Futbola. Munduko Kopa

Unibertsitatean dago sekretua

Ameriketako Estatu Batuetako selekzioko jokalari guztiek jokatuko dute hango unibertsitate mailako futbol ligan. Han jokatzen duten taldeen eguneroko «exijentzia eta lan egiteko modua» talde profesionalen parekoa dela azaldu dute Idoia Agirre jokalariak eta Natalia Astrain entrenatzaileak.

AEBetako jokalariak ereserkia abesten, Txileren aurkako partida jokatu baino lehen. SRDJAN SUKI / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Munduko Kopako final-laurdenetarako sailkatu diren zortzi selekzioetatik zazpi Europakoak dira. Amerikako Estatu Batuak da kontinente horretakoa ez den selekzio bakarra. Europan egun emakumeen futbola izaten ari den gorakada 1990eko hamarkadan bizi izan zen AEBetan, eta horren hazia unibertsitatean jarri zen. Azken hamarkadetan AEBak maila gorenera eraman dituzten jokalariak unibertsitate mailan jokatutakoak dira, tartean egun Jill Ellisen aginduetara daudenak.

AEBetako 1.600 unibertsitatek baino gehiagok dute emakumeen futbol taldea, eta bertan jokatzen duten jokalari gehienek bekaren bat jaso dute. Unibertsitate horien kirol jarduna Title IX legeak arautzen du. 1972an onartu zen lege hori, eta, haren bidez, kirol arloan aukera berak bermatzen zaizkie gizonei eta emakumeei. Besteak beste, unibertsitateak behartzen ditu gizonezkoen eta emakumezkoen kirolera baliabide eta azpiegitura berak eskaintzera: tartean, bekak.

Hain zuzen ere, beka horietako bati esker, bi urte egin zituen AEBetako uniberstite mailan jokatzen Idoia Agirre Eibarreko jokalariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1993): 2015etik 2017ra. Bridgeport eta Anderson unibertsitateetan aritu zen, enpresak kudeatzeko master bat egiten ari zen bitartean. Rise Houston taldeko harrobiko arduraduna da, berriz, Natalia Astrain (Iruñea, 1976). Biek argi dute: «Unibersitatean egiten den lanak zerikusia du AEBak izaten ari diren arrakastan». Futbolarien formakuntzan «funtsezko pausotzat» hartzen dute unibertsitatea, Astrainek azaldu duenez. «Hori tarteko, jokalariak Europan baino beranduago iristen dira goi mailan lehiatzera, baina eskarmentu gehiagorekin, eta ahalmen eta garapen tekniko-taktiko handiagoarekin».

Futbol ikuspegitik, «benetako eskola» da haientzat unibertsitatea. « Jokalarien artean borroka handia izaten da haien joko ikuspegi eta gaitasunetara egokitzen den unibertsitatean sartzeko». Egun hauetan, Astrain bera San Diegon dago, Bigarren Hezkuntzako institutuetako taldeen txapelketa batean. «Erakusleiho deitzen zaio, eta unibertsitate guztietako ordezkariak biltzen dira, etorkizunean beren taldeetan joka dezaketen jokalariak ikuskatzeko».

Hortik harago, haien lan egiteko modua nabarmendu du Agirrek. «Funtzionamendua eta exijentzia talde profesionalen parekoa da». Iritsi eta gehien harritu zuena entrenatzen zuten ordu kopurua izan zen. «Batetik, taldeko entrenamenduak zeuden; baina, bestetik, pertsonalizatuak, jokalari bakoitzak zituen gabeziak edo hobetu beharreko gauzak lantzeko. Lehen entrenamendua 07:30ean izaten zen, gero eskoletara joateko, eta iluntzean ere ohikoa izaten zen beste bat edukitzea. Tartean ikasi egin behar genuen, eta etxeko lanak egin, nota onak ateratzen ez bagenituen edo ikasgairen bat ez bagenuen gainditzen ez zigutelako jokatzen uzten».

Astrainek berretsi du entrenamenduak «oso gogorrak» direla, batez ere fisikoki. «Lanketa hori AEBetako jokalariek duten ahalmen fisikoan ikusten da. Horrek ahalbidetzen die lehien erritmoa kontrolatzea». Horretara ohitzea izan zen Agirreri gehien kostatu zitzaiona. «Partida guztiak hiru hilabetean pilatzen dira. Astean gutxienez bi jokatzen genituen, eta fisikoki bete-betean egon behar zenuen. Izan ere, arauzko denbora berdinketarekin amaituz gero, luzapena egoten da. Gehienez bi egon daitezke, eta, horiek berdinketarekin amaitzen badira, puntu banaketa egoten da. Gogorra izan zen, baina jokalari hobea eta osoagoa egin ninduen esperientzia horrek».

Psikologikoki ere lanketa handia egiten dela azaldu du Astrainek. «Thailandiaren aurkako partidan ikusi zen nolako izaera lehiakorra duten AEBetako jokalariek. Gol bat sartu, eta hurrengoaren bila joan ziren. Nortasun hori unibertsitatean fintzen dute. Denek dakite profesionaletara pausoa emateko unibertsitatean maila altuan aritu behar dutela».

Hori guztia lantzeko «ikaragarrizko baliabideak» dituztela nabarmendu dute biek. «Andersonen, adibidez, bi futbol zelai genituen guretzat. Gimnasioa eta aldagelak ere izugarriak ziren», dio Agirrek. « Talde profesionaletakoetan ez dauden makinak ikusi ditut unibertsitatekoetan», erantsi du Astrainek.

Entrenatzaileak ere «puntakoak» dira. «Guk zazpi edo zortzi genituen, eta bakoitza esparru batez arduratzen zen. Asko kanpotik ekarritakoak ziren», azaldu du Agirrek. Astrainek gehitu du profesionalak direla ia guztiak. «Horri esker, jokalarien prestakuntza hobea da».

Gainera, bide horretan urrats gehiago egiten ari direla azaldu du. «Orain, adibidez, unibertsitateen, talde profesionalen eta selekzioaren arteko elkarlana are handiagoa izatea nahi dute, orain arteko lan egiteko irizpideak sendotzen segitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.