Urrez busti du Izuko pista

Leautek urrezko domina lortu du pistako jazarpen proban, Paralinpiar Jokoetan. «Sekulako» lorpena izan dela esan du.

THOMAS LOVELOCK / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Alexandre Leaute aurrenekoz lehiatu da Paralinpiar Jokoetan, eta lehiatu ez ezik, urrezko domina ere kolkoratu zuen, atzo, Tokion. Ahurtin (Lapurdi) bizi den Frantziako selekzioko txirrindularia C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkako jazarpenean azkarrena izan zen, Darren Hicks australiarraren aurretik. Guihua Liangek txinatarrak eskuratu zuen brontzezko domina. Horretaz gain, munduko marka berria ezarri zuen Baionako Urt Velo 64 taldeko kideak. Kanporaketan hobetu zuen errekorra, 3.31.817ko denbora eginez, eta gero, finalean, denbora hori ondu: 3.31,478.

Lasterketa bukatu berritan, txirrindulariak adierazi zuen «sekulakoa» izan zela garaipena lortzea: «Sekulakoa da, eta nire entrenatzaile Christophekin, medikuekin eta nire ingurunearekin egindako lanaren fruitua da». Loriaz gozatzeko betarik ez du Leautek, eta gogorarazi zuen gaur—13:20an —beste domina bat irabazteko aukera izango duela. Izan ere, 1.000 metrokoen bakarkako jazarpen lasterketan ariko da Izuko belodromoan. «Erakutsi dut gauza handiak lor ditzakedala», gehitu zuen txirrindulariak.

Badaki zer den irabaztea

Hogei urte besterik ez du Leautek, eta haren adinerako, garaipen zerrenda handia du. Iaz, urrea irabazi zuen, C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan, Miltonen (Kanada); 2019an eta aurten, errepideko Munduko Txapelketak nagusitu da. Jaiotzetik hemiplegikoa da garuneko isuri baten ondotik; hala, pedalei %95eko indar gutxiagorekin eragiten diela eskuineko hanka eta besoarekin. Bestalde, Dorian Foullon txirrindularia Frantziako selekzioarekin seigarren izan zen C5 diziplinako 1.000 metroko erlojupekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.