Arrauna Eusko Label liga

Urdaibaik ez dauka aurkaririk

Erakustaldia eman du Bermeoko taldeak, eta jokatu dituen estropada guztiak irabazten jarraitzen du. Bigarren Zierbena izan da, harengandik ia hogei segundora, eta hirugarren, berriz, Hondarribia, minutu erdira.

Gorka Aranberrik ligako hirugarren bandera astindu du. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gorka Aranberrik ligako hirugarren bandera astindu du. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
2024ko uztailaren 6a
20:59
Entzun

Hasi eta buka nagusitasun handiz irabazi du Urdaibaik bere palmareseko bigarren Fabrika bandera. Bou Bizkaia-ren azken asteetako irudiari eutsi diote Iker Zabalaren arraunlariek, eta estropada ikusgarria egin dute Eusko Label ligako hirugarren bandera irabazteko. Bigarren Zierbena izan da, Urdaibaikoengandik ia hogei segundora, eta hirugarren Hondarribia, minutu erdira. Ohorezko txandako azkena Orio izan da, berrogeita bi segundora.

Lehen luzetik hasi da Urdaibai errenta handitzen, eta aurkaririk ez duela erakutsi du beste behin. Itsaso harrotuan, bikain moldatzen da Bermeoko eskifaia, eta traineruak inork jarri ez duen erritmoa jarri du gaur Kontxako badian. Aspalditik ez zen horrelako nagusitasunik ikusten arrauneko goi mailan, eta Bermeoko traineruak estropadetan ateratzen dituen errentak beldurgarriak dira.

Hirugarren luzean puskatu ohi ditu estropadak Urdaibaik, baina gaur ez dute hainbeste itxaron nahi izan Zabalaren arraunlariek. Argi berdea ikusi orduko, palada azkar eta indartsuak jo dituzte, gainontzeko txandakideek baino nabarmen gehiago, eta tartea ireki dute lehen metroetan. Tarte horiek mantentzen trebeak dira bermeotarrak, eta Gorka Aranberri patroiak ez die bere arraunlariei erritmoa apaltzen uzten.

«Garbi geneukan gaur ahalik eta arraunketarik onena egitea zela gure lana. Hasieratik tartea irekitzera irten gara, eta bi luze bikain egin ditugu»

GORKA ARANBERRIUrdaibaiko patroia

Bou Bizkaia aurrera zihoan bitartean, Zierbena eta Hondarribia parean mantendu dira, Orio zertxobait atzeratzen zen bitartean. Lehen ziabogan, dagoeneko sei segundoren aldea ateratzen zien Urdaibaik bigarren eta hirugarren traineruei, eta orduan hasi da bigarren posturako lehia.

Poparean izugarrizko abiada sartu du Urdaibaik, eta hogei segundoren aldea atera dionean Hondarribiari, erori egin da Ama Guadalupekoa. Zierbenak, ordea, ez du behera egin, eta azkar batean gainditu du ontzi berdea. Ontzi bateko tartea ireki du Bizkaiko taldeak, eta Hondarribiak ez du jakin haren erritmoari jarraitzen.

Azken ziabogan ikusi dira ia behin betikoak izango ziren tarteak. Urdaibai hegan, Zierbena hemeretzi segundora, Hondarribia 24ra, eta Orio 38ra. Hala ere, estropada ona osatu dute Orioko mutilek. Azken baliza horretan dozena bat segundo ateratzen zizkion bigarren txandako Isuntza garaileari, eta helmugan, azkenean, sei izan dira. Mikel Arostegiren arraunlariek sendotasuna erakutsi dute beste behin ohorezko txandan aritzeko.

Santa Klara uhartea pasatuta, erritmo bizia moteldu du Bou Bizkaia-k, bihar Zierbenan estropada garrantzitsua dutela jakitun. Helmugan 21:22ko denbora markatu du. Zierbena ia hogei segundora heldu da, eta Hondarribia, hamabi segundo beranduago. Oriok laugarren postua eskuratu du, eta Isuntzarentzat sekulako arrantza izan da bosgarren postuan amaitzea. Urdaibairen tarte erraldoiez jabetzeko, minutu baten aldea atera dio zazpigarrenari, eta hiru minutu baino gehiago azken sailkatuari. Gainontzeko traineruetatik koska bat edo bi gorago daudela berretsi dute.

Isuntza eta Donostiarra ziaboga egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isuntza eta Donostiarra, ziaboga egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU

Bigarren txandak ere izan du bere saltsa. Isuntzak irabazi du, Donostiarra etxeko traineruaren aurretik. Hirugarren postuan ere borroka sutsua izan dute Getaria eta Ondarroak, baina azken luzean Esperantza-k lortu du azkarrena izatea.

Hasieratik, Donostiarra izan da txanda menderatzen saiatu den trainerua. Lehen metroetatik hasita, eta bigarren luzera arte, Igor Makazagaren arraunlariak txanda irabazteko intentzioz gailendu zaizkie beste traineruei, baina ez dute luze mantendu estropadaburua. Istant batean, Isuntzak tartea nabarmen murriztu du, eta, olatu pare bat hartuta, estropadaren buruan jarri da. Poparean itzuli bikaina egin dute Osertz Aldairen arraunlariek.

Isuntza, bikain poparean

Baina edonoiz lortu zezakeen Donostiarrak bien arteko tartea kentzea. Hori buruan izanez, Isuntzak ez du atzera begiratu behin ere, eta paladaz palada lortu dute tarteari eustea. Azken ziabogara hiru segundoko tartea zuten, eta azken luzea hasterako, seira zabaldu dute. Helmugarako, azkenean, hamar segundokoa izan da tartea. Baina azken luze horretan atzean egon dira ikusleen begiradak. Getariak eta Ondarroak lehia bizia izan dute bata bestearen aurretik amaitzeko, eta azkenean Getariak lortu du hirugarren postu hori, poparean luze bikaina eginez.

Lehen txandan, Galiziako Cabo taldea gailendu da, eta ustekabea eman du hala. Boiroko taldeak kalerik onena baliatu du txanda irabazteko, eta hasieratik egin dute hori lortzeko hautua. San Pedrok ere orain arteko estropadarik onena egin du. Estropadaren zati handi batean galiziarren parean aritu da, baina azkenean haiengandik hemeretzi segundora iritsi da helmugara. Oso urrun, Kaiku eta Bueu iritsi dira. Bizkaiko traineruak Cabo baina minutu bat eta hamasei segundo gehiago behar izan ditu, eta Bueuk, minutu bat eta erdi. Bihar Zierbenan (Bizkaia) izango dute asteburuko bigarren estropada (12:20, ETB1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.