Borja Rodrigo. TKEko presidentea

«Urrats handi hau Euskotren ligaren sorreraren pare jartzen dut»

AITOR ARRIZABALAGA / TKE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Traineru Kluben Elkarteak abenduaren 11n eman zuen 2023tik aurrera Euskotren ligan zortzi traineru ariko diren albistea. Borja Rodrigo (Bilbo, 1977) TKEko presidentearen ustez, urrats horren bitartez emakumezkoen arraunak alderdi askotan hazkunde handia izango du.

Euskotren ligan zortzi ontzi egoteak zer ekarpen egin dezake?

Uste dut aldaketa honek TKEri eta emakumeen arraunari bultzada handia emango diola. Urrats handi hau Euskotren ligaren sorreraren pare jartzen dut. Duela hamalau urte, emakumezkoen lehiaketarik ez zegoenez, aitzindaria izan zen. Ordutik, emakumezkoen arrauna gehiago indartzen eta elikatzen joan gara. Euskotren ligako traineru kopurua zortzira igotzeak, liga bera handitzeaz gain, ETE eta Galiziako ligak indartuko ditu.

Zein alderdi hartu dituzue kontuan urrats hori egiteko?

Euskotren liga handitzeko alderdi asko hartu ditugu kontuan: antolaketa, logistika, ikus-entzunezkoa, ekonomikoa... Azken horretan, gainera, sari banaketen diru kantitatea handituko da, zortzi traineru izango direla eta.

Zure ustez, aldaketa hori lehenago egin zitekeen, ala 2023a urte egokia izango da?

TKEk bazkideekin egiaztatutako erabakia izan da. Bazegoen jende bat 2022ko denboraldian liga handitzearen alde zegoena. Uste dugu presaz hartutako erabakia izango zela; izan ere, garai honetan jada taldeak osatuta daude, eta lehiaketa nahasteko arriskua izango genuke. Jendeari lehiaketaren egitura eta arauak aurreikuspen batekin jakinarazi behar zaizkio. Guk 2023. urtea jarri dugu, garairik onena dela uste dugulako.

2023tik aurrera, Euskotren ligako egutegia handituko duzue?

Mahai gainean dugun beste kontu bat da. Egutegian estropada gehiago egiteko tartea dagoen arren, hazkundeak progresiboa izan behar du. Hori bai, egoerak baimentzen badu eta alderdi guztiak bat egiten badute, egutegia handitzearen aldeko urratsa egingo dugu.

Lehen hiru sasoietan gutxienez Galiziako bi ontzi ariko dira. Zer dela eta?

Arduratsu jokatu nahi izan dugu. Galiziako emakumezkoen arraunari egonkortasuna emateko eta indartzeko hartutako erabakia izan da. Era berean, ETE ligari urte batetik bestera lau ontzi onenak kenduko bagenizkio, errenka utziko genuke. Ez dugu kaltetu nahi. Eusko Label liga sortu zenean ere, gauza bera egin zen: kupo geografikoa zegoen, Galiziako eta Kantabriako elkarteentzat. Gero, kendu egin zen.

Igoerako kanporaketa nolakoa izango da?

Igoerako kanporaketaren egitura hil honen amaieran egingo den batzarrean zehaztuko da. Zuzeneko igoerak eta jaitsierak egongo diren aztertzen ari gara.

Estropadetako ordutegian eraginik izango du?

Egungo ordutegiak ez du inolako aldaketarik izango, ETBren eta TVGren arteko elkarlanari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.