Aro aldaketa izango du aurten Urdaibai arraun elkarteak. Hainbat arraunlari joan dira; horietako bat, Alain Colunga (Barakaldo, Bizkaia, 1987), klubean urte gehien zeramatzan arraunlarietako bat. Hamabost urte egin ditu Bou Bizkaia-n, eta arrauna uztea erabaki du. Modu «naturalean» iritsi dela dioen arren, pena ere badaukala onartu du. Lantalde bat baino gehiago utzi du atzean.
Noiz eta nola hartu zenuen arrauna uzteko erabakia?
Erabakia ez da izan nire nahiagatik, baizik eta nire egoeragatik. Nahiko modu naturalean iritsi da erabakia. Azken finean, gauza asko iritsi zaizkit une berean; beste herri batera joan naiz bizitzera, guraso izan gara, lana aldatu dut… eta horrek denak ezintasuna sortu dit arraunean egiteko, denbora aldetik. Oraintxe, arrauna ez dago nire lehentasunen artean. Aurreikusten nuen zerbait zen, nahiz eta ez nekien ziurra izango zen, eta horri bueltak ematen egon naiz denboraldian zehar.
Askok badakite noiz erretiratuko diren, eta, azken denboraldian, buruan izaten dute azken estropada, azken Kontxa, azken bandera… zure azken denboraldia desberdina izan da.
Arraun munduan askotan gertatzen da esatea: «oso nekatuta nago, eta atsedena behar dut». Niri, berriz, ez zait hori inoiz gertatu. Datorren urtean arrauna utzi beharraren lanketa hori denboraldian zehar egin nahi nuen, ez behin amaitutakoan. Bestela, urrian edo azaroan beste txip bat daukazu, eta gogotsu zaude itzultzeko. Horregatik, lanketa hori aurretik egin nuen, neure baitan aukera hori egon zitekeela jakinda. Neure buruak egoera hori nola onartuko zuen ikusi nahi nuen, eta uste baino hobeto jasan dudala esango nuke. Pena bai, baina naturalki sentitu dut arrauna uzteko unea izan zitekeela.
Betirako utziko duzu arrauna?
Ez naiz gai esateko ez naizela inoiz arraun egitera itzuliko, ez dudalako inoiz arrauna utzi. Hori da arrazoi bakarra. 11 urterekin hasi nintzen arraunean, eta ordutik arrauna nire egunerokotasunaren parte izan da. Nire asmoa da betirako uztea, eta beste etapa bat hastea.
Urdaibai lanean hasia da. Arraroa egingo zaizu bertan ez egotea, ezta?
Arraroa da, bai. Orain arte geldirik egon da arrauna, baina orain hasten da asimilatzeko garaia, behin talde guztiak entrenatzen hasten direnean. Badakit dolua hau pasatu behar dudala, eta ez da hilabete bateko kontu bat izango. Nik neuk, hamabost urte egin ditut Bermeon, beti traineru eta toki berean. Orain, lanean hasi dira, eta irudietan zeure burua ez ikustea arraroa da. Baina prozesu baten parte da hori ere.
Hamabost urte egin dituzu Bermeon. Dena irabazi duzu bertan. Zer izan da zuretzat Urdaibai?
Lehen hamabost urte egin ditudala esan dizut, eta esan dizut orain badakidalako hala izan dela. Baina niri oso motza egin zait denbora hori guztia. Oso azkar pasatu da dena. Oso gazte joan nintzen Bermeora; proiektu berri bat zeukaten, eta ia talde guztia zen aldatzekoa. Aspirazio handiak zituzten, eta horregatik joan nintzen ni. Pixkanaka-pixkanaka Bermeo herriak bereganatu egin ninduen. Oso ondo tratatu naute beti, eta oso gustura egon naiz bertan. Hainbeste urtean taldearekiko eta herriarekiko sentimendua sortzen da, eta oso zaila da bertatik joatea.
Azken urteetan talde handirik egon bada, hori Urdaibai izan da.
Bai, eta hor nabarmendu behar da ontzi horrek irabazteko gosea izan duela. Urteetan horixe nabarmentzen da gehien. Taldeko giroa izugarria izan da beti, eta helburu bera geneukan denek: «Gu denak hemen gelditzen bagara, Bermeo lehen postuetan egotea lortuko dugu». Neuri, arrauna lehia moduan gustatzen zait, irabazteko grinarekin. Eta Bermeon beti egon nahi izan dugu ohorezko txandan, eta bagenekien gure taldetxoa mantentzea hori lortzeko urrats handia zela. Horrela izan da Bermeoren eboluzioa.
«Datorren urtean arrauna utzi beharraren lanketa hori denboraldian zehar egin nahi nuen, ez behin amaitutakoan»
Taldekideak baino gehiago izan dira horietako asko, ezta?
Batzuek urte asko egin ditugu bertan, bai; beste batzuek joan eta etorri egin dute. Baina ordu asko igarotzen ditugu elkarrekin, eta, lagunekin ez bezala, egoera berean gaude denok. Arraunlari guztiek sufritzen dugu; denek dakigu zer den goi mailako lehia, zer den entrenamenduetatik kanpo zure gorputza zaintzea. Eta hori dena oso modu trinkoan bizitzen da. Gure bizitza pertsonalean, baina denek daramagu bizitza paralelo bera; eta horrek asko batu izan gaitu.
Zail da azken urteetako Urdaibai ulertzen Iker Zabala aipatu gabe. Taldekide izan zenuen urte luzez, eta entrenatzaile azken urteetan.
Zabala erreferente bat izan da beti. Asko ikasi dut berarekin, arraunlaria zenean zein entrenatzaile izan denean. Arraunak nola funtzionatzen duen irakatsi dit, oso argi dauka arraunak kirol gisa eta lehiaketa gisa nola funtzionatzen duen. Baina horren denaren gainetik, laguna ere bada. Asko diot eskertzeko Ikerri.
Arraunlari askok ezer irabazi gabe uzten du arrauna. Zu pribilegiatua sentitzen zara?
Bai, noski. Baina ez hainbeste arrauna utzitakoan. Arraunean unean unekoa bizitzea gustatu izan zait niri, eta, nire maila jaitsiko balitz, orduantxe utziko nuke lehia. Irabazitakoa hor dago, bai, baina nik ez diot garrantzi handirik ematen. Arraunak oso une onak eman dizkit, baina orokorrean, ez garaipenek soilik. Egia da lanean jarraitzeko edo motibatuta egoteko irabazteko lehian egotea behar izan dudala beti. Alor horretan, bai, zorte handiko pertsona bat izan naiz nire kirol ibilbidean.
Geroz eta beterano gehiago daude Eusko Label ligako ontzietan. Hori ez da albiste ona, ezta?
Ez da albiste ona, ez. Oso gai zabala da, eta nirea oso ikuspuntu txikia, Bermeon mugitu naizelako bakarrik. Baina argi ikusten da jendea falta dela. Askotan esan izan da gazteek ez daukatela mailarik, baina hori gertatzen da gazte gehiago falta direlako. Zaharragoak garenok tripulazioan jarraitzearen arrazoi nagusia da gure lana hobetuko duen gazterik ez dagoela, eta hori hala da. Niri pena handia ematen dit horrek; beti pentsatu izan dut gazteek gauzak oso zail jarriko zizkigutela, eta arrauna utzi dut eta ez dut halakorik sentitu. Baina esan dizut, nik horrek ikuspegi txikia dut, eta agian ez du arraun egoera guztia irudikatzen.
«Nik argi daukat arraunaren inguruan hausnarketa bat egin beharra dagoela, eta erabakiak hartu behar direla arrauna gazteentzat erakargarria izan dadin, baina bidea ez da arraunlariei mugak jartzea»
Harrobiko arraunlarien legea ere indarrean jarriko da aurten. Zure ustez, positiboa izan daiteke arraunarentzat?
Nik argi daukat arraunaren inguruan hausnarketa bat egin beharra dagoela, eta erabakiak hartu behar direla arrauna gazteentzat erakargarria izan dadin. Baina denek hartu behar dute parte bertan: klubek, erakunde publikoek… Eta hartu diren azken erabakiak arraunlariekiko hartu dira; alegia, arraun egin nahi duen arraunlariari mugak jartzen dizkiote. Uste dut harrobia lantzen duten taldeak saritu behar direla, eta harrobia sustatu beharra dago erabiltzen ez dutenek erabil dezaten. Baina bidea ez da arraunlariei mugak jartzea klub batek harrobiko arraunlari gehiago izan ditzan. Gainera, harrobiko izatea zer den argitu beharra dagoela iruditzen zait. Harrobiko arraunlari bat izatearen definizioari buelta bat eman behar diotela uste dut.
Oso gazte hasi zinen arraunean. Zer kendu dizu arraunak urte hauetan guztietan?
Ez naiz inoiz egon arraunik gabe, eta ez dakit zer kendu didan! (barrez). Baina arraunak daukan gogorrena da entrenamendutik kanpo kentzen dizuna. Errutina, zaindu beharra, nekatuta egotea, gosea izatea… Bikotekidearekin, lagunekin edo familiarekin izan nezakeen denbora ere kentzen du arraunak. Sufrimendu handiarekin edo txikiarekin, baina nik nahi dudan bizitza egin dut, nik erabakitakoa. Baina egia da, nik erabakitzen dudan bizitzak nire ingurukoei eragiten diola. Eta nik arraunean jarraitzeko inguruak ere onartu egin behar du. Horregatik, oso eskertuta nago haiekin.
Ondarroarra izanda, arantzarik gelditu zaizu Ondarroarekin goi mailan aritu ez zarelako?
Beti izan dut aukera hori buruan. Hasierako urteetan gehiago, akaso, baina amaieran argi neukan Ondarroara joateko lehenik Bermeo utzi behar nuela; eta dena ezin da. Urdaibairi ezin izan diot inoiz ezetz esan, eta, horregatik, hori ere modu naturalean gertatu da. Bermeon beste egoera bat izango banu, agian gerta zitekeen. Gustatu? Asko gustatuko litzaidake. Baina dena ezin da, eta horrela gertatu da.