Joan den igandean Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak jokatu ziren. Orokorrean, ustekabe gutxi: Gipuzkoan, Hondarribiak irabazi zuen gizonezkoetan, eta bere hegemoniari eutsi. Eta emakumezkoetan, Arraun Lagunak nagusitu zen. Bizkaian Urdaibai eta Kaiku gailendu ziren, alde handirik gabe. Orain, denboraldiko lehen banderaren ondotik, igande honetan jokatuko dute bigarrena: Euskadiko Traineru Txapelketa. Donostian jokatuko da (12:05, ETB1). Gipuzkoatik zortzi ontzi joango dira –emakumezkoen lau traineru eta gizonezkoen beste lau–. Bizkaitik, berriz, zazpi –emakumezkoen hiru eta gizonezkoen lau–. Mikel Azkarate Urdaibaiko arraunlariak (Barakaldo, Bizkaia, 1988) eta Ane Sanchez Arraun Lagunak-ekoak (Anoeta, Gipuzkoa, 1998), bandera altxatu zuten aurreko asteburuan, eta bihar ere asmo berbera dute.
Donostiako txalupak eroso menderatu zuen estropada, baina Sanchezentzat dena ez da emaitza. «Emaitzak lagundu egin zuen, baina gure sentipenak ez ziren oso onak izan arraunean. Oraindik erritmoa hartu gabe gaude, eta estropadan pixka bat erotuta joan ginen». Izan ere, sentipen onak izatea da, hain justu, denboraldi hasierako estropada hauetako helburua. «Test hauek konfiantza hartzeko balio dute, eta urtean zehar egindako lana ondo doala ikusteko. Besteen maila ikustea ere ondo dago, lehenengo postuetan ibiltzeko gai zarela frogatzeko. Eta, alde horretatik, konfiantza puntu hori ematen dute test hauek».
«Bizkarrezurrari eutsi dio gure taldeak, eta urte asko dira punta-puntan. Hobekuntza fisiko edo teknikoa baino gehiago, mentalitate edo gose horri eustea da talde honen gakoa».
MIKEL AZKARATEUrdaibaiko arraunlaria
Bermeoko ontziak ere ez zuen arazo handirik izan Bizkaiko bandera astintzeko, baina Azkarate bat dator Sanchezen hitzekin. «Txapelketa hauek lehen uztailean jokatzen ziren, eta ekaineko estropadak denboraldiaurrekoak ziren, martxan jartzekoak. Ez gara gure onenean aritu, baina, gaur egun, ez da erraza estropada hauetara ondo iristea, eta uste dut lan nahikoa dugula udari begira».
Hala ere, negu osoan aurkariak baino puntutxo bat gorago egon dira bi ontziak. Urdaibairi dagokionez, azken urteetako dinamika aipatu du Azkaratek: «Neguko estropadek eta aurreko bi urteetako emaitzek erakusten dute dinamika onean gaudela. Baina kontziente gara udan irabazi nahi badugu geure onena eman behar dugula. Nahiz eta emaitzek zerbait esan, barrutik badugu lanean jarraitzeko hamaika motibo».
Emaitza on bat bestearen atzetik kateatzeak ere baditu bere ondorio positiboak, eta Arraun Lagunak-ek horri heldu nahi dio Euskotren liga hasi aurretik. «Horrelako garaipen bat gehigarri bat da. Astelehenean entrenatzera joaten zarenean lagundu egiten du. Baina hankak lurrean ditugu. Aurreko denboraldian astindua eman ziguten Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan. Baina udan gu izan ginen nagusi. Proba hauek onuragarriak dira konfiantza hartzeko, baina udari begira ez dira erabakigarriak».
«Aurreko denboraldian astindua eman ziguten bai Euskadin eta bai Gipuzkoan, baina udan gu izan ginen nagusi. Proba hauek ondo daude konfiantza hartzeko, baina ez dute ezer esan nahi udari begira».
ANE SANCHEZArraun Lagunak-eko arraunlaria
Euskadiko Traineru Txapelketak badu bere prestigioa, eta Urdaibaik palmaresaren goikaldean jarraitu nahi duela berretsi du Azkaratek: «Euskadiko Txapelketa irabaztea beti da polita, eta euskaldunontzat, behintzat, berezia. Badauka esanahi berezia eta ez da batere erraza Euskadiko Txapelketa irabaztea». Horretarako, eta gainontzeko denboraldiari aurre egiteko, azken urteetako bizkarrezur beraren laguntza izango du. «Bizkarrezurra mantendu dugu, eta urte asko dira punta-puntan. Hobekuntza fisiko edo teknikoa baino gehiago, mentalitate edo gose hori mantentzea da talde honen gakoa. Hobekuntza tartea txikia da, eta gure erronka da anbizio maila berean mantentzea».
Dena irabazteko hautagaiak
Arraun Lagunak ere dena irabazteko hautagai sendoa da, aurreko denboraldian Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ostean. Sanchezek «oso ondo» ikusten du taldea, eta «gogo handia» du Euskadiko Txapelketa irabazi eta ligan murgiltzeko. «Entrenamenduak bikain doaz, eta oso fidakor gaude. Urtean zehar lan oso ona egiten ari gara, eta, horrela jarraitzen badugu, badakigu hor egongo garela. 2022an oso urte txarra pasatu genuen, ez baikenuen jakin presioa kudeatzen, eta alde horretatik askoz lasaiago ikusten dut taldea. Ilusio eta gogo handiz».
Denboraldi hasieran beti egoten da ezjakintasuna traineruen mailari dagokionez, espekulazioak, apustuak... baina Azkaratek argi dauka behin denboraldia hasita ez dagoela barkatzerik. «Udako lehenengo asteburuetako puntuak eta irailekoek berdin balio dute, eta askotan ekainera begira jartzen gara. Baina guk buruan daukagu hasieratik onena eman behar dugula. Euskadiko Txapelketa garrantzitsua izango da liga ahalik eta hobekien hasteko».
Sanchezek adierazi du neguan uretara ateratzeko aukera gehiago izan dutela, eta Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak Ligara begirako prestakuntza bezala hartu dituztela: «Zaila izango da biharko estropada, ziur. Baina ondo etorriko zaigu, lehia handia egongo baita aurtengo ligan. Horregatik, beste taldeekin lehiatzeak hobetzera behartuko gaitu. Aurreko denboraldiko denborak orokorrean apaldu egingo direla uste dut. Baina guk dena irabaztean sinesten dugu».