Bermeora joan da Euskolabel ligako Sestaoko bandera. Lehia ikusgarria izan da itsasadarrean Urdaibairen, Zierbenaren eta Hondarribiaren artean, eta, azkenean, bermeotarrek bi segundoren aldearekin irabazi dute. Seitik garaipenetatik bost eskuratu dituzte denboraldi honetan, eta Gorka Aranberrik aitortu du atzo Bilbon irabazi ez izanaren arantza sartua zutela Urdaibaiko arraunlariek. Gaur, ordea, irabazi, eta ederki ospatu dute.
Oihu artean jaso dute bandera berde-beltza Urdaibaikoek. Teorian txarrena zen kaletik atera dira, baina bigarren eta laugarren luzean bazterrera egin dute, zero kalera, eta irabazteko gai izan direla azpimarratu du Aranberrik. Bigarren Zierbena izan da, 2.30era, eta hirugarren, Hondarribia, 2.53ra. Orio hemeretzi segundora heldu da helmugara.
Sailkapen nagusian 71 puntu ditu dagoeneko Urdaibaik. Atzo Zierbenak puntu bat murriztu zuen aldea, baina gaur berriro zazpira jarri da Urdaibai. Hirugarren Hondarribia da, 59 punturekin.