Azken bost denboraldietan Athleticen aritu ondotik, Huescan dabil honetan Xabi Etxeita (Zornotza, Bizkaia, 1987). Utzita dagoen arren, ez du Bilbora itzultzeko aukeran pentsatzen. «Gustura» dago harturiko erabakiarekin; ez hainbeste, ordea, Huesca Lehen Mailan izaten ari den ibiliarekin, azkena baita sailkapenean. Athletic ez dabil urruti, baina, atzelariarentzat, denbora kontua da zuri-gorriek gora egitea. «Konfiantza» eskatu du Berizzorentzat, etaJosu Urrutiak presidente gisa egindako lana ere laudatu du: «Arlo guztietan egin ditu gauzak ondo, eta beti defendatu du Athleticen identitate berezia».
Zer moduz Huesca aldean?
Arlo pertsonalean, gustura. Hasieran, ez da erraza etxean hainbat urte egin eta gero irtetea. Dena da berria: taldea, taldekideak, hiria... Baina oso ondo hartu naute, eta ondo egokitu gara, bai ni, baita familia ere.
Taldeari, ordea, gauzak ez doazkio horren ongi. Ipuruan irabazita eta San Mamesen berdinduta hasi zenuten sasoia, baina, geroztik, ezinean zabiltzate.
Talde honi dena alde atera zitzaion aurreko sasoian, baina gauzak beste modu batez ikusten dituzu bizpahiru partida galtzean. Horrez gain, sumatzen da taldea igo berria dela. Teknikari aldaketa pizgarri izan da, baina emaitzak oraindik ez dira heldu. Dena den, indartsu gaude.
Gaur Alavesen kontra neurtuko dituzue indarrak, Mendizorrotzan. Nolako partida espero duzu?
Norgehiagoka polita eta bizia izango da, seguru. Giro bikaina egongo da Mendizorrotzan, Alaves oso bolada onean dago, eta ziur irabazteko asmoz irtengo dela. Gu ere berdin, hiru puntuen premia handia baitugu. Ez gara atzean sartuko.
Teorian, zuen aurkari zuzena izan beharko luke Alavesek, baina uneon sailkapenaren goiko aldean dago. Harritu al zaitu horrek?
Bai, sasoi hasieran gurekin lehian ariko zirela uste genuen, baina lortu duten puntu mordoaren ostean, zaila izango zaigu haiek harrapatzea. Konfiantzak eta boladak garrantzi handia dute. Une onak baliatzen jakin behar da futbolean, eta Alavesek asmatu egin du.
Zer nabarmenduko zenuke Abelardoren taldeaz?
Talde oso lehiakorra da. Oso ondo dakite zertara jokatzen duten. Konfiantza itzela dute beren defentsako lanean, eta, aurrean, arriskutsuak dira kontraerasoetan, kalitatezko jokalariak baitituzte. Alegia: talde oso orekatua da.
Eta nola egin ahal zaio min?
Ez da erraza izango. Haiek jokoaren ia alderdi guztiak menperatzen dituzte. Getaferen tankerako talde bat dela esan daiteke. Ez dizu bere zelaian eroso jokatzen uzten, eta zaila izango da presioari aurre egitea. Edonola ere, guk jokalari onak ditugu aurrealdean, eta gure aukerak izango ditugu.
Giharretako arazoekin zabiltza. Gaur jokatzeko moduan izango al zara?
Ez dakit. Azkenera arte itxarongo dut, baina zaila izango da, minez bainabil.
Zortzi partida jokatu dituzu orain arte. Beraz, ondo atera zaizu Athleticetik ateratzeko apustua, ala?
Nire lehen asmoa jokatzeko aukera izatea zen, eta Huescan nire tokia egin dut. Alde horretatik, gustura nago.
Utzita irten zinen udaran, baina bukatutzat eman duzu Athleticeko aroa?
Utzita atera arren, kontratua bukatzen zait sasoi amaieran, eta jende asko dago nire postuan. Beraz, ez dut itzulera posible batean pentsatzen. Orain, gogoa Huescan dut bakarrik.
Athletic ere larri dabil. Nola ikusten duzu zuk?
Athleticekkalitate handiko jokalariak ditu, eta ziur nago gora egingo duela. Joko aldetik ondo hasi zen, baina Berizzok irudia aldatu du azken partidetan, sendotasun handiagoaren bila. Oraindik estiloa aurkitzeko fasean dago. Berizzori konfiantza eman behar zaio. Bat dator klubaren ezaugarriekin, eta ziur naiz egoera onbideratuko duela.
Josu Urrutia ez da aurkeztuko presidentea aukeratzeko abenduaren 27an egingo diren hauteskundeetara. Nola laburtuko zenuke hark zortzi urte hauetan egindako lana?
Esparru guztietan egin ditu gauzak ondo, eta ez hori bakarrik: Athleticen identitate berezia beti defendatu izan du. Une oro garbi erakutsi du berarentzat zer den Athletic, eta denok bide beretik joatea lortu du.
Xabi Etxeita. Huescako jokalaria
«Une onak baliatzen jakin behar da futbolean, eta Alavesek asmatu egin du»
Alaves eta Huesca aurrez aurre izango dira gaur Mendizorrotzan, eta partida «polita eta bizia» espero du Etxeitak. Arabarren «oreka» goraipatu du. Minez dago, eta «zail» ikusten du jokatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu