ARRAUNA. EUSKO LABEL LIGA

Urdaibai izan da azkarrena Zarauzko estropada ikusgarrian

Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldia irabazi du Bou Bizkaiak, Donostiarraren aurretik. Garaipenen marka historikoa berdindu dezake bihar.

Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 17a
20:13
Entzun

Eusko Label ligako oilarrek enbataren mehatxua izan dute Zarauzko estropadaren lehen jardunaldian. Lehen txandan, izan ere, eguraldia nabarmen gogortu da, baina estropadak aurrera egin ahala atertu egin du, arraunlarien mesederako. Urdaibaik eman du Zarauzko Ikurrina irabazteko lehen pausoa, Donostiarrari ia bost segundo aterata. Gainera, hamabi garaipenetan jarri dira, TKE ligako garaipenen markatik bakarrera.

Estropada erdia ikusgarria egin dute ohorezko txandako lau traineruek. Urdaibai eta Zierbena jarri dira hasieratik buruan, baina Hondarribia eta Donostiarra gertu izan dituzte. Bigarren luze bikaina eginda, bi ontzi gipuzkoarrak bizkaitarren parean jarri dira lan erditan.

Hasieran sinestezina zirudien arren, lau segundoan sartu dira lau ontziak, eta bigarren maniobra ia parean egin dute denek. Handik Bizkaiko bi ontziak atera dira buruan, baina galipoek espero ez zuten arazo bati egin behar izan diote aurre estropada buruan zirela. Ziabogan arrauna puskatu zaio arraunlari bati, eta ordezkoa ezin izan du atera, ondoren beste taldekide batek berea eman dion arte.

Begirada guztiak Zierbenako eskifaian zeuden bitartean, erasoa jo du Donostiarrak, eta Urdaibairi branka sartu dio estropada buruan jartzeko. Atzetik Hondarribia eta Zierbena etorri dira, sei segundoren aldearekin.

Dena erabakitzeko zegoen azken luzerako, eta azken maniobrak ere berebiziko garrantzia zuen buruan zihoazen bi ontzientzat. Donostiarra behin baino gehiagotan iritsi da Urdaibairen parean azken luzera, baina Bou Bizkaiak beti egiten die ihes. Gaur, ordea, olatu gainean edozer zen posible.

Hirugarren kaletik zihoazen bi ontziak, parez pare, eta epailea, atzetik. Urdaibai Donostiarraren kaletik sartu da, eta abisua jaso du bere norabidea aldatzeko. Mugara eraman du Gorka Aranberrik gaurko lehia, baina beste behin asmatu egin du Zarauzko patroiak.

Behin eta berriz aritu dira erasoa jotzen, baina azken 100 metroetan momentu gozoa izan du Urdaibaik, eta olatu gainean egin du helmugarako bidea. Donostiarra, sekulako estropada osatuta, ia bost segundoren aldean sartu da helmugara. Ez da diferentzia handia biharko jardunaldirako, baina Urdaibaik beste estropada garaipen bat gozatzeko aukera dauka. Hirugarren Hondarribia izan da, hamabi segundora, eta aurpegi ona erakutsiz. Zierbena, izan duen arazo horrekin arrastaka, hamabost segundora iritsi da.

Horien aurretik, bigarren txandako lau patroiek zailtasunak izan dituzte estatxa heltzeko, eta kostata eman dute hasiera. Hala eta guztiz ere, estropada bikaina eskaini dute, eta ez dute hutsik egin. Itsasoan bikain moldatzen diren traineruak direla frogatu dute.

Lehendabiziko bi kaleetatik bizkor atera dira Orio eta Getaria, eta haiek egin dute txanda irabazteko lehen saiakera. Oriok asmatu egin du bere arraunketan, eta lehen luzean errenta polita atera die txandakideei. Lehen balizara heldu orduko, lau segundoren errenta zuen Ondarroarekin, bost Getariarekin, eta hamar Isuntzarekin. Osertz Aldairen eskifaia trebea da itsasoko estropadetan, baina gaur normalean baina arazo handiagoak izan ditu estropada burura hurbiltzeko.

Bigarren luzean indarrak parekatu egin dira, eta olatu baten aldean aritu dira Ondarroa, Orio, eta Getaria. Oilarren pare aritu dira elkarri mokoka, Getariak olatu handi bat hartu eta lehiakideekin zuloa handitu duen arte.

Esperantzak hamar segundoko tartea ireki du, eta ez du abantaila askatu nahi izan amaieraraino. Unax Eizagirre patroiak bikain asmatu du bere eskifaiaren norabidearekin, eta ziabogako maniobrak ere zorrotzak izan dira. Surflarien antzera aritu da patroi getariarra, bere taldeak etxekoa izango balitz bezala sentitzen duen estropadan.

Pazientzia galdu gabe, Oriok ez du amore eman, eta azken luzeraino Getaria gainditzeko aukerekin iritsi da. Hamaika segundoren aldea bazuen azken ziabogan, minutu gutxian bost segundora gerturatu ere egin da. Beste olatu batekin Getariaren gainean jarri da, baina batak hartu duen olatua besteak hartzen zuen.

Lehia ikusgarria eskaini dute bi ontziek azken 500 metroetan, olatu gainean barrurantz. Getaria izan da helmugara iristen lehena, Orio baino hiru segundo azkarrago. Ondarroa izan da hirugarren, 26 segundora, eta Isuntza, 30era.

Kaiku sartu da bigarren txandan

Ontzi apalen txandak ere izan du zeresana. Gizonezkoek jokatu duten txandarik gogorrena izan da, baldintza meteorologikoen arabera, baina hori ez dute oztopo izan estropada polit bat osatzeko. 

Kaikuk estropada bikaina egin du, eta bigarren txandan arituko da bihar, Isuntzak baino lau segundo gutxiagoan egin baitu estropada. Bigarren Bueu izan da, bere denboraldiko estropadarik onena osatuta alde nabarmenarekin. Hirugarren Cabo iritsi da; atzean aritu arren, ondo amaitzen jakin du. Azkenik, San Pedro iritsi da; estropada kaskarra egin dute, Libiako arraunlarien etsipenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.