Ur aparretan

Kirolari profesionalak uretara itzuli dira, eta gogo handiz eta ilusioz ari dira entrenatzen, bakarka. Lehen egunetako gozatuaren ostean, hasi dira indarberritzeko lanean, eta lehiaketetara noiz itzuliko zain daude orain.

Begoña Lazkano piraguista. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kirolaren munduari bidea geratzen zaio oraindik normaltasunera itzultzeko. Baina kirolari profesional gehienak maiatzaren 2tik etxetik kanpo entrenatzen ari dira. Bizipoz apur bat eman die, eta ez zaie askori luzaroan ahaztuko itzulerako lehen entrenamendua. Urarekin lotura estua duten kirolariak ere egoera horren lekuko izan dira, besteak beste, Axi Muniain surflaria, Begoña Lazkano piraguista eta Iñigo Llopis igerilaria.

1. BEGOÑA LAZKANO Piraguista

«Urarekin kontaktua izateko beharhandia nuen»

«Naturarekin lotura estua duen kirola da piraguismoa». Hala adierazi du Begoña Lazkanok (Pasaia, Gipuzkoa, 1994). Konfinamenduaren eraginez, ordea, bi alderdiak lotzen zituen soka etenda zegoen. «Urarekin kontaktua izateko behar handia nuen», aitortu du. Pasaiako portuan egin zuen lehen entrenamendua, eta ez bere ohiko bizilekuan: Madrilgo Goi Errendimendu Zentroan. Uretara sartu, eta berehala ontzia zanbuluka hasi zitzaion: «Oreka falta nuela igarri nuen». Lehen hamar paladak eman zituenean, ordea, kito. Gozamena. «Ordu erdi arraunean neraman, eta, nekatuta nengoen arren, gehiago aritu nahi nuen. Ume txiki baten pare aritu nintzen».

Joan den astetik, Orioko Arraunetxetik uretaratzen da Lazkano, Piraguismoko Teknifikazio Zentroa ere bada eta. «Oraindik ezin gara barrura sartu. Piraguak uzteko baimena dugu soilik». Egin dituen entrenamenduetan ohartu da indarra ez duela galdu, itxialdiak iraun bitartean simulatzailean «intentsitate handiz» ibili baita. «Sasoia apur bat galdu dut, baina ez asko».

Lehiatzeko irrikaz dagoela aitortu duen arren, badaki denboraldi honetako egutegia «aldakorra» izango dela. «Udazken aldean nazioarteko txapelketa bat jokatzeko zain nago, ea posible den». Hori bai, Tokioko Olinpiar Jokoetarako postua eskuratzeko proba du ortzimugan. «Gogo handia dut, eta dena ematera joango naiz».

2. AXI MUNIAIN Surflaria

«Magikoa izan zen; orain, bai, nire etxean nago»

Bitxia bada ere, Oria ibaian hartu zuen lehen bainua surf taularekin Axi Muniainek (Zarautz, Gipuzkoa, 1982), Usurbilgo (Gipuzkoa) Aginaga auzoan bizi baita. «Ur azpira sartu nintzenean ikaragarrizko sentsazioa izan nuen; magikoa. Orain, bai, nire etxean nago». Hitz horiekin deskribatu zuen une hura. Isiltasuna zen nagusi. «Ibaian gora, ahateekin bakarrik egin nuen topo. Ez nuen gehiago eskatzen, gizakiok nahiko putreak baikara». Aitortu du hurrengo egunak saihetsetako minez igaro zituela. «Kailua egitea tokatzen zait berriz ere».

Surflariarentzat, ordea, ibaian edo itsasoan aritzea alde handia dago. «Olatuaren bitsik ez zegoen, eta igarri nuen». Alabaina, Aginagatik Zarautzera surf egitera joateko uste baino zailtasun gehiago izan ditu. «Uste nuen inongo arazorik gabe egin ahal izango nintzela, baina ez da horren erraza izan. Ohartu nintzen Espainiako Kirol Kontseiluak jarritako dekretuaren arabera ez naizela sartzen eliteko kirolarien artean. Inozo aurpegia geratu zitzaidan. Ni surfetik bizi naiz, eta horrek bilakatzen du kirola gure ogibide».

Gorabeherak gorabehera, Estatuaren Intereseko Kirolarientzakodekretura atxiki da, eliteko kirolaria dela baieztatzeko. Erakundeekin kritiko azaldu da. «Batetik, Surf Federaziotik kanpo bestelako lorpenak erdiesten ditugunean, ez gaituzte behar beste begiesten. Eta, bestetik, kirol profesionala bermatzen duen dokumentu bat prestatzeko ez dira bustitzen, baina gero txapelarekin argazkirako prest egoten dira».

Udan surf eskola zabaltzerik izango ote duen, horren kezka du Muniainek. «Ekainerako irekitzea espero dugu, baina ez gaude ziur. Nire bizitzan eskolak ekarpen ekonomiko handia egiten dit. Negu luze batetik nator, eta itotzen ari gara». Txapelketei dagokienez, berriz, hasieran ez du lehiatzeko asmorik. «Ilusio handirik ez dit egiten. Lehiaketetako arduradunak enpresa pribatuak dira, eta horren atzean interes asko daude. Dena den, etortzen dena ongi etorria izango da».

3. IÑIGO LLOPIS Igerilaria

«Datozkigun erronken aurrean prestegon nahi dut»

«Abenduaren 24an egongo banintz bezala nengoen; hurrengo eguneko oparia noiz iritsiko zain». Honela azaldu du lehen entrenamendua egin bezperako gaua Iñigo Llopisek (Donostia, 1998). Nahiz eta ez den bere ohiko lekuan entrenatzen ari. «Igerilekuko marrak ikusi beharrean, hondarra ikusten dut; eta bizkarka ibiltzen naizenean, berriz, zerua». Hain zuzen, Donostiako Kontxako hondartzan dabil entrenatzen, igerilekuek itxita segitzen baitute.

Berehala antzeman zituen igerilekuaren eta itsasoaren arteko aldeak Llopisek. «Ura gazia denez, gehiago flotatzen dudala nabaritu dut, eta, kresalaren eraginez, halaber, lepoan urradurak ditut. Halere, paisaiarekin gozatzen ari naiz. Hor dago balantza». Presarik gabe hartu du itzulera. «Lesio ugari izan ditut azkenaldian, eta kontu handiagoarekin ibili behar dut». Dena den, ez dauka zalantzarik kanpoan entrenatuta eguneroko jarduna samurragoa izango dela.

Donostiarrak garbi du hurrengo helburua zein izango den: «Igerilekuak irekitzen dituztenerako sasoirik onenean iristea. Eta gero, datozkigun erronken aurrean prest egon nahi dut». Halere, Paralinpiar Jokoei begi zeharka egiten die so, sailkapena eskuratua baitu. «Prestakuntza ahalik eta ondoena zehazten saiatuko gara, niretzako datarik garrantzitsuena baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.