Ekainean jokatu diren txapelketa guztiak irabazi ditu Urdaibaik. Hori dela eta, aurreikuspenek zioten gaur irabazteko hautagai nagusia zela, eta ez du hutsik egin. Bermeotarrek irabazi dute Coruñako bandera, Eusko Label ligako lehenengoa, Hondarribia bigarren sailkatuari hamabi segundo aterata. Hirugarren txandan aritu da Bou Bizkaia, gainerako hautagaien denborak jakinda. Donostiarra sailkatu da hirugarren, eta Zierbena laugarren. Lau talde horiek ariko dira biharko ohorezko txandan.
Denboraldiko lehen estropada izanda, zozketa bidez erabaki ziren txandak. Lehenengoan, San Pedro, Hondarribia, Kaiku aritu dira. Bigarrenean, Zierbena, Cabo, Donostiarra eta Orio. Eta, azkenekoan, Bueu, Ondarroa, Urdaibai eta Getaria.
Lehen txandan nagusitasun osoz gailendu da Mikel Orbañanosen eskifaia, espero zitekeen bezala. Estropada hasi eta berehala lortu du Hondarribiak estropadaren burua hartzea, eta ez du askatu. Erlojupeko saioa egin du Ama Guadalupekoak, bandera irabazteko helburuaren atzetik. Eta hori lortu nahian, eskatu eta eskatu aritu zaie Ioseba Amunarriz patroia, arraunlariei.
Gainerako hiru ontziak, berriz, beste helburu batekin uretaratu dira. Eusko Label ligan mantentzea, hori da hiruren nahia. Eta ikusgarria izan da lehen puntuak eskuratzeko lehia. Lehen ziabogara parean iritsi dira hiru ontziak, Hondarribiarengandik zortzi segundora. Bigarren luzean epaileak lanak izan ditu. Izan ere, San Pedro eta Isuntza elkarrengandik hurbilegi ari baitziren. San Pedrok aldatu behar izan du norabidea, eta mugimendu horretan segundo batzuk galdu ditu Libiak. Kaiku bi horiek baino bost segundo motelago ari zen, baina lehia hori baliatu du haiengana hurbiltzeko. Bost segundoren bueltan egin dute hirurek estropada, baina, azkenean, Isuntza izan da azkarrena. Kaiku izan da hirugarrena, eta San Pedro, laugarrena.
Bigarren txandan lehia estuagoa espero zitekeen Zierbenaren eta Donostiarraren artean, txandako lehen postua eskuratzeko. Banderen lehian aritu nahi dute bi ontziek, eta gaur ere hori zuten helburu. Hala ere, ez da hala izan. Orio gertu izan dute une oro, eta Cabo, berriz, urruti aritu da, txandako azken postuan. Lehen luzean, Zierbenak bi segundoren aldea atera dio Donostiarrari, eta lauren Oriori. Baina ez du Hondarribiaren denbora hobetu.
Bigarren luzean Donostiarrak hartu du estropadaren burua, eta estropada ez da gehiegi aldatu amaiera bitartean. Lan bikaina egin du Igor Makazagak zuzentzen duen taldeak, eta txanda aise irabazi du, azkenerako. Sari nagusia gertu izan dute, gainera. Hondarribiarengandik hamar segundora izan dira donostiarrak lehen luzean, baina, azkenerako, bi segundoren galera besterik ez dute izan donostiarrek. Zierbenak eta Oriok inguruan egin dute estropada guztia, baina bizkaitarrak nagusitu dira azkenerako. Cabo izan da txandako azkena, eta zaplasteko galanta jaso du. San Pedroren denboratan amaitu ditu lanak; lehen txandako azken sailkatua baino segundo eskas bat lehenago.
Oilarraren kukurrukua
Hirugarren txandan haizea aldatu da. Brankaz kontra izan dute haizea hirugarren txandan aritu direnek, eta alde, berriz, poparean. Bertan aritu da Urdaibai faboritoa, baina Iker Zabalak zuzentzen duen ontziak ez du hutsik egin. Txandakideak zukutu egin ditu lehen minututik hasita, eta Hondarribiaren denbora izan dute jomugan, hasiera-hasieratik. Lan erdietan estropadako denborarik onena markatu du Bou Bizkaiak, baina Hondarribia baino segundo bakar bat bizkorrago aritu da, soilik. Hala ere, aleka-aleka handitu du aldea Urdaibaik, eta azkenerako bandera irabazi du, hamabi segundoren aldearekin.
Gainerakoan, Ondarroak eta Getariak pare-parean egin dute estropada guztia. Ondarroak aurretik egin ditu lehen bi luzeak, baina hirugarrenean aurre hartu dio Esperantzak, eta azken luzean handitu egin du alde hori. Txandako bigarrena izan da Getaria, eta sailkapen nagusiko seigarrena. Bueuk oso urruti egin du estropada guztia. Azkena izan da, San Pedro hamaikagarrenarengandik hamazazpi segundora.