Agoniaren beste atal bat izango ote da? Edo behingoz bolada txarrari bukaera eman eta jarrera zuzena erakutsiko duten partida? Lagun Aro jota dago, nora ezean, denboraldia bukatu eta egindako lan txarra iraganak irents dezan erregutuz. Azken hiru urteetako boladarik txarrena dela eta, krisi hirukoitza dauka taldeak: jokoarena, emaitzena eta nortasunarena. Hiruretan kale, eta itsusi, gainera. Hamasei partidatatik hamalau galdu ditu, eta zaleak haserre daude.
Sei norgehiagoka galdu ditu jarraian, eta tartean, Pablo Lasoren kontratua berritzea erabaki zuen zuzendaritzak. Aspaldi zuen erabakia hartuta, baina ezin txarragoa izan da unea, eta zuzendaritzak mezu pozoindua bidali du: nahi duena erabakitzen duela, emaitzak, jokoa eta zaleen iritziaren gainetik. Eta horrek haserrea handitu du. Ikustekoa izango da zaleen erreakzioa gaur Unicajak Lagun Arori aise irabazten badio.
Ez harritu halako zerbait gertatzen bada, talde baten eta bestearen azken hilabeteko zenbakiak ikusita, mirariaren parekoa baita Lagun Arok gaur Unicaja menderatzea. Lagun Aroren bolada ezin eskasagoarekin alderatuta, Unicaja egurrean ari da azken hilabetean, eta bost partida irabazi ditu jarraian. 16-12ko balantzea dauka, eta, zortzi onenen artean dela, gorantz segitzeko helburu sendoa dauka. Chus Mateok hartu zuen taldeko gidaritza bi hilabete atzera. Kosta egin zaio taldeari neurria hartzea, baina Nedzad Sinanovicen laguntzak eta Jorge Garbajosaren fitxatzeak hauspoa eman diote Malagako taldeari.
«Jokalariak dira errudunak»
Gorka Ramoneda presidenteak adierazpen bitxiak egin zituen komunikabide batean atzo. Taldea finkatutako helburuak betetzen ez dela ari salatu zuen ozen, eta azken txanpan irudia hobetu beharra dagoela. Mezu horrekin batera, Laso proiektua aurrera eramateko entrenatzaile «egokia» dela ere esan zuen Ramonedak, eta argi utzi euren ustez jokalarien lan eskasa dela taldearen emaitza txarren arrazoi bakarra, eta ez entrenatzailea.
Unicajak infernua bihur dezake Illunbe, Lagun Arori aise irabazten badio
Sei partida galdu ditu jarraian Donostiako taldeak, eta bost irabazi segidan Malagakoak (20:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu