GOLFA

Urrez bustitako krisia

Saudi Arabiako LIV ligak fitxatu zuenetik, Jon Rahmek behera egin du etengabe munduko jokalari onenen sailkapenean; ez du torneorik irabazi.

Jon Rahm. MICHAEL ERREY / EFE
Jon Rahm, Australian jokatutako LIV ligako torneoan. MICHAEL ERREY / EFE
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 6a
05:10
Entzun

2023ko abenduaren 8ko goiburu batek bazterrak guztiz nahastu zituen kirolean, eta, zehazki, golfean: Saudi Arabiako funts subiranoak milioika dolarrez finantzatutako LIV ligak Jon Rahm fitxatu zuen (Barrika, Bizkaia, 1994). 550 milioi dolar jasoko ditu Rahmek lau urtean, baina, kontrara, ospe eta balio askoz gutxiagoko txapelketetan ari da, zeinak ez duten ematen punturik munduko sailkapen ofizialerako. Eta horren eragina nabaritu du dagoeneko: munduko golf jokalaririk onena izatetik, zazpigarren postuan egotera pasatu da. Azken bost urteetan izan duen posturik okerrena da.

Ez da urte ona izaten ari Rahmentzat; kirolari dagokionez, behintzat. LIV ligako zazpi torneo jokatu dira oraingoz, eta ez du bat bera ere irabazi, nahiz eta baten batean gertu egon den. Halaber, liga horretatik kanpo parte hartu duen Grand Slam torneoetan onenengandik urrun geratu da: Augustako Mastersean, 45. postuan geratu zen, eta PGA txapelketan, ez zen sailkatu hirugarren jardunaldirako.

Izan ere, nahiz eta LIV liga munduan gehien ordaintzen duen liga izan, askotan kalte egiten die kirol ibilbideei. PGA zirkuituko torneoak ezin jokatu ahal izateaz gain, LIVeko torneoak berak ere asko aldatzen dira besteetatik. Batetik, motzagoak dira: hemezortzi zuloko hiru jardunaldi egiten dituzte: 54 zulo. PGAn, berriz, lau jardunaldi jokatzen dituzte. Beraz, hiru eguneko txapelketak izaten dira Saudi Arabiako ligak antolatzen dituenak, eta ez laukoak. Bestetik, lehiakide gutxiagok hartzen dute parte: 54 golflarik, hain zuzen. PGAko torneoetan, ordea, 132 eta 156 artean aritzen dira. Azkenik, LIVen ez dira torneoak bitan banatzen; hau da, torneo guztia hasieratik amaierara arte jokatzen dituzte; hala, zaleek une oro ikusten dituzte ligako izarrak, Rahm esaterako.

Zale berriak erakartzeko egin zuen formatu hori LIV ligak. 54 zenbakia bere senean dago, baita izenean ere, zenbaki erromatarrez 54 LIV baita. Lehen denboraldian torneo gutxi antolatu zituzten, baina, aurten, egutegi oparoagoa dute. Asteburu honetan, adibidez, Houstongo torneoa dute (AEBak), 25 milioi dolarreko sari poltsarekin; horixe da diru saria txapelketa guztietan.

Ondo hasi zen Rahm LIV ligan: lehen torneoan, Mayakoban (Mexiko), hirugarren postuan amaitu zuen. Hurrengo lau txapelketetan ere lehen hamarren artean sailkatu zen, baina Augustako Mastersean munduko onenen aurka jokatzeko unea iritsi zenean, ez zen ohi bezain ondo aritu: iaz irabazi egin zuen, eta aurten 45. geratu zen. LIVeko hurrengo bi torneoetan ere lehen hamarren artean geratu zen, baina PGA txapelketan ez zuen bigarren egunetik hirugarrenerako mugarria gainditu, eta 79. postuan geratu zen.

LIV ligan orain arte erakutsi du gai dela lehenengoen artean aritzeko eta torneoengatik borrokatzeko, baina Barrikakoari nabaritzen zaio ez dabilela onenen aurka jokatzen ari eta txapelketek beste formatu bat daukatela; izan ere, txapelketa nagusietan beste ligetako jokalari onenekin elkartzean, ez du lortu goiko postuetan egotea.

Iritzia aldatu zuen

Hainbat arrazoirengatik mugitu zituen bazterrak Rahmen fitxaketak. Lehenik eta behin, diru kopuruagatik: lau urtean 550 milioi dolarreko oinarrizko soldata irabaziko baitu, sariak kontuan hartu gabe. Hala ere, polemikarik handiena LIVekin fitxatu aurretik Rahmek esandakoengatik piztu zen, kritiko izan baitzen LIV ligarekin eskaintza dirutsua onartu aurretik.

Liga sortu zenetik, izan dira hara joango zen zurrumurruak, eta, horri buruz galdetzen zioten bakoitzean, Rahmek garbi zioen bera ez zela diruagatik aritzen golfean. Hala esan zuen 2022ko ekainean: «Inoiz ez dut golfean jokatu diruagatik; jokoagatik dudan maitasunagatik ibiltzen naiz, baita munduko onenen aurka aritzeagatik ere».

LIVen formatua bera ere kritikatu zuen egun horretan: «Egia esateko, LIVaren formatuak ez nau batere erakartzen. Hiru eguneko jokoa, mugarririk gabe, ez da golf torneo bat niretzat. Londresko LIV torneoa ikusi nuen pixka bat, eta esaten zen bakarra zen Charl Schwartzelek 4,7 milioi euro irabazi zituela». Aldaketa handirik ez da egon ordutik formatu aldetik, soilik torneo gehiago direla denboraldi osoan.

LIVera joan ostean, ESPN katearekin elkarrizketan, adierazi zuen 2023an Augustako Mastersa irabazi ostean asko aldatu zela bere bizitza, eta iradoki zuen gaur egun LIVa liga «erakargarria» dela: «Aldaketa bat egon da. Azaltzeko modurik onena da gu txikiak ginenean LIV golfa ez zela aukera bat ere. PGA zirkuitua zen golfaren gailurra. Hau aldaketa berri bat da, aldaketa handi bat, eta ez dut puntu hau saltatu nahi, ez duelako zentzurik». Hala ere, onartu zuen hobeto ordainduta egotea «faktore garrantzitsu bat» izan zela.

PGA zirkuitua eta LIV liga negoziatzen ari dira, bat egiteko edo bestelako neurri batzuk hartzeko, nahiz eta oraindik ez diren ados jarri. Bitartean, Rahmek ezin ditu jokatu oraindik PGAko torneoak, eta Europako zirkuituak, DP World Tourrak, astean 75.000 euroko isuna jarri dio, nahiz eta ez dion lizentzia kendu. Hala ere, 2024ko lau torneo nagusiak, Grand Slamak jokatu ditzake. 2021ean, AEBetako Irekia hamar urtez jokatzeko sailkatu zen. Augustako Mastersean, berriz, bizitza guztian lehiatu daiteke, iaz irabazi baitzuen. Garaipen horri esker ere lortu zuen 2027ra arte beste bi Grand Slamak jokatu ahal izatea: Erresuma Batuko Irekia eta PGA txapelketa. The Players torneoa da LIV ligan egoteagatik galtzen duen txapelketarik handiena.

 

JON RAHMEN DENBORALDIKO EMAITZAK

LIV LIGA

Mayakoba (otsailak 2-4). Hirugarren sailkatu zen. 

Las Vegas (otsailak 8-10). Zortzigarren sailkatu zen. 

Jeddah (martxoak 1-3). Bosgarren sailkatu zen.

Hong Kong (martxoak 8-10). Zortzigarren sailkatu zen.

Miami (apirilak 5-7). Laugarren sailkatu zen.

Adelaida (apirilak 26-28). Hirugarren sailkatu zen

Singapur (maiatzak 3-5). Hamargarren sailkatu zen.

PGA ZIRKUITUA

Augustako Mastersa (apirilak 11-14). 45. sailkatu zen.

PGA txapelketa (maiatzak 16-19). Ez zen sailkatu hirugarren jardunaldirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.