Arrauna

Urdaibaik astindu du Bueuko bandera ere

Eusko Label ligako lehen bi estropadak irabazi ditu 'Bou Bizkaia'-k. Zierbena izan da gaur eutsi dion bakarra.

Urdaibaiko arraunlariak garaipen bat ospatzen, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Urdaibaiko arraunlariak garaipen bat ospatzen, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko ekainaren 30a
14:30
Entzun

Baldintza ezberdinetan eta aldaketak eginda ere, emaitza bera izan da. Konfiantzaz beteta dabil Urdaibai, eta sekulako nagusitasuna erakutsiz hasi du denboraldia. Aurreikuspenak bete, eta Galizian jokatu diren Eusko Label ligako lehen bi estropadak irabazi ditu, atzo Coruñan eta gaur Bueun.

Gaur Zierbena izan da bermeotarrei gauzak zaildu dizkien ontzi bakarra; hiru segundo eskasekoa izan da bien arteko aldea. Bigarren luzeko azken metroetan lortu du errenta Bou Bizkaiak, baina, hortik aurrera, atzera begiratu gabe egin behar izan dute arraun, gogotik estutu baititu Zierbenak. Atzo ez zuten estropada ona egin galipoek, baina Bueuko ur lasaietan erakutsi dute aurten ere lehen postuetako lehian ibiliko direla.

Hirugarren eta laugarren postuetan bigarren txandako bi onenak sailkatu dira, Orio eta Getaria, hurrenez hurren. Nor baino nor aritu dira; Oriok hirugarren ziabogan galdu du Esperantzar-i zion aldea, eta sekulako ahalegina egin behar izan du azken luzean aldeari eusteko. Lortu du, ordea. Lehen bi estropadetako emaitzak, ezbairik gabe, albiste bikainak dira taldean zenbait aldaketa izan dituzten oriotarrentzat, Mikel Arostegi prestatzaileak aitortu duen moduan. Pozik egoteko moduan dira getariarrak ere.

Izan ere, bi traineru horiek atzean utzi dituzte ohorezko txandako Hondarribia eta Donostiarra, bosgarren eta seigarren sailkatuak. Lehia estua izan dute horiek ere, baina azkenean bizpahiru tosta aurretik amaitu du Ama Guadalupekoak.

Lehen txandan Cabo da Cruz izan da azkarrena, eta azken sailkapenean zortzigarren izan da, bigarren txandako Lekittarrari aurrea hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.