Eusko Label liga

Urdaibaik Orion galdutakoa berreskuratu du Hondarribian

Hamargarren bandera irabazi du Hondarribian, etxeko traineruaren aurretik helmugaratuta.

Urdaibai artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Urdaibai, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 10a
20:07
Entzun

Urdaibai liderrak irabazi du Hondarribiko estropada beroa. 30 gradutik gorako tenperatura zegoen estropada eremu inguruetan, eta Bermeoko taldeak nagusitasunez irabazi du eguzkipean. Hondarribiak estutu egin ditu bizkaitarrak; parean aritu dira estropadaren lehen erdian, baina bigarrenean Urdaibai azkarrago aritu da. Donostiarra izan da hirugarren. Torrekua-k aurrekalaria galdu du lehen ziabogan, uretara erori baita, baina estropada ikusgarria egin du arraunlari bat gutxiagorekin.

Berdez tindatu da Hondarribia herriko estropadaren egunerako. Herriko arraun elkartea ez da urterik ederrena igarotzen ari; irabaztera ohituta dago taldea, baina apalago ari da aurten. Nolanahi ere, iragan igandean poz galanta hartu zuen Ama Guadalupekoa-k Orion. Bigarren txandatik eman zuten ezustekoa, eta denboraldiko lehen bandera astindu zuten. Esne mamitan igaro dute astea zaleek eta arraunlariek.

Zaleen hauspoa baliatuta, Hondarribia ederki aritu da etxean. Lehen luzean Urdaibairen irteera indartsuari eutsi dio, eta bigarren luzean estropadaren burua hartu du Ama Guadalupekoa-k. Hala ere, une txarrak ez dio gehiegi iraun Urdaibairi. Ziabogara aurretik iritsi da Bermeoko taldea, eta brankaz aldea handitu du, zazpi segundora. Hondarribiak ez du etsi, baina Bou Bizkaia-k ondo kudeatu du aldea, eta Iker Zabalaren taldeak altxatu ditu besoak helmugan. Handik zortzi segundora helmugaratu da Hondarribia, etxeko zaleen animo oihuen artean. Pozarren agertu da Gorka Aranberri: «Liga pultsu bat da. Batzuetan aldea murriztu egingo da, eta besteetan, handitu. Baina, pixkanaka, gure alde jartzen ari da».

«Liga pultsu bat da. Batzuetan aldea murriztu egingo da, eta besteetan, handitu. Baina, pixkanaka, gure alde jartzen ari da»

GORKA ARANBERRIUrdaibai taldeko arraunlaria

Eguneko irudia Donostiarrak utzi du. Iñigo Arzallus aurrekalaria uretara jausi da aurreneko ziabogan, eta arraunlari bat gutxiagorekin egin dituzte donostiarrek estropadaren hiru laurden. Eskifaian bat gutxiago izan arren, bikain egin dute arraunean donostiarrek. Bereari eutsi diote, egoskor, eta hirugarren amaitu dute estropada. Urdaibairengandik eta Hondarribiarengandik gertu aritu dira, baina ziabogetan galera handiegia izan dute, ontzia ezin zuzenduta. Zierbena, berriz, urruti gelditu da. Egun apala izan dute galipoek, eta segundo bakarrarengatik lortu dute laugarren postua. Urdaibaik baino 30 segundo gehiago behar izan dituzte estropada amaitzeko. 

Oriok, berriz, lehen aldiz egin du arraun bigarren txandan Galiziako lehen jardunaldiaz geroztik. San Nikolas ontzia klubak berak espero zuen baino hobeto ari da aurtengo udan, eta Hondarribiarekin eta Donostiarrarekin mokoka ari da ohorezko txandako partaide izateko. Gaurkoan lehia estua izan du Ondarroarekin bigarren txandan. Antiguako Ama denboraldi bikaina egiten ari da, eta hortzak zorroztuta aritu da gaurkoan ere Hondarribian. Hiruzpalau segundoren aldea izan dute mirotzek estropada guztian zehar, eta azken ziabogara ere halaxe iritsi dira. Azken luzean erabaki da txandako garaipena, esprintean. Sei segundoren aldea ere izan dute gipuzkoarrek, baina Iñaki Errastiren eskifaiak erakustaldia eman du poparean, eta elkarrekin iritsi dira amaieran. Helmugako argazkia behar izan da txandako garailea zein izan den jakiteko, eta, azkenean, Oriori eman diote garaipena, 16 ehunenekoren aldearekin.

Txandako hirugarrena Isuntza izan da. Behetik gora ari da Lekittarra Eusko Label ligan, eta, txandako lehen bi ontzien atzetik amaitu duen arren, lan ona egin du Osertz Aldayren taldeak. Kaiku lehen txandako lehen sailkatua baino hiru segundo bizkorrago amaitu du estropada. Getariak, ordea, egun beltza izan du. Esperantza Orion hirugarren izatetik zetorren, baina oso apal aritu da Hondarribian. Berehala galdu ditu lau segundo, estropada hasi berria zela, eta aldea gero eta handiagoa izan da. Orio eta Ondarroarekin 30 segundo galdu ditu.

Lehenengo txandan lehia estua izan dute Kaikuk eta Cabok. Sestaokoek hobeto hasi dute estropada, eta lehen luzean azkarrenak izan dira. Zazpi segundo atzetik ere izan da une batean Cabo, baina, hala ere, poparean lan ona egin dute galiziarrek, eta parean iritsi dira bigarren ziabogara. Bizkaitarra-k segundo pare bat hartu ditu hirugarren ziabogan, eta azken luzean hanka egin du olatuak baliatuta. Azkenerako, 11 segundokoa izan da bien arteko lehia.

Bueu eta San Pedro apalago aritu dira, orain artean bezalaxe. Libia-n kanporaketetan pentsatzen hasiak dira jada, zail baitaukate hamargarren sailkatuarengana iristea, eta azkenak izan dira gaur, irudi kaxkarra erakutsita. Bueurengandik 25 segundora iritsi dira helmugara.

Bost urteko itxaronaldia

San Pedroren eta San Juanen azken urteak ez dira onak izan. KAE1 ligan aritu dira, eta, horren ondorioz, Pasaian ez da estropadarik jokatu azken bost urteetan, Lehen Mailan. San Pedroren igoerari esker, ordea, bueltan dira trainerurik onenak Pasaian. Eremu berezia da; izan ere, sei luzetara eta bost ziabogatara jokatzen den estropada bakarra da. Kontuan hartzeko aldagaietako bat beroa izango da. Iragarpenek bero handia ematen dute: 35 gradu inguruko tenperatura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.