Eusko Label liga

Urdaibaik aurreikuspenak bete ditu Getxon

Zierbenak estutu egin ditu bermeotarrak, baina azken luzean txapeldun handien jarrera erakutsi du 'Bou Bizkaiak'. Orio izan da hirugarren, eta Donostiarra laugarren. Hondarribia seigarren izan da, eta bigarren txandan ariko da Lekeition.

Urdaibaiko eskifaia, Getxon. GORKA RUBIO / FOKU
Urdaibaiko eskifaia, Getxon. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 27a
19:45
Entzun

Bigarrenarekin zuen aldea handitzea lortu du Urdaibaik, Getxoko bandera irabazita. Iker Zabalak argi zeukan eguneko helburua: «Bandera irabazi, eta, ezin bada, Zierbenaren aurretik gelditu». Bada, esan eta egin. Bermeotarrek zazpigarren bandera irabazi dute, Zierbenarekin buruz buru aritu eta gailenduta. Azken ziabogatik irten berritan jo du Urdaibaik, eta bertan handitu du aldea. Orio izan da hirugarren, eta Donostiarra eta Getaria Hondarribiaren aurretik gelditu dira.

Mahai gainean kolpea jota gailendu da Urdaibai Getxoko uretan. Sasoi honetako estropada hasiera azkarrenetako bat egin du Iker Zabalaren taldeak, eta, hala, estropadaren burua hartu; gero, pixkanaka, aldea handitzea lortu du Bou Bizkaiak. Bost-sei segundoren aldea ere zabaldu dute, baina Zierbenak estu hartu du liderra lanerdietatik aurrera. Bi segundora murriztu du aldea azkeneko ziabogan. Hala ere, maniobra amaitu, eta lehenengo metroetan hiru segundo gehiago atera dizkio Urdaibaik Zierbenari, ziztu bizian, eta aldea bost segundora zabalduta, orduan erabaki da bandera. Zierbenak lau segundo gehiago behar izan ditu estropada amaitzeko. Gorka Aranberri patroia pozik agertu da, baina lorpen gosez daudela aitortu: «Arerioak azkar dabiltza, baina gu ere bai. Talde hau gora egiteko gai da, eta horretan saiatu behar dugu».

Oriok ere estropada ona egin du. Mirotzak espero baino hobeto ari dira, eta Getxon ere ondo eutsi diete bi oilarrei. Estropadaren bigarren erdian gehiago sufritu dute Mikel Arostegirenek, baina hirugarren izan dira, hamahiru segundora. Hondarribia urruti gelditu da gaur. Hasiera-hasieratik aritu da txandakideen erritmoari ezin eutsita, eta segundoak aleka-aleka galdu ditu. Azkenerako seigarren izan da Ama Guadalupekoa, bigarren txandako lehen bi ontzien atzetik.

Bigarren txandan erakustaldia egin du Donostiarrak, beste behin. Badira bi aste, behintzat, ohorezko txandako arraunlariekin arrantzan ari dela Torrekua. Igor Makazagak lehen txandan ikusten zuen bere burua sasoi hasieran, baina bosgarren egon dira orain arte. Hala ere, aldea txikitzen ari dira pixkanaka, eta gutxienez bigarren txandakoak baino koska bat gorago daudela erakutsi dute gaur. Branka aurretik sartu du Donostiarrak, ohikoa duen hasiera azkarrarekin, eta erlojupeko lanean aritu da estropada guztian, ohorezko txandako ontziren bat atzean uzteko helburuarekin. Lortu egin du azkenerako. Sailkapen nagusian ere laugarren postua eskuratu du, gainera.

Txandako beste hiru ontziak banaka-banaka iritsi dira helmugara. Getariak eutsi dio ondoen Donostiarrari. Esperantza hamahiru segundora ere aritu da, baina Unax Eizagirre donostiarren uberan jarri da, eta txikitu egin da bien arteko aldea. Bosgarren amaitu dute, Hondarribiaren aurretik. Cabo izan da hirugarren, eta Ondarroa laugarren, ohi baino urrutiago.

Kaiku, arantza aterata

Orain arte ez da ikusi Getxoko lehen txandaren parekorik. San Pedrok eta Kaikuk lehia bizia daukate azken-aurreko postuari izkin egiteko, eta ederki ikusi da bi taldeak puntuak lortzeko beharrean direna; Isuntza baino hobeto aritu dira. Bi taldeentzako albiste bikaina da hori, kontuan hartuta Isuntza bigarren txandakoekin ari dela lehian. Hala ere, benetako poza Kaikuk hartu du, bizkaitarrak izan baitira txandako garaileak.

Joan den asteko arantza ateratzeko aukera izan du Jon Elortegiren taldeak. Majo sufritu behar izan du, ordea. San Pedroren lehen luzea ikustekoa izan da, eta lau segundoren aldea atera dio Kaikuri. Hala ere, Bizkaitarra ontzia parean jarri da bigarrenean, eta azken ziabogara iritsi aurretik aurreratu; Kaikuk bi segundo lehenago amaitu du maniobra. Denboraldi honetan hainbatetan gertatu zaion bezala, luzeegi egin zaio estropada Libia-ri, eta lehen erdi ona egin duen arren, sufritu egin du Isuntzaren aurretik amaitzeko.

Albiste txarra aurrerago iritsi zaie pasaitarrei, Ondarroa —bigarren txandakoa— sartu baita Kaikuren eta haien artean. Hortaz, Kaikuk bi puntu handitu du San Pedrorekin zeukan aldea. Lekittarra-k orain arteko estropadarik apalena egin du, eta azken-aurrekoa izan da. Bueu azkena izan da berriro ere, eta badirudi azken postura kondenatuta dagoela. 

Getxo arraun taldeko beteranoetako bat hil da estropada amaitu berritan

Festa behar zuen atzo Getxon, baina goiz-goizetik ilundu zen eguna. Herriko arraun klubeko beteranoen taldeak estropada jokatu zuen goizean, eta Alberto Tellitu arraunlaria bertan hil zen, bihotzekoak jota. Larrialdi zerbitzuak ordubete baino gehiago egon ziren suspertze lanetan, baina ezin izan zuten ezer egin. Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldian minutu bateko isilunea egin zuten haren omenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.