Goma gaineko Munduko Txapelketa

Urrearen bidea urratzera

Gaurtik igandera jokatuko dute goma gaineko sokatirako munduko txapelketa, Letterkennyn, Irlandan. Euskal Herriak inoizko ordezkaritzarik handiena izango du: hamahiru talde, beste herrialde guztiek baino gehiago

Gaztedi. Euskal Herriko txapelketan, asteburuan, Berriozarren. ANDER FELIGRERAS.
Lur Gil.
Letterkenny
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Urtez urte koska bat igotzen ari da Euskal Herriko sokatira nazioartean. Duela bi urte Txinan jokatutako munduko txapelketan, euskal taldeek inoiz baino domina gehiago irabazi zituzten goma gainean. Hamasei eskuratu zituzten denera: bi urrezko, zazpi zilarrezko eta beste zazpi brontzezko. 2014tik, ofizialtasuna lortu zuenetik, berriz, selekzioak ez du urrezko dominarik irabazi goma gainean. Gaur goma gainekoari ekingo diote, Irlandako Letterkenny herrian. Urrezko dominak lortzea izango dute helburu taldeka zein selekzioka.

Urrea garesti dago, baita sokatiran ere. Urte askotako lanaren fruitua izaten da. Baina baikor izateko arrazoiak badaude. Aurten, Euskal Herriko txapelketan talde asko lehiatu dira, eta maila txukunean denak. Horietatik gehien-gehienak izango dira Letterkennyn. Euskal Herriak inoizko ordezkaritzarik handiena izango du, hamahiru talde izango baititu: beste herrialdeek baino gehiago.

Lesakako (Nafarroa) Beti Gaztek egin du lanik onena Euskal Herriko txapelketan, jokoan ziren zazpi txapeletatik bost poltsikoratu baititu. Talde horretako gizonezkoak dira nazioartean eskarmentu gehien dutenak eta itxuraz podiumera igotzeko aukera gehien izan ditzaketenak. Baina emakumezkoek Euskal Herriko txapelketa irabazi dute aurten lehen aldiz, eta mistorako talde indartsua osatu dute nafarrek.

Lesakarrek aurreko asteburuan baino ez zuten huts egin, Berriozarren (Nafarroa). Emakumezkoen 500 kilokoan, Badaiotzek irabazi zuen, eta pisu horretan zilarra lortu dute arabarrek munduko azken bi txapelketetan. Gainera, munduko lau txapelketa irabaziak dituzte: 2004an, bi aldiz; 2008an; eta 2012an. Beraz, adi egon beharko da haiekin ere.

Gizonezkoen 560 kilokoan, Ibarrak erakustaldi ikaragarria eman zuen, eta txapela kendu zion garaiezina zirudien Beti Gazteri. Gipuzkoarrek lan handia egin dute azkenera arte, munduko txapelketara zortzikorik hoberena eramateko; okerrik ezean, podiumerako lehian izango dira.

Txina ez da ariko

Taldeen arteko txapelketa gaur hasiko da, eta herrialdekakoa, etzi. Soilik euskal selekzioa ariko da txapelketako hamar pisuetan. Selekzioa ordezkatuz, Euskal Herriko txapeldun izandako taldeak ariko dira, baina, 680 kilokoan eta 23 urtez azpikoetan, talde guztietako sokatiralaririk hoberenekin osatu dira taldeak.

Gazteek dituzte, itxuraz, podiumerako aukera gehien. Azken bi ekitaldietan atera dira lehiara; 2016an zilarra lortu zuten gizonezkoetan, eta 2018an, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.Aurten, berriz, mistoan ere sortu dute taldea, eta elite mailan aritzen diren eskarmentuzko sokatiralariak dira denak.

Txina gabeko txapelketa izango da, koronabirusa dela-eta ezin baitira Irlandan izan. Gainontzean, parte hartzea duela bi urtekoaren antzekoa da, Asiako talde gutxiago daude, eta Europako gehiago; osotara, 39. Irlandako errepublika, Ipar Irlanda, Herbehereak, Alemania, Italia, Japonia, Taiwan, Letonia, Ukraina, Errusia, Ingalaterra eta Eskoziako taldeak eta selekzioak izanen dituzte aurkari euskaldunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.