Aubisque mendateko lehen maldetan erasoka hasi ziren lehiakideak; Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), ordea, ez zen itsutu, nahiago izan zuen bere erritmoa hartu. Horrela, gutxika-gutxika, gainerako txirrindulariak aurreratuz egin zituen mendateko hamazazpi kilometroak. Helmugarako bi kilometro falta zirela, atzean utzi zuen Valentina Cavallar austriarra (Arkea). Aurretik, ez zegoen beste inor. Horrela, 1.700 metrora baino gehiagora kokatutako helmugan, behe laino artean, besoak jaso zituen 26 urteko zarauztarrak. Joan den larunbatean gertatu zen hori, Pirinioetako Itzuliko (Frantzia) bigarren etapan. Eta, igandean, bezperako lanari errematea jarri zioten. Aubisquen jantzitako elastiko horia mantendu ahal izan zuen Ostolazak. Laboral Kutxa taldeak, lehen aldiz, itzuli bateko sailkapen nagusia irabazi zuen.
Mendateetan bezalaxe, bere erritmoan egin du aurrera Ostolazak txirrindularitza ibilbidean. Triatloitik iritsi zen Laboral Kutxa taldera 2021ean, eta, ordutik, urtero-urtero aurrerapausoak eman ditu. UCI mailako Eibar Hiria Sari Nagusia da garapen horren erakusle: 2021ean ez zuen lasterketa amaitzea lortu; 2022an, 45. postuan helmugaratu zen; 2023an, hamargarren izan zen; eta, aurten, bigarren izan da. Ordutik, beste bi lasterketatan hartu du parte: bosgarren izan zen Andaluziako Itzuliko (Espainia) sailkapen nagusian, eta garaipena erdietsi zuen Pirinioetako Itzulian.
Aubisqueko igoeraz galdetuta, azken kilometroetako «sufrimenduaz eta gozamenaz» mintzo da: «Azken bi kilometroetan ikusi nuen irabaztera nindoala. Ion Lazkano zuzendariak autotik animo asko eman zizkidan, eta asko sufritu nuen, baina disfrutatzeko aukera ere izan nuen. Azken kilometroa behe laino artean egin genuen, epikoa izan zen. Betirako gogoratuko dudan une bat da».
Hurrengo egunean, taldeak lan «ikaragarria» egin zuen lasterketa kontrolpean eramateko eta Ostolazak elastiko horiari eutsi zion: «Hunkitu eta guzti egin nintzen guztiek egindako lanarekin». Gainera, Yurani Blanco taldekideak hirugarren postua lortu zuen azken sailkapenean. Garaipenaren atzea, txirrindulariez gainera, taldeko laguntzaileen lana ere goraipatu nahi izan du: «Aubisqueko helmugan zeuden laguntzaileak. Beraiekin besarkatu nintzen, momentu oso berezia izan zen. Lan ikaragarria egiten dute, eta taldearen parte oso garrantzitsua dira». Eta Ostolazaren garapenean beste pieza garrantzitsu bat bere bikotekidea izan da: «Nire mutila eta nire entrenatzailea izateaz aparte, nire sostengu sendoena da, eta zerikusi handia dauka nire pixkanakako hazkunde horretan».
Tourrean zein Giroan
Laboral Kutxak itzuli bateko sailkapen nagusia irabazten duen lehen aldia izateaz gainera, euskal ziklista baten lehen garaipena izan da UCI mailako itzuli batean Joane Somarribak 2005ean Trophée d'Or (Frantzia) irabazi zuenetik. Ostolaza Laboral Kutxarekin batera ari da aurrera egiten: «Taldea aurrerapauso oso handiak ematen ari da urtez urte; eta nik ere sentitzen dut taldearekin batera pixkanaka hazten ari naizela». Gaur-gaurkoz, Kontinental Profesional mailan daude —UCIren bigarren mailan—. Iaz egin nahi zuten jauzia World Tourrera —lehenengo maila—, baina ez zuten nahikoa puntu bildu. 2026an izango dute berriro ere igotzeko aukera, eta, itxuraz, bide onetik doaz. Aurten, maila goreneko lasterketa ugaritan hartu dute parte; besteak beste, Fleche Wallonnen, Lieja-Bastogne-Liejan eta Espainiako Vueltan. Eta datozen hilabeteetan, Italiako Giroan zein Frantziako Tourrean arituko dira.
Ezustekorik gertatu ezean, bietan hartuko du parte Ostolazak. Halere, asteburuan bertan du hurrengo helburua. Madrilen, Espainiako Txapelketan arituko da: ostiralean, erlojupeko proban; eta, larunbatean, errepidekoan. Iaz, seigarren tokian helmugaratu zen errepideko proban, eta erlojupekoan ez zuen parte hartu. «Azkenengo momentuan erabaki dut erlojupekoa egitea, ondo etorriko zaidalakoan». Izan ere, erlojupekoak ere ez zaizkio gaizki ematen, eta, mendateetan ere ondo moldatzen denez, Itzulietan ikusten du hoberen bere burua: «Konstantzia hori badaukat. Itzuliak hobeto egokitzen dira nire ezaugarrietara, egun bateko lasterketetak baino».
Izango du itzulietan aritzeko aukera datozen hilabeteetan. Uztailaren 7tik 14ra, Giroan izango dira; eta, abuztuaren 12tik 18ra, Tourrean. «Ilusionatuta gaude. Ane Santestebanekin ahalik eta lasterketarik onena egiten saiatuko gara taldekide guztiak». Horiez gainera, Espainiako selekzioarekin Europako eta Munduko txapelketetan egoteko «esperantza pixka bat» badu. Iaz, Europakoan izan zen, eta gustatuko litzaioke aurten berriro lehiatzea.
Emakumeen txirrindularitza «gehiagora» egiten ari dela uste du, eta horrela jarraituko duelakoan dago: «Neska txikiak etortzen zaizkigu txirrindulariak izan nahi dutela esanez. Erreferenteak dituztelako da hori, telebistan edo sare sozialetan ikusten gaituztelako». Ondo bidean, Ostolazak, Laboral Kutxak zein emakumeen txirrindularitzak aurrerapausoak ematen jarraituko dute.