Arrauna. Eusko Label Liga

Urdaibaik azken luzean kendu dio Boiroko bandera Donostiarrari

Lehen hiru luzeetan buruan izan dira gipuzkoarrak, baina ezin izan dute balentria errematatu. Sailkapen nagusian atzo galdutako bi puntuak berreskuratu dituzte bermeotarrek.

Paulo Ostolaza.
2024ko uztailaren 21a
18:15
Entzun

Urdaibai garaipenaren bidera itzuli da. Atzo, Aguiñoko estropadan (Galizia), Zierbenak astindu zuen bandera, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten bermeotarrek. Tartean sartu zen Donostiarra, zeinak asteburu zoragarria egin baitu. Gaur, ordea, atzo sailkapen nagusian galdutako bi puntuak berreskuratu ditu Bou Bizkaiak. Ohorezko txandan lehiatu da Donostiarra, eta lehen postuan egin ditu lehen hiru luzeak, baina azkenekoan ezin izan dio eutsi Urdaibairi.

Garaipena, gainera, ustez txarrena zen kaletik lortu dute bizkaitarrek, laugarrenetik. Lehenengotik aritu da Torrekua II, asteburuko ezustekoa. Hori dela eta, azken luzean abantaila izan zezakeela zirudien, baina ez da oztopo izan sailkapen nagusiko liderrarentzat. Azken ziaboga bikaina eman du Gorka Aranberrik, eta bere arraunlariak estutu ditu helmuga lehen postuan zeharkatzeko. Helmugan ontzi batena izan da errenta, hiru segundorena. Denboraldiko seigarren bandera da Urdaibairentzat. Beste biak Zierbenak irabazi ditu; hirugarren bukatu du gaur.

Donostiarra, atzo eta gaur bildutako postuei esker, ohorezko txandan sartzeko lehian bete-betean sartu da: 70 puntu ditu, eta 71 eta 72 dituzte Hondarribiak eta Oriok, hurrenez hurren. 

Hondarribiak lan ona egin du lehen txandatik, eta laugarren amaitu du gaur. Atzoko estropadak utzitako aho zapore txarra zertxobait gozatu dute horrela Mikel Orbañanosen mutilek. Txandan aise nagusitu dira, eta bigarren txandan arraun egin dutenak ere ez dira gerturatu Ama Guadalupekoaren denboretara. Oriok bosgarren amaitu du, Hondarribiarengandik segundo eta erdira. 

Ondarroa izan da seigarren, Cabo zazpigarren, eta, estropada ederra egin arren, San Pedro zortzigarren izan da, galiziarrengandik lau segundo milaren eskasera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.