EPELen Binakako Txapelketako finala

Untoriaren kasu bitxia

Besoko lesio arraro batek gogor jo zuen Alvaro Untoria 2013ko neguan. Proba ugari egin arren, medikuei asko kosta zitzaien iturria aurkitzea, eta atzelaria hondoa jota ibili zen ia urtebetez. Gaitza pilota astintzeko zuen moduan zegoen.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Zintzoa da Alvaro Untoria (Naiara, Espainia, 1990). «Urte osoa pikutara bota nuen», hala onartu zuen berak Irunen (Gipuzkoa), txapelketako lehen faseko azken partida jokatu aurretik BERRIAri emaniko elkarrizketan. Izan ere, duela urtebete jokatu ezinik zegoen, eskuinekobesoari eragiten zion lesio arraro baten sekretuak argitzen. «Etsita zegoen. Zer zen ez genekien, eta horrek eragin zion. Orpazurda hautsi izan balu, esango nion, 'bost hilabete dira', baina zer zen aurkitu arte luze egin zen», esan du Iñigo Simon-ek, Asegarceko medikuak. Garai haietan lehen mailako binakakoaren finala jokatuko zuela pentsatzea utopia bat baino askoz urrunago zegoen. Hau da txapelketaren agerkundearen kasu bitxiaren istorioa.

Untoriari eskua handitu egiten zitzaion partidetan. Likidoak pilatu egiten zitzaizkion ukondotik behera. «Zortzigarren edo bederatzigarren tantoan eskua puztu egiten zitzaion, bota bat bezala jarri arte. Kortxozko eskua zen, ez zuen ezer nabaritzen. Bera urduri zegoen, 'Nola demontre irtengo naiz horrela mila pertsonaren aurrean jokatzera?' Galdetzen zidan. Erantzutea ez zen erraza», azaldu du Joaquin Plazak, prestatzaile fisikoak. Untoriak ere ez du ahaztu. «Kolpetik hasi zen gaitza. Partida ondo hasi, baina apurka puztuz zihoan. Eskua ezin nuen itxi! Pilota ez nuen nabaritzen».

Lesioa unerik txarrenean hasi zitzaion, lehen mailan ate-joka ari zenean. 2013an bigarren mailako hiru finalak eta sanmateoetako torneoa jokatu zituen. Olaizola II.arekin zen aritzekoaLogroñoko ferian, baina Goizuetakoak min hartu zuen. Xalarekin jokatu, eta aurrelariak partida bertan behera utzi zuen. «Horrekjota utzi zuen Alvaro. Eta, orduan, urrian edo, mina hasi zen», azaldu du Plazak. Binakako txapelketan sartzen zuten kinielak isildu egin ziren, eta mediku eta terapeutetara eginiko erromesaldia hasi. «Toki askotara joan ginen, gora eta behera ibili ginen, medikuak, espezialistak... eta ezer ez. Etsita nengoen», aitortu du Untoriak.

Simon ere oroitzen da. «Urtebete dio berak, baina sei bat hilabete izan ziren. Goratzekoa Pedro Garcia masajistak eginiko lana. Kirolari baten lehen lesioa beti izaten da gogorra, eskarmentu kontua da. Pilotari gazte bati lau hilabete pilotan egin gabe pasatu behar dituela esaten badiozu, mundua gainera erortzen zaio, eta Alvarok ez zuen ondo pasatu». Garcia goratu, eta hura mintzo da. «Ezer baino lehen nabarmendu nahiko nuke Pedro Garcia multzo bat garela, eta beste erdia Ana Alvarez fisioterapeuta nafarra dela. Gu Simonekin elkarlanean aritu ginen. Berak nire lana goratu du, baina Alvaro denbora gehiago tratatu nuelako da, eta, horrenbestez, gehiagotan egin nuen kale». Kale bai, baina asmatu ere bai. «Disfuntzio mekaniko batek sorturiko linfaren drainatze arazo bat zen. Edozein pertsonarengan arazoa da, baina pilotari batengan, gehiago, pilotari ematean sortzen den indar zentrifugoa handiagoa delako». Untoriaren antzeko kasuak egon dira pilotan, baina ez hain larriak; Aretxabaleta eta Lasa, besteak beste.

Disfuntzio mekaniko bat

Azalpenak galdera behartu du. Disfuntzio mekanikoa?«Behin, Untoria jokatzen ikusten ari nintzela, aztarna azaleratu zen. Pilota astintzeko modua arraroa zen. Iñigo Simoni deitu, eta esan nion: 'Aurkitu dugu'. Untoriak eskua oso puztuta zeukala bukatu zuen, baina ukondoaren barru aldea landu, eta ondo jarri zen. Ia erotu gintuen txorakeria bat zen! Lesioa eragiten zuen mekanismoa kolpea askatzeko moduan eginiko aldaketa bat zen, uzkurdura larria eragin eta linfaren drainatzea oztopatzen zuena».

Geroztik, gaur egun ia ahaztuta dauka gaitza, «pilotari emateko modua aldatu duelako», gehitu du Garciak. Untoriak bere hitzez azaldu du. «Eskuko min pixka bat nuen, eta puntu hori babesteko, eskua kakotzen nuen. Eskua luzatze horrek ukondora arteko giharra tenkatzen zidan, eta hor sortu zen uzkurdura. Besoko gihar guztiak hartu zizkidan, eta likidoek ezin zuten gora egin». Hilabeteak pasatuta, lasai mintzo da orain. «A zer-nolako lasaitua hartu nuen dena aurkitu zutenean... Hiru aste eskasetan alde ikaragarria sumatu nuen». Gero etorri zen apurka konfiantza hartzea, eta gorakada jokoan.

«Boxeolari bat»

«Untoriari buruz gaizki hitz egingo dizunik ez duzu aurkituko», azaldu du Simonek: «Umila, langilea...».Lore asko bota dizkio haren jarrerari, eta Plazak baieztatu egin ditu. «Min hartuta zegoenean entrenatzen jarraitu zuen, berdin. Gerta zitekeen prestaketa alboratzea, 'Ez badut jokatuko, zertarako?', baino ez». Errioxako ia pilotari guztiak elkarrekin entrenatzen dira, Aspe zein Asegarcekoek, eta, Plazaren ustez, horrek lagundu egin zion. «Bi alde ditu horrek. Ona, argi dago, kideek beti animatzen zaituzte... Duela urtebete Untoria zen, eta orain Merino II.a. Alvarok eskertu zuen babesa. Alde txarra, berriz, ezin zarela zeure kasa ibili, ordu jakin batzuetara egokitu behar duzulako».

Plazak zizelatu du Untoria profesionaletara iritsi zenetik. Haren multzoan Aspeko pilotariak dira nagusi, baina Untoria ere eurekin ari da. Asperekin aurre-kontratua sinatu zuen, baina alboratu egin zuten eta gero Asegarcek eman zion debutatzeko aukera. «Finalerdietan ematen ari den maila ez da ezustekoa. Bai, ordea, lehen ligaxkakoa. Batez ere puntan lehiatu gabe zeraman denborarengatik. Baina, hemen, lan multzoan, pilotariek hauxe esaten zuten: 'Oinatz eta Alvaro finalerdietan sartzen badira, finalean egongo dira'».

Untoria pilotari gogorra da, ez bereziki dotorea, baina bai gogorra. «Kolpeak hartzen dakiten boxeolari horien tankerakoa da», azaldu du prestatzaileak. Simonek honela deskribatu du: «Arnas luzekoa da. Korrika hasi, eta ez da nekatzen. Iraupen lasterkaria. Diesela. Hori bai, esprint motzak pilatuz gero, gehiago kostatzen zaio». Hauspo hori jokatu gabe egon den tartean landu du. «Nik agindu gabe, bere kasa, astean hirutan korrika saio luzeak egin ditu. Pisua galdu nahi zuela esan zidan, eta galdu baino gehiago gorputza eraldatu du. Lanerako grina badu», aitortu du Plazak.

Baina, sasoi onean egoteaz haratago, zein da Untoriaren benetako maila? Plazak ez du esateko arazorik. «Lehen Mailako atzelaria da, baina ez puntakoa. Lehen mailakoen multzoan, baina tropel horretako erdialdetik atzera. Abantailarekin jokatuz». Eta zer landu beharko luke? «Untoria ez da estilista bat. binakakoan kolpea erakutsi du, eta harritu nau, indarka ari delako. Baina oraindik badu lana pilotakada mota aukeratzen: noiz eman, noiz ez, noiz moztu... eta norabidea ematen. Eboluzio teknikoa badu, koska bat gehiago egin dezake gora».

Zubieta, «gustura»

Aitor Zubietak pilotalekuan entrenamendu saioa egin zuen atzo Bilbon, eta «gustura» bukatu zuen, eskuetako arazorik gabe. Pablo Berasaluzerekin aritu zen, eta Jose Angel Balanza Gorostiza Asegarceko teknikariaren begiradapean. Finalaren aurretik egingo duen pilotaleku saio bakarra da, bihar, pilota aukeraketan, pilotakada batzuk joko dituen arren. Iragan larunbatean ere jantzi zituen takoak, baina eskuak berotu baino ez zituen egin, eta ez zuen oinazerik sumatu. Eskuak izan dira Etxarrikoaren buruhauste nagusia, finalerdietako azken partida oso justu zituela jokatu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.