Urratsez urrats bidea egiten ari da Javier Habans

Nafarra munduko txapelduna da xakean, 16 urtez azpiko kategorian. Maisu handi titulua lortzea da hurrengo erronka. Baikor da: «Hori lortzeko pauso gisa ikusten dut torneo bakoitza». Jesus de la Villa teknikaria du alboan.

Javier Habans xake jokalari gaztea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Javier Habans xake jokalari gaztea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Josu Tornay.
2025eko urtarrilaren 21a
05:05
Entzun

Javier Habans xake jokalari gazteak (Iruñea, 2008) arratsalde luzea izan zuen iazko azaroaren 9an, Brasilgo Floridanopolisen. Aita eta entrenatzailea hotel bateko kafetegian zain zeuden bitartean, mahai tenisean jokatu zuen lagun batekin. Noizean behin kafetegira joaten zen, dena nola zihoan jakiteko. Ez zen gutxiagorako: 16 urtez azpiko munduko txapeldunaren titulua zuen jokoan. «Urduri samar nengoen, eta emaitzari adi. Krzysztof poloniarrak partida berdindu zuenean, titulua eskuratu nuen. Poz handia hartu nuen, lan asko egin dudalako azken urteetan batez ere, eta txapelketa hura prestatzeko ere bai». 

Azken txandan, xakelari nafarrak bizkor berdindu zuen bere partida. «Hori zen estrategia: ahal izanez gero berdinketa ziurtatzea, eta, bestela, irabazteko asmoz jokatzea». Hala, bederatzi puntu bildu zituen denera, eta Krzysztof Raczekek derrigorrez irabazi behar zuen Habansen pare jartzeko. Hala gertatu balitz ere, ordea, berdinketa hausteko sistemak Habansi emango ziokeen abantaila. Nahiz eta beste jokalari batzuen emaitzen menpe egon behar zuen. Munduko txapeldun izateaz gain, nazioarteko maisu titulua eskuratu zuen, bere ibilbideko lorpen garrantzitsuenetakoa. 

Habansen arreba, Elena, xakean hasi zen duela hamabi urte, eskolan, eta arauak erakutsi zizkion nebari. Adinagatik, ordea, Javierrek ezin zuen parte hartu eskolako klaseetan. Hala, familiak xake klub bat aurkitu behar izan zuen. «Javier 4 urterekin etorri zen Oberenako klubera, eta hasieratik igartzen zitzaion zerbait berezia zeukala», azaldu du Jesus de la Villak. Habansen betiko entrenatzailea da De la Villa. «Esaten dute Jose Raul Capablanca munduko txapeldun kubatarrak 4 urterekin ikasi zuela xakean jokatzen, eta handik gutxira gai zela aitari eta beste jokalari batzuei irabazteko. Nik ez nuen sinesten istorio hori, harik eta Javier ezagutu nuen arte. Adin horrekin zeukan irabazteko grinak eta ideia konplexuak ulertzeko haren gaitasunak harritu ninduten, batez ere».

«Hasieratik ikusten zen zerbait berezia zuela. Irabazteko zeukan grinak eta ideia konplexuak ulertzeko haren gaitasunak harritu ninduten»

JESUS DE LA VILLAJavier Habansen entrenatzailea

Xakearen historia haur miragarriz beteta dago. Horietako bat izan zen Capablanca. Baina azken hamarkadetan batez ere, gero eta jokalari gazteagoak azaldu dira. Gainera, gero eta gazteago irabazten dituzte tituluak. Jokalari horiek ordu asko ematen dituzte xakean jokatzen, eta alde batera uzten dituzte beste gauza asko. De la Villaren arabera, Habansek ez du hala egin. «Javierrentzat xakea oso garrantzitsua izan da beti, eta denbora asko eskaintzen dio. Baina ikasketekin jarraitu du, eta beste kirol batzuk ere egiten ditu». Oraindik ez du argi xakean profesionalki arituko ote den. «Uste dut ezetz. Baina, adibidez, maisu handi titulua bizkor lortuz gero, eta dena ondo badoa, berriro pentsatuko nuke. Dena den, unibertsitate ikasketak egitea da nire asmoa. Ziurrenik, ekonomiari lotutako zerbait ikasiko dut».

Hain gazte hasita, ez du gogoan nola ekin zion xakean jokatzeari, baina xehetasun batzuk bai: «Umea izanda, arraroa egiten da jende zaharragoarekin hainbeste denbora pasatzea. Baina entrenamenduetan bizkor hobetu izana lagungarri izan zait jokalari zaharragoekin dudan harremana hobeto kudeatzeko. Azken finean, askoz gazteagoa nintzen, baina xakean haien maila bera neukan, eta denborarekin, hobeagoa».

FIDEko maisu titulua 2021ean lortu zuen, 13 urtetan eta nazioarteko maisuarena iaz, 16 urte zituela, Floridanapolisen. Baina bidea ez da erraza izan. «10 urte bete arte etengabe egin nuen aurrera elo zerrendan, baina, 2018an, asko egin nuen behera denbora gutxian. Etsi samar gelditu nintzen, eta pentsatu nuen agian igoera eten egin zela. Baina hori dena erlatiboa da. Jesusi esker barneratu dut maila on bat lortuz gero emaitzak izaten direla eta gora egiten duzula. 2020an behera egin nuen berriz ere. Ia 70 elo galdu nituen. Asko kostatu zitzaidan horri buelta ematea eta berriro ere 2.400 elora hurbiltzea».

Hobetzeko ilusioz

Maisu handi titulua lortzea izango litzateke hurrengo helburua. Baina urrats hori zailagoa da. «Maisu handi titulua lortzeko, gauza dezente hobetu behar ditut: batez ere, irekitzeak dibertsifikatzea, horrela malguagoa izateko torneoetan. Kalkulua hobetzeak ere garrantzi handia izango du prozesu horretan». Jokalari askok arazoak izaten dituzte maisu handi titulua lortzeko, eta antsietatea izaten dute, behar beste elo puntu lortu ezinik. Baina Habans baikor da: «Ilusioz helduko diot hurrengo urratsari, eta erronkak ez nau urduri ipintzen. Torneo bakoitza aukera bat izango da pauso hori emateko».

«Maisu handi titulua lortzeko gauza dezente hobetu behar ditut: batez ere, irekitzeak dibersifikatzea. Kalkulua hobetzea ere garrantzitsua izango da»

 JAVIER HABANSXake jokalaria

De la Villa maisu handia da, bi aldiz Espainiako txapeldun izana. Bere garaian, munduko hirurehun jokalari onenen artean egon zen, 1987an munduko txapelketako zikloan parte hartu zuen, Szirakeko Interzonalean (Hungaria) jokatuz. Azken bi hamarkadetan batez ere entrenatzaile eta idazle lanetan ibili da, eta haren liburuak gehien saldu direnetakoak dira xakeari buruzkoen artean. Funtsezkoa izan da Habansen bilakaeran: «Hura hainbeste denboraz entrenatzaile izatea da nire lorpenen gakoetako bat. Gaur egun, Espainiako entrenatzailerik onenetakoa da, eta dakien guztia irakasten dizu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.