Urratsa egiteko prest

Osasunak Racingi irabazi nahi dio gaur Nafarroako Erresuman, aurkari bati aurrea hartu eta jaitsieratik gehiago urruntzekoSasoi honetan lehendabiziko aldiz bi partida jarraian irabaz ditzake Iruñeko taldeak

Natxo Monreal, Mallorcaren aurka. Gaur hasieratik ariko da partida bateko zigorra bete ondoren. IÑIGO URIZ / ARP.
Iruñea
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Malagan hamahiru hilabeteko bolada txarrari amaiera eman eta behingoz etxetik kanpo irabazi ostean, beste erronka bat du gaur Osasunak: sasoi honetan lehendabiziko aldiz bi partida jarraian irabaztea. Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldeak Racing hartuko du Nafarroako Erresuman. Helburua argia da: hiru puntuak eskuratu, Racingi sailkapenean aurrea hartu eta jaitsieratik gehiago aldendu.

Entrenatzailea aldatu duten azken bi taldeak ariko dira gaur aurrez aurre Iruñean, eta argi dago bi taldeek gora egin dutela aldaketarekin. Mendilibarrekin Osasunak bi partida irabazi ditu, bat berdindu eta bi galdu. Marcelino Garcia Toralekin, berriz, Racingek bi partida irabazi ditu, bi berdindu eta bakarra galdu. «Entrenatzailea aldatzen denean, lehen hilabetean taldeak hobera egitea normala da, aldaketarekin gogo bereziarekin hasten baitira lanean jokalari guztiak. Gero, berriz normaltasuna etortzen da, ordea, eta orduan neurtu behar da hobekuntza. Berdintzen ez badugu bi taldeotako baten joera ona amaitu egingo dela argi dago», esan zuen atzo Mendilibarrek entrenatzaile aldaketen garrantzia arinduz.

Entrenatzaile bizkaitarra ez da fio Racingekin, eta «pazientzia handia» izan beharko dutela gogoratu zuen, zelaian beti ondo kokatu eta presarik gabe jokatzen duen taldea baita Racing, haren esanetan. Gainera, azken denboraldietan Osasunaren mamu beltza bilakatu da Santanderko taldea, azken lau denboraldietan irabazi egin baitu Racingek Iruñean. Mendilibarrek baikor izatearen garrantzia azpimarratu zuen atzo horren harira, dena dela: «Estatistikak aintzat hartuta, Racingi irabaziko diogun eguna gero eta gertuago dela ondorioztatu beharko dugu, baikor izatea oso garrantzitsua baita. Ea asteburu honetan aldatzen dugun Racingen aurkako joera txarra, iragan asteburuan etxetik kanpoko joera txarra aldatu genuen bezalaxe».

Monreal hamaikakora itzuliko da zigorra bete ostean, eta gaur zigorra bete beharko duen Sergio ordezkatzeko hautagai nagusiak Josetxo eta Miguel Flaño dira. Lehen taldeko jokalari guztiak sartu ditu deialdian Mendilibarrek, Aranda, Pandiani, Oier eta Ruper —min hartuta daude— eta Sergio —zigortuta dago— izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.