txapelketan, Belgraden. Begiz joa zuen lehiaketa, eta «ametsa» bete du bi urreak eskuratuta: «Oso gustura nago emaitzarekin». Buruz buruko borrokak dira biak, eta ezin da jo aurkaria. Hainbat teknika erabil daitezke aurkariak etsi dezan, hura heltzea tarteko —grapplinga kimono gabe egiten da, eta gi grapplinga, berriz, kimonoarekin—. Bideaz gozatu eta garaipen zerrenda osatzen segitu nahi du, eta lanean jarraituko du horretarako.
Azaldu duenez, «kasualitatez» hasi zen borrokan. Lagun batek eman zuen jiu-jitsu brasildarra probatzera, Getxoko Riders Fight Club gimnasiora, eta «hilabete bateko gauza zena bederatzi urte bilakatu dira». Hainbat kontuk harrapatu zuten: «Kirolaren moldakortasuna gustatu zitzaidan. Etengabe garatzen ari den kirola da; une oro ikasten ari zara. Gainera, autokonfiantza sortzen du».
Borroka praktikatzen hasi eta berehala ekin zio lehiatzeari, hilabete gutxira: «Beti gustatu izan zait neure burua probatzea. Kirol honek duen gauza onetako bat hori da: grapplingeko Munduko Txapelketa irabazi dut, baina nik jiu-jitsu brasildarra praktikatzen dut, eta horrek aukera ematen dizu zure pisuko eta mailako jendearekin lehiatzeko». Zenbait modalitatetan aritzen da, baina gehien gustatzen zaiona jiu-jitsu brasildarra dela dio. «Grapplinga ia berdina da, baina arau desberdinekin».
Kasualitatez hasitako bideari jarraipen ikusgarria eman dio. Haren garaipen zerrenda ikusi besterik ez dago. 2016an hasi zuen goraldia, Munduko eta Europako grappling txapelketetan zilar bana lortuta. Eta hortik aurrera, dominaz josi du bidea. Aurten goia jo du: Espainiako txapeldun izan da grappling eta gi grappling diziplinetan; Europako Txapelketan urrea eta brontzea kolkoratu ditu; eta beste bi urre lortu ditu Munduko Txapelketan. Lanak eman dio saria: «Ia egunero entrenatzen naiz, bizpahiru entrenamendu eguneko. Eta nola entrenatu ere proba eta errorea metodologiaren bidez ikasi dugu».
Tartean izan zuen etenaldi bat. 2019an lesio larria izan zuen zerbikaletan, eta hamar hilabetez geratu behar izan zuen. Zaila egin zitzaion: «Esan zidaten geratu egin behar nuela, arriskuan jartzen ari nintzelako nire osasuna. Ez nion guztiz utzi entrenatzeari, baina dezente mugatu nuen. Gero, ebakuntza ostekoa gogorra izan zen. Ezin nintzen entrenatu, eta ez nekien erabat osatuko nintzen». Psikologikoki «oso gogorra» izan zela dio: «Momentu batzuetan ozpinduta bizi nintzen». Entrenatzailearen eta taldekideen babesa eskertu du. Geldiezin dabil ordutik.
Bere garairik onenean dagoela aitortu du. Munduko Txapelketan bi urrezko dominak lortzea jarri zuen jomugan, eta 2019tik zebilen horren atzetik; lesioak eragotzi zion aurrena, eta koronabirusaren pandemia etorrizen horren ondoren. «Aspalditik nengoen honen zain. Pandemian ere honetarako prestatzen ari nintzen». Lehiaketan ondosentitu zela dio, eta estrategia ondo landuta eman zuela. Azkenean, lortu du amestutakoa betetzea.
Bi diziplinetan lortu du urrezko domina, baina bat aukeratzekotan, gusturago aritzen da kimonoarekin. Estrategiak desberdinak direla dio, mugitzeko modua ere ez delako bera. «Kimonoarekin heltze gehiago daude, blokeo gehiago egin ahal dituzu, eta kimonoarekin berarekin ere zenbait teknika egin ditzakezu».
Bide aldapatsua
Oihartzun gutxi duen kirola izanik, ez du bide erraza izan. Ingeniaritza ikasketak egin zituen, baina zailtasunak izan ditu kirola eta lana uztartzeko. «Batzuetan gogorra egin zait. Garai batzuetan, aldi berean aritu naiz ikasten, lanean eta lehiatzen. Gogorra egiten da ikustea nola beste kirol batzuei garrantzi handiagoa ematen zaien. Baina gustatzen zaidana egiten dut, eta horrek badu bere alde polita. Gauza onek txarrak estaltzen dituzte». Egun, gimnasioan klaseak ematen ari da. Aurretik, pizzeria batean ere aritu zen, baina utzi behar izan zuen. Baliabideak urriak direla dio. «Gainera, topatzen dudan lana beti da entrenamenduen araberakoa, eta hori zaila da».
Hurrengo helburua ezarri du dagoeneko: Abu Dhabiko Munduko Jiu-Jitsu Txapelketa. Azaroan egingo dute, eta han ere podiumera igotzea du xede. «Prestigio handia du». Lehiaketan parte hartu ahal izateko dirua biltzen ari da. Munduko Txapelketa antolatzen duen federazioa pribatua da, eta, beraz, hark finantzatu behar du bidaia. «Ingurukoak laguntzen ari zaizkit. Ea lortzen dudan joatea». Kirol ezezaguna izanik, ez du babeslerik, eta, azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ere ez dio bekarik eman urte hauetan.
Eskasak dira laguntzak, eta hutsalak ematen diren erraztasunak. Matthewsek, bitartean, bere ibilbidea urrez koloreztatzen jarraitzen du.
Naiomi Matthews
Urrez jositako bidea
Naiomi Matthews borrokalari getxoztarrak urrezko bi domina irabazi berri ditu grappling eta gi grappling diziplinetako Munduko Txapelketan. «Ametsa» bete duela dio. Garaipen zerrenda oparoa osatzen segitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu