Irabazle sena duen eta banderen lehian aritu nahi duen edozein talderentzat ez da gustukoa izaten bigarren txandan arraun egitea; ez, behintzat, Urdaibairentzat. Seigarrena da Eusko Label ligan, emaitzek postu horretara eraman baitute. Zuhur baina egoera ilun horretatik ateratzeko «itxaropentsu» mintzatu da Jon Elortegi Bou Bizkaia ontziko prestatzailea (Barrika, Bizkaia, 1977).
Azken asteburuko bi estropadetan, bai Bilbon bai Santurtzin, arraunlari guztiek inoiz baino lehertuago amaitu zuten. Alde handia dago itsasoan aritu ala ur geldoetan aritu?
Horrelako eremuetan, palakada batean ere ez dago huts egiterik. Bietan lehorrean nintzen, eta Bilbon, esaterako, patroiekin komunikatzeko erabiltzen dugun gailutik esan eta esan ari nintzaion Josuri [Andoni Barturen patroia] arraunlariei gehiago estutzeko. Sufritzeko mentalitatearekin lehiatzeko estropada gogorrak eta exijentzia handikoak izan ziren biak. Atzoko [herenegungo] eguna atseden hartzeko eta indarberritzeko baliatu genuen. Beharra genuen.
Santurtziko estropadan hiru segundoko zigorra jaso zenuten, Donostiarraren kalean sartu eta palak jotzeagatik. Justua izan zen?
Momentu horretan, Donostiarrari aurre hartzeko asmoz, arriskatu egin ginen. Epaileek euren lana egin zuten, eta nik uste dut merezitako zigorra jaso genuela. Justua izan zen, eta modu horretan hartu beharko dugu.
Denboraldi erdia bete duzue, eta Urdaibai seigarren postuan dago. Zer sentipen duzu?
Kirolariak beti gehiago nahi du. Egia esan, orain gauden postuan baino gorago egoteko esperantzaz hasi genuen denboraldia. Entrenamenduetan egindako lana ez dugu erakutsi estropadetan. Nahiz eta azken estropadetan hobeto ibili garen, argi ikusi da egiten ari garena oraindik ez dela guztiz nahikoa goian egoteko.
Urdaibai esperotako lekuan al dago?
Ezustekoa izan da guretzat seigarren postuan egotea. Bagenekien ohorezko txandan sartzea oso zaila izango zela, kalitate handiko talde asko baitaude. Dena den, Urdaibairen hasierako helburua zen hirugarren txandan egotea.
Zertan hobetu behar duzue?
Lehen esan dizudan bezala, entrenamenduetan ematen dugun maila lehian islatu nahi dugu. Horrez gain, huts teknikoak ere egin ditugu, ziabogetan nahiz luzeetan, eta bi zeregin horiek hobetu behar ditugu, kosta ahala kosta.
Ontzia azkar ez doanean, arraunlariak tostaz aldatzearen aldekoa zara?
Guk geure eskema dugu, eta estropada bat ez bazaigu ongi atera, aldaketaren bat egiten dut. Baina, normalean, ez naiz arraunlariak tostaz mugitzearen aldekoa.
Bigarren txandan, Donostiarrarekin buruz buruzko lehia duzue, eta azken jardunaldietan Igor Makazagaren taldea gailendu zaizue, batez ere estropadako bigarren zatitik aurrera. Zer azterketa egiten diozu horri?
Hasteko, esan beharra daukat aurkari oso gogorra dugula alboan: Donostiarra. Sasoi oso onean dago, eta emaitzak ikusi besterik ez dago; birritan egin du hirugarren.
Hainbesteko eragina du zuengan ohorezko txandan arraun ez egiteak eta bigarrenean joan behar izateak?
Egia esan behar badizut, bai. Arraunlariak ohituta daudenez lehen postuetan ibiltzera, estropada bakoitzean ohorezko txandan ez ibiltzeak antsietatea eragiten digu. Orain arte erakusten ari garen maila horren guztiaren ondorioa da.
Birritan ohorezko txandan aritu zarete: Donostian eta Getxon. Eta birritan seigarrenak izan zarete. Ohorezko txandan erritmo biziagoa dagoela iruditzen zaizu?
Puntu ona hartzeko gaude oraindik, eta asko dugu hobetzeko. Donostian eta Getxon ohorezko txandan jokatu genituen estropadetan, ikusi zen beste hiru ontziak gehiago izan zirela. Baina ordutik aurrerapauso bat eman dugula uste dut.
Oztopoak oztopo, nolakoa ari da izaten Urdaibairen lana, emaitzak alde batera utzita?
Lan handia ari gara egiten, eta egunetik egunera are hobeagoa. Trainerua azkarrago dabil, eta esperantza dugu abuztutik aurrera goian ibiliko garela.
Sailkapenak ez du islatzen Urdaibai egiten ari den lana?
Ez, baina egiten dugun lan hori ez dugulako estropadan islatzen. Arraunean, emaitzek dute balio gehien. Estropadak azterketa modukoak dira, eta, ez badira emaitza onak lortzen, halakoa izango da sailkapeneko postua. Hori da gure errealitatea.
Ohorezko txandan sartu ezin izanda, arraunlariak nola daude?
Arraunlariak emaitza onak lortzeko gosez daude. Estropada jokatu eta emaitza geure aldekoa bada, badakit arraunlariek euren buruarekiko konfiantza eta morala handituko dutela, baita lasaitua hartu ere. Aurrealdean ibiltzeko gaitasuna dugu.
Banderaren baten beharra duzue?
Urdaibaik banderaren beharra du; irabaztea da aukera bakarra. Talde honen helburua beti da irabaztea, eta, hori lortzen ez bada, helburua ez da beteko.
Bederatzi puntura duzue Orio laugarrena. Oraindik posible ikusten duzu ohorezko txandan sartzea?
Oraindik aukerak ditugu ohorezko txandan sartzeko. Iaz bezala, aurten ere gorabehera handiko denboraldia ari da izaten, eta talde gehienok puntu galera handiak izaten ditugu. Pentsa: Zierbenak, esaterako, bi bandera irabazi ditu, baina igandean zortzigarrena izan zen. Beraz, edozer gerta liteke, mesederako nahiz kalterako.
Abuztuan sartu gara, eta hilabete bat falta da Kontxako Banderarako. Burua eta begiak estropada horra zuzenduak dituzue jada, ala oraindik goiz da?
Burua eta bi begiak datorren larunbateko estropadan ditugu jarriak. Kontxako Banderaren aurretik estropadak geratzen dira. Pausoz pauso joango gara, eta banderaren lehian sartzea izango da asmoa. Horretarako, lan handia egitea tokatzen zaigu, eta ikusiko dugu hemendik hilabetera non gauden.
Asteburu honetan, Galizian izango dituzue ligako bi jardunaldiak: Rianxon eta Boiron. Lehengoa estropada eremu berrian jokatuko duzue. Ezustekoak gertatzeko beldur zarete?
Rianxon ez dugu inoiz jokatu, eta ikusiko dugu zer-nolako estropada eremutan jokatuko dugun. Horrek, agian, tentsioa handituko digu guztiei, ezustekoak gertatzeko beldurragatik edo. Ea emaitza polita lortzen dugun.
Aurten, inoiz baino gehiagotan zaude Bou Bizkaia ontzitik kanpo barruan baino. Nola daramazu trantsizioa?
Egia esan, mutilak oso indartsu ikusten ditut. Nik jada 44 urte ditut, eta, Urdaibain maila oso ona dagoenez, asteburuero trainerua ahalik eta arinenen joateko eskifaia jartzen dut, eta, taldearentzat onerako bada ni kanpoan geratzea, kanpoan geratuko naiz.
Arrauna. Jon Elortegi. Urdaibaiko entrenatzailea
«Urdaibaik banderaren beharra du; irabaztea da aukera bakarra»
Urdaibai ez dago Elortegik eta haren kuadrillak uste zuten lekuan; ohorezko txandatik kanpo, seigarrena da. «Huts teknikoak» egiteaz gain, entrenamenduetan egindako lana ezin izan dute islatu estropadetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu