Une erabakigarrian, hobeak

Urrizak eta Larrañagak 40-37 irabazi diete binakako finalean Matxin III.ari eta Barrenetxeari IV.ari

Urriza eta Larrañaga, finala amaitu berritan, garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Finalak unerik erabakigarrienean hobeto daudenek irabazi ohi dituzte. Hobeak izatea ez da nahikoa izaten askotan, momentu garrantzitsuetan huts eginez gero. Une inportante horiek jokatzen jakin behar da. Orduan azaldu ohi dira txapeldun handiak. Atzo, Erremonteko Binakako Txapelketako finalean, hala gertatu zen. Javi Urriza ez zen bere partidarik onena jokatzen ari, baina agertu behar zuenean agertu zen. Zortzi tanto atzetik egon eta gero, neurketari buelta eman, eta Larrañagarekin batera 40-37 irabazi zieten Matxin III.ari eta Barrenetxea IV.ari. Txapela,horrenbestez, haientzat izan zen. Bosgarrena izan zuen Urrizak, eta lehenengoa Larrañagak.

Emozioa izan zuen finalak, batez ere azken txanpan. Baina hasi, hotz hasi zen. Finalaren fokua Urrizarengan zegoen. Pilota aukeraketan argi geratu zen hori. Izan ere, hura jokoan ez sartzeko, pilota biziak aukeratu zituzten Matxinek eta Barrenetxeak. Motelak, berriz, Urrizak berak eta Larrañagak, finala aurreko koadroetan erabakitzeko.

Asmatu ezinik eta kontrakarrean hasi zuen lehia Urrizak, eta hori nabaritu egin zen. Matxin eta Barrenetxea 4-0 jarri ziren aurretik, eta gero 6-1. Lehen tantoak baino ez ziren, eta, 40 tantoko partida batean, are gehiago finala izanda, lan asko zuten aurretik lau erremontistek.

Hori jakinda, pixkanaka joan ziren erritmoa hartuz eta lehen tantoetan egindako hutsak alde batera uzten. Partidaren hastapenean Matxin izan zen onena. Finalerdietan baino askoz pazientzia eta lasaitasun handiagoekin aritu zen aurreko koadroetan, eta, atzean, Larrañaga baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen Barrenetxeak, ohikoa duen joa azalduz.

Baina ez zuten finala hausten asmatu, eta Urriza eta Larrañaga gerturatuz joan ziren. Aparteko distirarik gabe, baina eraginkor jokatuz. Bederatzira, hamarrera eta hamaikara berdindu ostean, aurretik jartzea lortu zuten, gainera: 11-10. Baina gutxi iraun zien abantailak, berriro ere galtzaileen jokorik hoberena agertu baitzen, eta hurrengo tantoetan nagusi izan ziren.

27-20koarekin, bazirudien Matxinek eta Barrenetxeak ondo bideratuta zutela finala, eta oraingoan lortutako abantaila erabakigarria izango zela. Baina bigarrenean ere ezin eutsi errentari. Pilotaz aldatu, eta Urriza jokoan sartuz joan zen, eta Larrañaga hobeto sakatuz.

Horri esker, pixkanaka aldea gutxitu zuten. Matxin eta Barrenetxea, berriz, nekea antzematen hasi ziren, eta ez asmatzen. Aurrelariak hiruzpalau pilotakada argi huts egin zituen, eta horrek eman zien modua Urrizari eta Larrañagari une erabakigarrian, azken 10 tantoetan, aurretik jartzeko: 30-31. Hortik aurrera, partida gogortu egin zen dezente, eta final batek izan behar duen osagaia eduki zuen: emozioa. Txanpona baten edo bestearen alde eror zitekeen, zeren Urriza eta Larrañaga hiru tantoz aurretik egon arren (37-33) Matxin eta Barrenetxea ez baitzeuden amore emateko prest.

Pena izan zen, 39-37 zeudela, Larrañagaren pilotakada batek Matxinen orkatilan jo zuela, eta horren erruz aldagelara joan behar izan zuela. Errenka bada ere, frontoira bueltatu zen, baina Urrizak eta Larrañagak azken tantoa egin, eta finala hor amaitu zen.

«Ezin gehiago eskatu»

Pozik eta hunkituta mintzatu zen Larrañaga. «Duela bi hilabete esanez gero, ez nuen sinetsiko txapeldun izango nintzenik. Bosgarren aurrelari bezala sartu nintzen txapelketan, eta irabaztea sekulakoa da, maila handia baitago hemen. Lehen finala izanda, ezin dut gehiago eskatu». Partida honela aztertu zuen. «Hotz hasi gara, baina eusten jakin dugu, eta azken txanpan Urriza oso ondo aritu da. Nik, berriz, argi nuen zein zen nire egitekoa: lan egiteko buzoa jantzi, eta iristen zitzaizkidan pilotetan ez huts egin».

Endika Barrenetxea, haatik, penaz zen. «Gu askoz hobeto hasi gara, baina ez dugu abantaila erabakigarrik lortu. 6-7 tantoko aldea erremontean ez da ezer, eta gutxinaka gerturatzen ari zirela ikusten genuen. Azken tantoetan Xuban [Matxin III.a] nekatzen hasi da, eta nik ere ez dut asmatu, batez ere sakean. Ondo jokatu dugu, eta pena da irabazi ez izana;baita ere finala Matxinek nahigabe jasotako pilotakadarekin amaitu izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.