Uribesek dio euskal selekzioa lehia daitekeela Nazioarteko Pilota Federazioaren txapelketetan

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko presidentearen arabera: «Euskal gizarteak merezi du euskal pilota nazioartean aitortua izatea. Gizarte demokratiko batean erabat normala dena egiten ari gara».

Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko presidentea.  BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko presidentea. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko martxoaren 19a
23:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko presidente Jose Manuel Rodriguez Uribesek adierazi du euskal selekzioa lehia daitekeela Nazioarteko Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan. «Pilota valentziarrean, Valentziako erkidegoko selekzioak Munduko Txapelketan hartu zuen parte, eta finalera iritsi zen Belgikaren kontra. Euskadi ere lehiatu zen emakumezkoen kategorian, eta urrea irabazi zuen. Normaltasuna eman behar diogu horri, 2022ko Kirol Legearen 48. artikuluan jasotzen den moduan», adierazi du.

Maiatzean Nazioen Liga jokatuko da Gernikan, eta euskal selekzioak bertan parte hartzeko aukeraren inguruan hau adierazi du: «Naturaltasuna eman behar diogu, beste kirol batzuetan naturala baita». Harago joan da: «Zentzua du euskal gizarteak euskal pilota nazioartean aitortua ikusteak. Gizarte demokratiko batean erabat normala den zerbait egiten ari gara». 

Berriro ere 48. artikuluari erreparatu dio. «Artikulu horrek kirol jakin batzuei erreparatzen die, orain arte aitortuak izan ez diren batzuei. Aitortza kontu bat da, batez ere kirol hori jokatzen den tokietan: Euskadin, Nafarroan eta Errioxan». Artikulu hori jasotzen den legea «lege on bat» dela gogorarazi du Uribesek. «Gobernuak lege hori aplikatzeko betebeharra du. Aniztasuna bultzatzen duen lege bat da, kirolen aniztasuna aitortzen duena. Kirol horiek bereziak dira, eta nazioartean isla izan dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.