Petronor Banderako hiru txandak jokatu dituzte gaur eguerdian, Zierbenako (Bizkaia) uretan. Ohorezko txandan, Urdaibai nagusitu da, bigarrenean Donostiarra eta hirugarrenean, Cabo.
Urdaibaik, Oriok, Zierbenak eta Hondarribiak jokatu dute ohorezko txanda. Urdaibai jarri da buru lehenengo ziabogarako bidean, baina berdinduta atera dira lau traineruak lehenengo ziabogatik. Orio aurreratu zaio Urdaibairi, baina bizkaitarrak berehala hasi dira berriz segundoak jaten. Bigarren ziabogatik atera berritan bost segundoren tartea ateratzen zieten gipuzkoarrei.
Zierbena eta Hondarribia atzean ibili dira une oro, hamar bat segundora.
Hirugarren ziabogaren ostean, Hondarribiak olatua hartu du, eta bigarren lekua kendu dio Oriori. Zierbenak ere aurrea hartu dio Oriori azken txanpan.
Azkenean, bermeotarrak zazpi segundoren abantailarekin nagusitu dira (19. 41.).
Bigarren txandan, Donostiarrak
Lehenengo hiru minutuetan, aurrea hartu du Donostiarrak, eta lau segundoren aldea atera dio Getaria bigarrenari. Atzetik ibili dira Lekeitiarra eta Ondarroa.
Lehenengo ziaboga ondo jokatu du Donostiarrak, eta bi traineruren errentarekin atera da maniobratik. Seigarren minutuan sei segundoren abantaila zuen Donostiarrak, atzean denborek antzeratsu jarraitu duten bitartean.
Getaria, ordea, segundoak jaten aritu da, bigarren ziabogarako bidean, eta hirura egotea lortu du. Baina Donostiarrak berriz handitu du tartea hirugarren ziabogarako bidean.
Zazpi segundoren abantailarekin atera da Donostiarra maniobratik.
Azkenean16 segundoren abantaila atera dio Donostiarrak Getariari: 20.02. Getaria izan da bigarren, Ondarroa hirugarren, eta Lekeitiarra azkena.
Kaikuren Ziaboga txarrak
Bi maniobra txar oraindu ditu gaurkoan Kaikuk, eta, ateratako abantailari esker, Kaiku heldu da aurrena lehenengo ziabogara, bi segundoren tartearekin, baina ez du ondo egin maniobra, eta abantaila galdu du.
Horren ondorioz Bueu jarri da aurretik ziabogatik irten eta berehala. Edonola ere, Kaikuk berreskuratu egin du lehenengo postua, luze gabe, eta berehala berriz atera dizkio galduriko bi segundo horiek.
Bueu postuak galduz joan da geroztik. San Pedro atzean aritu da estropadaren lehenengo zatian, baina atzetik aurrera egin du, eta bigarren jarri da. Cabok ere Bueu harrapatu eta pasatu du.
Bigarren ziaboga txukun egin du Kaikuk, lehena ez bezala. Cabo ere ongi baliatu da maniobraz, eta bigarren jarri da, Kaikutik hiru segundora, eta San Pedro segundo batez atzean utzi du.
Bueun lehertu egin da, eta hamar segundo galdu ditu. Geroztik, lehia bizia izan da Caboren eta Kaikuren artean.
Baina hirugarren ziabogan ere abantaila galdu du Kaikuk, eta Cabok aurrea hartu dio, hiru segundo aterata. Baina Kaiku akuilatzeko balio izan du horrek, eta azken txanpan segundoak janez joan da. Baina, azkenean, Cabok tosta batengatik irabazi dio.